Beasain, Lazkao, Ataun, Segura, Idiazabal, Zegama, Zerain, Mutiloa, Olaberria, Ormaiztegi eta Gabiriako ikasleak hartuko zituen Alkartasuna Lizeoa eraikitzeko diru beharrak bultzatuta sortu zuten Beasainen Kilometroak jaia 1977an, Josu Erguinek (Beasain, 1951) AEB- etatik ekarritako eta proposatutako ideiari forma emanda.
Alkartasuna Lizeoko batzordean Kilometroak antolatzeko zure ideia bota zenuenean nahiko barre egin omen zenuten. Baina zugan sinetsi zuten juntakideek.
Ideia bakarrik ez nuen bota: «Festa horrela egin behar da» ere esan nuen. Enpresa ikuspegia banuen eta horrela proposatu nuen Kilometroak egitea. Izugarrizko zortea izan nuen, nire aurrean enpresariak ziren pertsonak nituelako, eta ulertu zutelako. Juanito Lasa, Jose Joakin Lasa, Martin Ibarbia, Berasategi, Larrea… ziren juntakideak. Barre asko egin zuten, eta konbikzio lan handia egin behar izan nuen haiek konkistatzeko.
Saltzaile ona zara, beraz.
Zein izan zen balorea? Parean izan nituen pertsonak. Ni baino 10 urte zaharragoak zirenak, ni baino sinesgarritasun handiagoa zutenak, proiektua ulertu zutenak, eta sinestu nindutenak. Zergatik sinestu zidaten? Banuelako background-txo bat niregan ordurako. 25 urte nituen. Ikasketak utzi nituen 21 urterekin eta lanean hasi nintzen Estanda Fundizioan. Esportazio buru bihurtu nintzen eta munduan zehar ibili nintzen saltzen. Gero Hineko zuzendari komertziala bihurtu nintzen eta saltzen aritu nintzen.
Ikastolen Elkartera joango zineten ondoren.
Garbi ikusi nuen Kilometroak formatu bat zela, frankizia bat zela. Gipuzkoako Ikastola Elkartera joan ginenean, hori esplikatu genien: hau da dugun ametsa, hau da dugun zoramena, errealitate bihurtzen lagundu eta errealitate bihurtzen badugu, emango dizuegu frankizia bat, zuek urteetan zehar saldu ahal izango duzuena. Zenbatean salduko duzue? Festan ateratzen den diruaren %15a eskatuz. Nori eman? Egoitza berri bat eraikitzera doanari. 100.000 pertsona baino gehiago etorriko zirela, milioiak jasoko genituela esan genien.
Eta, zer esaten zuten?
Burutik jota nengoela. Lehenengo urtean 12 milioi pezeta jaso genituen. Lizeoa egiteko 60 milioi pezeta inguruko aurrekontua genuen. Ikastola Elkarteak 2 milioi jaso zituen.
Ibiltzeagatik dirua lortzea zen festaren gakoa.
Ibilaldi neurtu bat bezala zen, baina berritzailea iruditu zitzaidan, ibiltzearen truke dirua ematea. Ibilaldi neurtuak egiten ohituta geunden, baina Kilometroak ibilaldi neurtu berezia zen. Gune batetik bestera eraman behar zen jendea, eta leku horretan entretenigarriak egongo ziren. Gure garaian jendeari ibiltzea eskatzen genion. Filosofia zen, zenbat eta gehiago ibili, orduan eta gehiago emango diozu ikastolari. Hori oso polita zen; gaur egun galdu egin da. Carrascok egin zituen kilometro gehien, 70etik gora.
Nola antolatu zenuten? Txosnak, eskenatokiak… jarri zenituzten?
Sei hilabetean antolatu genuen dena.Txosnaren bat jarri genuen, baina jatekorik ez; bakoitzak berea eramaten zuen. Gure garaian ez zen ezer erosten; eman egiten zen. Eszenatoki bezala, Senpereko gunean, kamioi bat jarri genuen; han kantatu zuen Mikel Laboak. Askatuak taldeko jokalariak ere etorri ziren. Realeakoak ez ziren etorri partida zeukatelako. Borobila atera zen eguna: ez zuen euririk egin, 12.000 lagun etorri ziren eta 12 milioi pezeta lortu genituen.
Urriko lehenengo igandea aukeratu zenuten.
Bi arrazoi zituen data horrek, bat logikoa eta bestea kapritxozkoa. Logikazkoa, kontzeptu berri bat azaldu behar genuenez, Ikastolan hasi eta lau aste genituen jendeari azaltzeko. Eta kapritxozkoa, berriz, garai hartan urriko lehenengo igandean, Urbian, festa oso abertzale bat egiten zelako, eta haren omenetan jarri genuen.
Zein irudi duzu egun hartaz? Zer nabarmenduko zenuke?
Poza, lagunkidetasuna, jendearen eskuzabaltasuna, denok lanean, ulertzen zuten gutxi gorabehera zer gertatzen ari zen han… 300 pertsona inguru ibili ginen lanean. Izugarria izan zen. Herrietan geratu zen herri harrotasuna izugarria izan zen. Beasainek CAF daukan bezala, Beasainek Kilometroak dauka.
Nola baloratuko zenuke duela 40 urte egin zenutena?
Sormenaren eta eskuzabaltasunaren emaitza izan zen. Sormena, zerbait berria proposatu genuelako. Eta eskuzabaltasuna, eredu paregabea izan ginelako, eskuzabaltasuna zer izan daitekeen erakusteko. Goierri zati horrek festa beretzat hartu beharrean, Ikastolen Elkarteari eman geniolako. Garrantzitsuena izan zen, perspektiba izan genuela, ideia hura guretzat bakarrik ez gordetzeko, eta Ikastolen Elkarteari emateko. Zoritxarrez, talde hari errekonozitu ez zaion gauza da.
Kilometroak egiten. Azken 40 urteetako ikastolen jaien errepasoa irakurtzeko klikatu hemen.