Goierriko arma-dendetan ez da giro egun hauetan. Ehiza denboraldia hasi berria da eta lanez gainezka daude: armak gertu ipini, osagarriak saldu… Goierritarrek zein arma erosten dituzten eta armen mundua asko aldatu den jakiteko, Urretxuko Etxaniz eta Ordiziako Otegi arma-dendetara jotzea da biderik zuzenena.
Goierriko bi denda horietan eskopetak eta errifleak saltzen dituzte. Errifleak ehiza larrirako erabiltzen dira (basurdeak, oreinak, safariak…) eta eskopetak ehiza xeherako. Eskopetek kartutxoak botatzen dituzte eta errifleek balak.
Iñaki Otegik gero eta errifle gehiago saltzen direla dio. «Gero eta uso gutxiago pasatzen dira, eta gero eta basurde gehiago dago. Dirudienez, usoek ibilbidea aldatu dute», dio. Salaberriak ere gero eta errifle gehiago saltzen ditu. «Ehiza larriak gero eta indar handiago du. Izan ere, Gipuzkoan arazo handi bat dugu. Basurdeak baserritarren lurrak hondatzen ari dira eta orkatzak zuhaixkak. Mendia gero eta zikinago dagoenez, gero eta toki gehiago dute ezkutatzeko. Gainpopulazioa dago. Nahiz eta ehizarako epea luzatu duten, oraindik ez da arazoa konpondu. Dena den, oraindik eskopeta gehiago saltzen dira. Lehen errifleak hamarretik bi baziren, orain hamarretik lau».
Italiako eskopetak
Bai Ordizian eta bai Urretxun, Italian egindako armak saltzen dituzte batez ere. «Hemen saltzen diren arma gehienak italiarrak dira: Beretta, Benelli, Franchi, Bettinsoli… Amerikako Estatu Batuetan, Belgikan eta Alemanian egindakoak ere saltzen ditugu», esan du Otegik.
Baina, Euskal Herrian ez al ziren primerako eskopetak egiten? «Krisiarekin, Eibarko bizpahiru enpresa itxi ziren eta gelditzen direnek gama altuko armak egiten dituzte. Beraien bezero nagusiak jekeak dira. Egiten dituzten armen %90 esportatu egiten dituzte».
Salaberria iritzi berekoa da. «Benellik Gasteizen egiten ditu arma batzuk. Browning eta Bergara errifleak ere saltzen ditugu. Azken horiek Bergaran egiten dira eta mundu mailako ospea dute. Baina Euskal Herrian egiten diren arma gehienak oso garestiak dira… Elgoibarko Kemen enpresak 40 bat arma egiten ditu urtean eta bakoitzak 30.000 euro inguru balio du. Jekeek erosten dituzte».
Goierritarrak eskopeta merkeagoekin konformatu behar dira. «800 eta 2.000 euro bitarteko eskopetak saltzen ditugu. Gehienak 1.000-1.500 eurokoak izaten dira. Errifleek antzeko prezioa dute, baina bisorea aparte erosten da eta bisorea arma bera bezain garestia da», azaldu du Otegik.
Kanpoko bezeroak
Goierriko arma-dendetara ez dira goierritarrak bakarrik joaten, kanpoko bezeroak ere badituzte. «Webgunea dugu eta Espainian eta Portugalen ere saltzen dugu. Dendara Sakanako, Bizkaiko eta Gipuzkoa osoko jendea etortzen da. Kanpotarrak erakartzeko, tratu pertsonalizatua, zerbitzu ona eta prezio egokiak eskaini behar dira», dio Otegik. Salaberria iritzi berekoa da. Biek arma konponketa tailerra dute.
Bezeroen sexuari dagokionez, gehienak gizonezkoak dira. «%95 gizonezkoak dira. Gehienak 30 eta 60 bitartekoak dira. Gazteek ez dute dirurik, baina zaletasuna badute. Batez ere herri txikietan: Zaldibian, Zerainen, Zegaman, Idiazabalen, Seguran…», azaldu du Otegik.
Salaberriak Goierri garaian ere zaletasun handia dagoela dio. «Ehiztarien hamarretik bederatzi gizonezkoak dira. Adin guztietako bezeroak ditugu. Zaharrenek 80 bat urte dituzte eta gazteenek 15. Gazteen artean badago zaletasuna. Goierri garaiko herrietan zaletasun handia dago. Nire ustez, hemendik Tolosara bitarteko herri guztietan antzerako zaletasuna dago».