Asier Iriondo
Katalunia (Aupa Puigdemont!) eta Txapelketa (Aupa Nerea!). Estatu gazte bat eta jolasa. Eskolarteko bertso txapelketari buruz idazteko aitzakia nahi nuen. Lotura xelebre samar geratu zait, baina, nire lotura da eta maite dut.
Nerea izan zen eskolartekoan kantatu zuen lehenengo legazpiarra. Ibonek eta Julenek ere egin zuten proba eta, azken urteotan, Ane izan dugu ordezkari, aurten arte. Aurki irekiko da izena emateko epea.
Izarok, Oihanek eta Liernik garbi dute ez dutela parte hartu nahi. Antton, Arkaitz eta Igor beste uhin batean daude. Aurrekoan erosi nuen uhin hori atzemateko detektagailua. Ehiza gogorra izango da.
Mikelek eta Jonek ez dute ezetzik esan. 17 urte dituzte eta datorren urtekoa izango lukete parte hartzeko azkeneko aukera. Baiezkoa zein ezezkoa ulergarriak izango dira. Guk nahiko genuke parte hartzea, esperientzia hori bizitzea ona izan daitekeela iruditzen zaigulako. Legazpik ordezkaritza izaten jarraitzea eta gazteen artean erreferenteak sortzea ere ekarriko luke edo ekar lezake Eskolartekoak.
Konturatzen gara, hala ere, nola bizi den, kalterako ere izan daitekeela. 2016ko urtarrilaren 25eko Bat eta Batekoan horretaz hitz egin genuen (atzamarra esaldiaren gainean jarrita, artikulura duzue lotura). Hausnarketa eta erabakia, jakina, eurena da.
Nola jokatu, orduan, Aitor? Zer egingo dugu? Guk nahi dugu eurek nahi izatea, baina nahi eta nahi batzuetan nanai da.
Aitor Calvillo
Nahi hori gure eskuetan ez badago ere, baditut nik hamaika arrazoi aurtengoan ere parte hartzera animatzeko. Eta horietako bat jendaurrean kantatzen trebatzen joateko zein baliagarriak diren eskolarteko txapelketak eurei jakinaraztea litzateke. Gazte hauek jakin beharko lukete, nik adibidez, unibertsitatera joan arte ez nuela inoiz jendaurrean inolako aurkezpenik egiteko aukerarik izan (bertso eskolan ibili izan banintz, sikiera!) eta lehen aldi horretan estutasun handiak pasa nituela, trantzea hitza aipatzen genuen iazko artikulu horretan.
Ordizian Hiri Hezitzailea egitasmoa abian jarri zenetik, ederki baliatu du Goierriko Bertso Eskolak egitasmoak berak eskainitako aukera. Euskara bertso bidez jende gehiagorengana iritsi eta eskolako gazteei plazak eskaintzeko helburuarekin, 14-15 urterekin jendaurrean kantatzen jarri ditugu eskolaumeok. Eta hauek zinez eskertu. Denok pasatzen dugun estutasun hori ahalik eta azkarren pasaz gero, are eta hobeto egingo baitiegu gero aurre bizitzako egoera desberdinei.
Eskolartekoak ere balio du horretarako. Eta kontuan izan dezatela dena ez dela lehiaketa. Ondo pasatzea, lagun berriak ezagutzea, bertaratuen txaloak jasotzea… Hori ez du edozein ekimenek eskaintzen. Beraz, Izaro, Oihane, Lierni, Antton, Arkaitz, Igor, Mikele, Jone… izan %100 afektibo eta bizitako esperientzia ez duzue inoiz ahaztuko!