Ion Muñoa
Irailean ziklo berria hasten dugu askok eta askok: ume, ikasle eta irakasleek ikasturte berria; soldatapeko langileek opor osteko lan-aldia; politikariek kurtso politiko berria; irrati-telebistetako kazetariek programazio berria; kirol-taldeek denboraldi berria… Badirudi oporrek dakarten atsedenaldiko muga mentalaren ondoren, gure bizitza berriro hasten dugula, hein batean, irailean. Ziklo berria eta (gutxiegitan) berritua.
Zikloka antolatzen ditugu gizakiok gure ibilerak, denboraren continuum-aren morrontzari aurre egiteko ahalegin betean. Baina ez ote dira artifizialegi ziklo horiek? Ez ote daude naturaren berezko zikloetatik urrunegi? Begira diezaiegun, bestela, garai honetan gure bazterretan beterik ditugun sagarrondoei. Neguan soildu, udaberrian loretu, udan heldu eta udazken hasiera honetan jasotzen ditugun fruta eder horiei. Eta jaso ostean sagardogileek ematen dioten bigarren ziklo natural horri. Horiek bai ziklo naturalak. Horiek bai naturaren erritmoan antolatutakoak!
Baina gizarte industrial eta postindustrial modernoak beste ziklo batzuk sortu-garatu zituen aspalditxo. Horietan jaio eta hazi gara gure belaunaldikook. Baina, tarteka behinik behin, zeinen plazer-eragile den ziklo horietan geldialdia egin eta naturari so egitea. Akaso ez ote da ba munduko gauzarik ederrena hamaika kolore eta formako sagarrez beteta dagoen sagarrondoari begira egotea denbora geratuta?
Eneritz Gorrotxategi
Eskerrak irudimena martxan jartzea norberaren esku dagoen. Gurean behintzat denbora geratzea… ezinezkoa da eta! Badirudi urtea irailean hasten dela bai: asmo eta proiektu berriekin batera, baita bizitzako ziklo nagusienetako bat ere; ikastetxeetarako joan-etorria. Urtarrileko aldapa aipatzen da zenbaitetan, baina irailean ere aldapa latza izan ohi da ezta?
Ziklo artifizial eta naturalak urrutiegi ote dauden diozu. Baina jarriko ote ginateke ados naturaren berezko zikloak zeintzuk liratekeen esaten? Eguraldiari errepara iezaiozu une batez… Ea zein ondoriotara iristen zaren: Urtaro bakoitzak aurreikusitakoarekin betetzen ote du? Ezin ahaztuko dugu noski, honetan ere gizakiak esku-hartu duela naturala artifizialago egiteko.
Gizarte industrial eta postindustrialak beste ziklo batzuk sortu edo garatu dituela diozu, baina ez dakit ez ote den berriak sortzea baino, lehengoak nahastea izan. Gure inguruko zenbait salbu, ikusi besterik ez dago eta, zenbat elementu gehigarri jartzen dizkioten bertako produktu naturalari, gehiago eta hobeto iraun dezan. Nik aukeran nahiago denbora eten dela sentiarazi dizun zuhaitzeko sagar batzuk hartu eta momentuan kosk eginez jan edo zukuan hartu.