Futbolariek ordu t’erdi ematen dute egurrean, txirrindulariek lauzpabost ordu… Urretxu eta Zumarragako Zuhaitzaren Soinua txalapartari taldeko kideek, berriz, 25 urte daramatzate dagoeneko egurrean. Mende laurden honetan egindako lanari esker, herritar askok txalaparta jotzen ikasi dute. Gainera, txalaparta bi herrietako ospakizun guztietan entzuten da eta instrumentu hau mundu osoko toki askotan ezagutzera eman dute.
Taldearen sortzaileetako bat Jesus Mari Dominguez Bulli izan zen. Mutikoa zen oraindik txalaparta jotzen hasi zenean. «Juan XXIII.a eskola azpian lokal batzuk zeuden eta hara joateko ohitura genuen. Berek txalaparta bat zuen bere lokalean eta jotzea gustatzen zitzaigun. Zelai Ariztitik entzuten zen eta ilusioa egiten zigun».
Handik urte batzuetara Zuhaitzaren Soinua sortu zuten. «Lazkaoko jai batzuetan txalaparta jotzen egon ginen eta Anjel Pardok eta biok herrian txalaparta bultzatzea erabaki genuen».
Ikastaro bat antolatu zuten eta arrakasta handia izan zuen. «Hasieran UZTAkoekin (talde antimilitarista) lan egin genuen. Ondorengo ikastaroetan beste jende asko etorri zen. Hala, talde bat sortzea erabaki genuen».
Mendiaraz anaiak
Beraien maisuak Mendiaraz anaiak izan ziren eta, hasieran, mendiaraztarrek bezala, txalaparta tradizionala jorratzen zuten. Egun, txalaparta modernoagoa jotzen dute. «Pijo hutsak bihurtu gara», bota du txantxetan. «Musikari bilakatu gara».
Izan ere, urte hauetan guztietan beste musikari askorekin jo dute eta beraiengandik ikasi dute. «Herriko txistulariek, dantzariek… sekulako maila dute. Duela urte batzuk baino askoz hobea. Beraiek hobetzera bultzatu gaituzte. Beraiekin hazi gara. Beraiek izan dira gure maisuak. Lehen edozein modutara joaten ginen beraiekin genituen emanaldietara. Egun pentsaezina da txalaparta afinatu gabe eramatea».
Gainera, txalaparta mundu osoan zehar ezagutzera eman dute: Frantzian, Alemanian, Suitzan, Polonian, Kuban… jo dute. «Txalapartarekin bidaiatzea oso polita da eta beti lagun giro bikaina izan dugu», azaldu du Bulli-k.
Emanaldi gogoangarrienetako bat Antequerako trikuharrietakoa izan zela dio. «Gaur bertan (abuztuak 31), Espainiako Itzuliko etapa han bukatu da. Jorge Pardorekin jo genuen, munduko txirulari onenarekin, trikuharri batean. Pertsonalki, ekitaldi hura gaindiezina iruditu zitzaidan. Herrian ere gauza zoragarriak egin ditugu. Gainera, jende asko ezagutu dugu. Parranda asko egin ditugu», aipatu du.
Hamaika pasadizo gogoratzen ditu. «Makilak askotan ahaztu ditugu etxean. Sevillara bidean, Bergararaino heldu eta etxera itzuli behar izan ginen. Beste behin, kontrol batean gelditu gintuzten eta makilak zertarako ziren galdetu ziguten. Son para pegar a los maderos, erantzun zuen Ulik. Tentsio handiko unea izan zen. Bestalde, garai batean furgonetan lo egiten genuen. Oso hippyak ginen. Oraindik hippyak gara, baina kreditu-txarteldunak. Egun, hoteletan lo egiten dugu», esan du.
Erratzu Goikoko oholak
Furgonetatik hoteletara eta ohol zaharretatik XXI. mendeko txalapartetara. Mota guztietakoak dituzte. Baina kuttunenak garai batekoak dira. «1970eko bi ohol ditugu, Erratzu Goikoa baserrikoek emandakoak. Bata gaztainondo egurra da eta bestea haritz egurra. Gaztainando egurraz egindakoa bikaina zen. Bi altxor txiki dira».
Ez zuen espero, inondik inora ere, egin duten ibilbidea egitea. «Inork 25 urteren buruan kazetarien galderak erantzun beharko nituela eta pregoia irakurriko genuela esan balit, txoratuta zegoela pentsatuko nuen. Lehen esan bezala, gainontzeko kultur taldeetako lagunei esker heldu gara heldu garen tokira. Hori dela eta, udaletxeko ekitaldira gonbidatu ditugu. Izan ere, sari hau bi herriotan kultura bultzatzen dugun guztiona da. Bestalde, omenaldi hau gure amei eskaini nahi diegu».
Omenaldiak asko poztu du, baina etorkizunaz kezkatuta ageri da. «Ekitaldi askotan parte hartzen dugu eta beti berdinok lan egiten dugu. Ez gara profesionalak eta oso nekagarria da. 25. urteurrenak horren inguruan hausnartzeko balio izan digu. Inflexio puntua izatea nahi genuke. Beste batzuek lekukoa hartzea».
Urretxuk eta Zumarragak altxor bat dutela dio. «Txalapartak indar handia du bi herri hauetan eta herritarrak ondare hau zaintzeaz arduratu beharko lirateke. Haserre esnatu garen egun batean uztea erabaki dugulako dena pikutara joatea oso tristea izango litzateke. Gainontzeko kultur taldeetan egoera antzekoa dela uste dut, eta erreleborik ez badago, itsasontzia hondoratu egingo da».