Gorka Erostarbe
Ez dakit zer gertatuko den Katalunian igande honetan, Josu auzokide kalegorritarra;?ez dakit hitzok argitaraturik azaltzen direnerako zer gertatu izango den ere. Zer gertatzea nahi nukeen badakit. Izan dezatela kataluniarrek zer izan nahi duten libreki azaltzeko aukera, molde batez edo bestez, orain ez bada berandu baino lehen. Eta porrota opa diet Francoren hezurrak eta gezurrak mausoleo batean gordeta izatea eta milaka galtzailerenak errepide bazterretan izatea legalitatearen barruan ikusten duten horiei.
«Legea berdea bada gizartea beltza da» abesten zuen gure Dut kuttunak. Eta, bai, inondik ere berdea da legea. Aldeak alde, azken egunotako irudiek akordura ekarri didate 2003ko otsail beltz hura. Rambo-oilar berde haiek Martin Ugalde parkean azaldu zirenekoa… eta inoiz eszeptiko edo are kritiko azaldu banaiz ere Kataluniako prozesuan CIU zenak izan duen rolarekin –oraindik ere kosta egiten zait ustelkeriak jandako elitearen itzulinguru taktikoa besterik gabe onartzea–, inoiz baino barne indar ilusionagarrigoz bizi dut Kataluniako jende multzo aski zabal eta anitz horren borondate eraldatzailea eta taldetasun sena.
«Egungo Europa gorotz puska handi bat da» esan berri du Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarrak. Gorotz kiratsa are gehiago zabal ez dadin, ona litzateke kataluniarren subirautza prozesuak elkarbizitzarako beste bide-ereduren bat zabal dezan. Legalitate berdeak eraitsi eta auzotasun kolore-askotakoak lora daitezen.
Josu Aztiria
Ezin optimista izan gorotz puska handi bat den egungo Europak izan dezakeen jarrerarekin, izan ere, Grezian oso ongi ikusi dugu herritarren borondateak zer axola dion bere politika ultraneoliberalen kontra egiten badu.
Kataluniak berari dagokion zorraren zatia txintxo-txintxo ordainduko balu, atlantismoan lerratuko balitz eta bere subiranotasunaren zati bat Europari lagako balio, Europak estatu bezala errekonozitu lezake. Baina hori nola uztartu auzotasun kolore-askotarikoak sortzearekin? Estatu bat sortzea mugarri handi bat da eta beste gizarte-eredu bat sortzeko baldintza juridiko-politiko ahaltsuenak ematen ditu gaur-gaurkoz, baina ez luke azken helburua izan behar, bitarteko bat baizik Estatugintza eta subiranotasuna kontzeptuak iradokitzaileagoak egiten zaizkit niri.
Kataluniaz ari garenez badira txundituta naukaten hiru gako, gurean, oraingoz, urruti ikusten ditudanak: baga, erabakitzeko eskubidea zein txertatuta dagoen herritarren gehiengoaren artean; biga, independentismoaren barruan ezker-eskuin dialektika gogorra egon arren elkarturik mantentzeko duten gaitasuna; eta higa, azken gertakarien aurrean zein modu baketsu, umoretsu eta elegantean erantzuten ari diren.
Aste honetan izan da bestalde Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko independentziari buruzko erreferenduma eta
% 78ko parte hartzea izan omen da, itzela. Gizarte-ereduari dagokionez, Danimarkara edo Finlandiara begira egon nahi dudan arren, prozezu konstituziogilean Katalunia eredu dudan arren, Kurdistanen munizipalismoan, konfederalismoan, ekologismoan eta gutxiengo nazionalen errespetuan garatzen ari diren politikei arreta eskaintzea ez legoke sobera.