Duela 40 urtez geroztik, urriko lehenengo igandea agendan gorriz markatutako festa eguna da goierritar askorentzat, Gipuzkoako Ikastolen jaia, Kilometroak, ospatzen baita. Batez ere, ikastolek dituzten behar materialei erantzuteko antolatzen bada ere, euskara, euskal hezkuntza eta euskal kulturaren aldeko aldarrikapen eguna izaten da Kilometroak.
Aurtengoa, ohi baino astebete lehenago dator; igandean izango da Oñatin. Bertan, Urretxu-Zumarragak hartuko du hurrengo urteko Kilometroak antolatzeko lekukoa. 15 urte beranduago iritsiko da berriz ere Kilometroak Goierrira.
Arrakasta hasieratik
Urtetik urtera hazten joan den jaia da Kilometroak, euskaltzaleek bere egin baitzuten hasieratik Kilometroak festa. Lehenengo edizioan esate baterako, 12.000 lagun eta 12 milioi pezeta bildu ziren. Batez ere, ahoz ahoko lanarekin lortu zuten ikastolazaleengana eta euskaltzaleena hurbiltzea. Kilometroak jaiaren aita den Josu Erguin beasaindarrak gogoratu duenez, «gure komunikazio tresna Ikastolen Elkartea izan zen. Lau aste izan genituen ahoz aho zabaltzeko». Segura, Loiola eta Herri irratien laguntza ere izan zuten: «Besteak gutaz trufatzen ziren. Deia eta Egin beranduago sortu ziren».
Etorkizunari begira
Gizartea bera asko aldatu da 40 urteotan eta bilakaera handia izan du Kilometroak jaiak ere. Besteak beste, egun bateko festa izatetik, urte osokoa izatera pasa da; milaka eta milaka lagun biltzen dituen festa erraldoia bilakatu da; eta arropa bilduma handia osatzen dute Kilometroen leloarekin. Dena den, 40 urteren ondoren, etorkizunari begira, Ikastolen Elkarteak mahai gainean du «ikastolen jai eredua berrasmatu» behar ote denaren hausnarketa.
Erguinen esanetan, «telebistan esaten dugun bezala, funtzionatzen duen formatuari aldaketa gutxi». Hala ere, gomendio bat egin die Kilome- troen antolatzaileei: «Niretzat Kilometroak produktu bat da, marka bat, eta oso gaizki tratatzen da marka. Hau da, leloa bihurtu da marka, baina marka marka da». Coca Cola edariaren adibidea jarri du bere kritika ulertzeko: «Coca Cola marka da eta ondoren datoz Coca Cola Zero, Coca Cola Light… Kilometroek ere berdina egin beharko luke, jendeak Kilometroak marka ezagutzen du, beraz, Kilometroak Leikaxoka beharko luke». 40 urte atzera egitea proposatzen du, «orokortasuna bilatu genuen izena asmatzerakoan; denerako balio zezakeen izena aurkitu genuen».
Goierrin zazpi aldiz
1977ko urriaren 16an, beasain-lazkao.
Alkartasuna Lizeoak lehen aldiz antolatu zuen Kilometroak jaia. Herria, bailara eta euskal gizartea inplikatzea izan zen helburua, «kilometro bakoitzeko xoxak biltzeko Lizeo berria eraikitzeko».
1985eko urriaren 6an, zumarraga-urretxu-legazpi.
Kilometroak urtero? Euskara egunero! goiburupean antolatu zuten Kilometroak, Urretxu-Zumarraga Ikastolak eta Haztegi Ikastolak.
Bertan bildutako dirua «ikerketa proiektu handi batean» inbertitzeko erabili zuten: «Irakaskuntza sistema berrietan ikertzeko, bereziki, gaztelania ama hizkuntza duten haurrei euskara behar bezala irakasteko».
1993ko urriaren 3an, ordizia.
Geurea maratoia leloa izan zuen Ordiziako Jakintza Ikastolak antolatutako Kilometroak jaiak. Eskolaurrea eraikitzeko dirua biltzea izan zen helburu nagusia, era berean, «euskararen normalkuntza bidean etengabe eta sutsuki aurrera jotzeko kemena, adorea eta borondatea eskainiz».
1994ko urriaren 2an, legazpi.
Haztegi Ikastolak Denok martxan goiburupean, Kilometroek jatorriz izan zuen izpiritura bueltatu nahi izan zuen: «Euskararen normalizazioaren bidea ez da erraza, eta ikastolarena ere ez. Ahalegin bat, neke bat eskatzen du, eta Kilometroak jaiak filosofia horrekin bat egiten du: nekatuta egon arren, beste buelta bat gehiago eman ahal dugu ikastolaren alde». Bildutako diruarekin «Erreformaren aurrean behar duen eguneratzea bermatzen» lagundu nahi izan zuen Haztegi Ikastolak.
2001eko urriaren 7an. beasain.
Andramendi Ikastolak 25. Kilometroak antolatu zuen Garena garela lelopean. Gipuzkoan sortu zen azken ikastola zen Andramendi, eta Kilometroak jaiarekin «bere gain hartutako inbertsioen zama arintzea, bere biziraupena bermatzea eta eskualdean Ikastola-Hezkuntza proiektua zabaltzea» izan zuen helburu.
2002ko urriaren 6an. urretxu-zumarraga.
UZ Ikastolak bigarren aldiz antolatu zuen Kilometroak, Elkarren beharrean leloarekin. Eurotan egin zen lehen Kilometroak izan zen. Ikastolako eraikinetan hainbat inbertsio eta berriztapen egiteko dirua bildu nahi izan zuten.
2003ko urriaren 5ean. lazkao.
Euskrz 2zi ny dt (Euskaraz bizi nahi dut) leloarekin, «egungo hezkuntza proiektuak modu egokian betetzeko espazio faltari» aurre egiteko dirua bildu nahi izan zuen San Benito Ikastolak. 0-2 etaparen espazioaren berrantolaketa, Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari 1.400 metro koadroko alde berria eraikitzea eta DBH-Batxilergoko eraikinean egokitzapenak egitea izan ziren helburuak.
Montse Alkorta Urretxu-Zumarraga Ikastolako zuzendariarekin egindako elkarrizkat irakurtzeko klikatu hemen.
Josu Erguin Kilometroak jaiaren sortzailearekin egindako elkarrizketa irakurtzeko klikatu hemen.