Urretxu-Zumarragako UZ Ikastolak izango du 2018ko Kilometroak jaia antolatzeko ardura. Ez dira berriak lan horretan, 1985ean eta 2002an ere egin baitzuten. Montse Alkorta UZ Ikastolako zuzendariak hiruren antolaketan parte hartuko du.
Aurten Ikastolaren 50. urteurrena ospatzen ari zarete eta datorren urtean, berriz, Kilometroak.
Berriz ere Kilometroak antolatzeko eskaera hiru aldiz egin behar izan dugu. Bigarren aldiz eskatu genuenean, gure itxaropena 50. urteurrena eta Kilometroak lotzea zen. Baina ez zen egokitu horrela; hirugarrenean izan da. 50. urteurrena jendeak oso gogotsu hartu du eta gauza asko egin dira, baina Kilometroak erronka ikaragarria da, eta indarrak gordetzeko esaten nien.
50. urteurrenak girotzeko balio izan al du?
Sarea sortzeko, gurasoen artean beste harreman mota bat sortzeko, lantaldeak sortzeko. Entrenamendu bat izan da. Igandean hartuko dugu lekukoa Oñatin, eta hilaren 30ean ikastolako ikasle ohien bazkarira iritsiko da lekukoa.
2018ko urriaren 7an ospatuko da Kilometroak. Leloa eta logoa, aurreratzerik bai?
Dena eginda dago baina oraindik sekretupean dago. Aurkezpen ofiziala azaroan egingo da.
Nola antolatzen da horrelako ekitaldi bat?
Izua ematen du ardura hori jasotzen duzunean baina oso egituratuta dago. Esleitzen dutenean, kronograma bat bidaltzen dute, esanez zer eta noiz egin behar den; denboran oso ondo zehaztuta dago. Horri jarraituz askoz ere errazagoa da.
2002an ere antolatu zenuten. Ordutik hona Kilometroak asko aldatuta egongo da, ezta?
Aldaketarik handiena lehenengotik bigarrenera nabaritu nuen. 1985ean jai handia zen, baina egunean bakarrik. Arroparen arloan, adibidez, kamiseta txuri bakarra eta txanoak zeuden, oinarrizkoak. Dendarik ez zegoen, eta banaketa ikastoletara egiten zen, eta gero egunean bertan saltzen zen. 2002an, lehendabiziko aldiz, Urretxuk ezagutu zuen Ikastolen Elkarteak izendatutako koordinatzaile bat. Bigarren aldaketa, arropa diseinatzailearena izan zen. Arropa pila bat ateratzen zen eta denda jarri behar zen. Orain, aldaketak ere badaude, baina ez hainbeste. ?Adibidez, zirkuituan aldaketa bat eman da. Lehen esaten zen gutxienez 8 kilometro izan behar zituela jendea sakabanatzeko, segurtasun aldetik. Gaur egun, bost gune jartzen dira.
Ibilbidea pentsatuta daukazue?
Gutxi gorabehera bai, baina ez dago guztiz erabakita. Aukera handirik ere ez daukagu, derrigorrez Urretxutik eta Zumarragatik pasatu beharra daukagulako. Bi herriak zeharkatu behar ditugu, bi herrietako ikastola garelako, bi herrietako ikasleak ditugulako.
Zein helburu izango du 2018ko Kilometroak festak?
Kilometroetan aterako dugun dirua Lehen Hezkuntzako gunea berritzeko erabiliko dugu. Baina beste helburu bat ere badaukagu: bi herri hauetan ikastolaren irudia indartzea. Kilometroak berreskuratu behar den bezala, ikastolak ere agian berreskuratu egin behar dira.
Horrelako jai bat antolatzeko jende asko behar da.
Bai, baina jendea oso gogotsu eta ilusionatuta dago. 2002an modu batean bizi izan zuten askok, eta orain beste toki batetik antolatzea tokatuko zaie; ikasle ziren asko, orain gurasoak dira. Oso indartsu daude, eta hori behar da, urte osoan zehar lan handia egin behar da eta.
Kilometroak egiten. Azken 40 urteetako ikastolen jaien errepasoa irakurtzeko klikatu hemen.