Kontzertu, antzerki edota beste edozein motatako ikuskizun batera joatean, lehenengo planoan azaltzen den irudiarekin gelditzeko ohitura dago. Musikari, aktore edota eszenatoki gainean agertzen diren pertsonaiei erreparatu ohi zaie une horretan, atzean, itzalean dagoen jende horren guztiaren lanaz oso kontziente izan gabe. Iban Zubeldia (Ordizia, 1983) itzaleko artista dela esan daiteke. Argi teknikaria da eta Berri Txarrak edota Boikot bezalako talde handiekin egin du lan. Urte dezente daramatza Zubeldiak lan horretan eta ondo ezagutzen du argiztapenaren mundua.
Nola hasi zinen argiztapenaren mundu honetan?
Alderantziz egin nuen bidea. Lehenengo ikasketak burutzea izaten da ohikoa, baina nire kasuan ez zen horrela izan. 17 urte nituela, Trikizio taldeari esker ezagutu nuen mundu hau. Nire kuadrillako batek gitarra jotzen zuen Trikizion. Zegamako jai batzuetan, egundoko zaparrada hasi zen eta dena bertan behera gelditzekotan egon ziren. Ni han nengoen eta laguntzen hasi nintzen.
Egun hartan laguntzen ibili ondoren, hurrengo egunean non joko zuten galdetu nien kuadrillakoei. Nafarroan jotzekoak ziren eta joaterik ote nuen galdetu nien. Baietz erantzun zidaten, eta horrela hasi zen guztia. 8-9 urte igaro nituen beraiekin, astebukaeraro argiak jartzen.
Mundu horretan sartu eta ondoren ikasketarik egin al zenuen?
Bai! Indar enpresan ari nintzen lanean une hartan. Kontratu finkoa sinatu eta hilabete batera, baimena eskatu nuen. Lotuta sentitzen nintzen; 24 urte nituen eta ez nintzen pozik sentitzen nire lanarekin. Nire burua handik aurrera fabrikari lotuta ikusteak, sentipen kontrajarriak sortzen zizkidan.
Baimena eskuratu eta An-doainen Irudia eta Soinua ikasketak egin nituen. Erasmus beka ere eskuratu nuen eta Irlandan pasa nuen bolada bat. Talde batekin urte asko pasa ditzakezu hemen, baina gauza berriak ikusi eta ikasteko gogoa nuen, material berriak ukitzeko eta lan egiteko modu desberdinak ezagutzeko.
«Indarren kontratu finkoa egin eta hilabetera baimena eskatu nuen;?hura ez zen nahi nuena»«Kontzertu batean, musikari laguntzea dute helburu. Bai erritmo, bai kolore edota formekin jokatzen da. Teknika asko aplikatu daitezke helburu bat lortzeko»
«Sugestioarekin jokatzen dugu, jendearengan sentipen batzuk sortzeko»
«Jendea gertu duzun sala txikietan izan ditut nire esperientzia onenak»
Denbora bat Irlandan pasa ondoren, zergatik bueltatu zinen Euskal Herrira?
Willis Drumonds Iparraldeko taldearekin nenbilen, Berri Txarrak taldekoek ere deitu zidaten, eta haiekin lan egiteko astebururo bueltatzen nintzen. Horrela ezin nuen jarraitu eta azkenean itzultzea erabaki nuen.
Zein da argiek ikuskizun ba-tean betetzen duten papera?
Kontzertu batean, musikari laguntzea dute helburu. Bai erritmo, bai kolore edota formekin jokatzen da. Teknika asko aplikatu daitezke helburu bat lortzeko. Sugestioarekin asko jokatzen da.
Bestelako ekitaldietan, estrategia publizitarioak sartzen dira tartean. Kasu horietan, psikologiak ere zeresan handia du.
Ez gara konturatzen zein moldagarriak garen.
Teknologiek aurrera egin dute eta argiztapena ere asko aldatu da. Nola egiten zenuten lan lehenengo urte haietan eta nola aldatu da lana?
Lanpara bat piztu eta itzaldu zitekeen edota kolorea jarri zitekeen filtro bidez. Eta horrekin bakarrik asko egin zitekeen.
Ondoren, kolore gehiago sartu zituzten, argiei mugimendu gehiago eman zitzaien, argiak mugitzeko abiadura ere aukeratu daiteke, marrazkiak proiektatu daitezke eta intentsitatea ere aukeratu daiteke, besteak beste. Gauza horiek guztiak kontrolatu ahal izateko ordenagailua erabiltzen dugu. Asko aldatu den mundua da.
Argiztatze lana nola banatzen da?
Eszenatokia hiru dimentsiotako irudi bat bihurtzen dut ordenagailu bidez. Horrela, errealitatean izango dudana birtualki ikusi dezaket eta horrek asko errazten dit lana. Birtualki sortutako eszenatoki horretan dekorazio elementuak eta argiak jar ditzaket. Sortutako eszenatoki birtual horretan programatzen dut guztia. Ondoren, betaurreko birtual batzuei esker, musikaria eszenatokian sartzen dut eta horren gainean diseinatzen da guztia. Ondoren, bizitza errealera eramaten dugu. Egia da gaur egun aurretik egiten dugun lan hori guztia lehen baino handiagoa dela. Baina emaitzak ere lehen baino hobeak dira.
Garai bateko laneguna kamioia kargatzea eta deskargatzea zen. Orain, aldez aurretik aurre produkzio handia egin behar da.
Aldez aurretik joko duten musika ezagutzea garrantzitsua da?
Bai, oso! Komenigarria da abesti bakoitzaren aldaketa noiz datorren ezagutzea. Talde batzuk, gainera, jotzen hasten diren momentura arte ez dute erabakitzen abestien ordena, beraz, hobe da diskografia ongi ezagutzea.
Kanpokoa exotikoagoa edo hobea dela pentsatu ohi dugu. Zein da Euskal Herrian argiztapenean dagoen maila?
Sentsazio hori oso ohikoa da. Kanpoan lanean ibili nintze-nean egia da kanpoan aurreratuago dauden sentsazioa eraman nuela, agian industria horrek hemen baino urte gehiago daramatzalako garatzen. Dena den, Euskal Herrira bueltatu nintzenean, konturatu nintzen ez dugula zertan kanpora begira ibili beharrik.
Aipamen berezia egingo zeniokeen zure argiztapen lan bat?
Esperientzia hoberenak sala txikietan izan ditut. Agian horrelakoak begietara ez dira hain ikusgarriak baina jendearen gertutasuna sentitzen duzu toki horietan eta, dudarik gabe, horiekin gelditzen naiz.
Oraintxe zertan ari zara?
Hurrengo urtera begira ditudan bira batzuk prestatzen ari naiz. Willis Drummonds eta Boikot talde ere jarraitzen dut eta laster Asia aldera ere joango naiz Andorrako talde batekin. Bestalde, astebukaera honetan egingo den Ordiziarrock jaialdian ere laguntzen nabil.