Eneritz Gorrotxategi
Kataluniari begira daramatzagu dagoeneko hainbat aste, hilabete… Eta badirudi oraindik ere albiste ugari iritsiko zaizkigula bertatik. Urriaren lehena mugarri gisa jarrita bazegoen ere, mugarri bat baino gehiago ezarri direla esango nuke. Han sekula ikusi ez diren irudiak etorri zaizkigu, baina zoritxarrez gurean, belaunaldi ezberdinetan ikusi izan ditugunak dira horietako batzuk.
Ikusteke dago Espainiako aginte gorenak zer erabakitzen duen, baina zalantza daukat Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeak ez ote dituen ate asko irekitzen, eta ez ote duten nahi bestetan nahi duten arrazoiarengatik han edo hemen aplikatzeko erabiliko; aplikatzen dutenen ustez, Katalunian ongi ateratzen bazaie, akaso hurrena hemen aplikatu ote dezaketen…
Hala ere, Katalunian mirestekoa da Estatuak emandako pausu oker, anker bakoitzaren ondoren zenbat jende ateratzen den kalera, amorruak, haserreak jota. Kataluniako presidentea, zein Ominum eta ANC-ko presidenteak babestera… baina milaka lagun.
Milaka ez dakit iritsi ote garen baina Goierrin eman dugu pausu bat; joan den astean Kataluniari elkartasuna adierazteaz gain, oraindik ere geure etorkizuna geure esku egon litekeela aldarrikatu dugu eta esango nuke aurrera begira ere gehiagotan aldarrikatu beharko dugula. Poztekoa da hori bai, irrintzika, irribarreka, jauzika, eta belaunaldi ezberdinetako herritarrak, alai iraultza egiten hasteko lehen urratsa eman dugula ikustea.
Ion Muñoa
Eskua ematea sinbolismo handiko ekintza da: elkartasuna, batasuna, adiskidetasuna, elkarlana, etab. irudikatzen ditu. Baita bakea ere! (Elizak aspalditik daki hau). Giza-katea proces-aren hastapenetako mobilizazioen ikur ere bihurtu da. Eta hortaz, logikoa bezain miresgarria da momentu honetan Kataluniako prozesu soberanistarekin elkartasuna adierazteko halako ekintza polita egin izana Goierrin. Katalunia arreta-gune dugularik, era guztietako irakurketa, azterketa eta aurreikuspenak egiten eta entzuten ditugu inguruneetan. Eta Euskal Herriontzat burujabetza gehiago nahi dugunon artean bereziki, Katalunia ispilu desiragarria ere bihurtu da. Mobilizazio eta antolakuntza gaitasuna, kemena, bakezaletasuna, herriak politikariak eta erakundeak bultzatzeko gaitasuna, eta antzeko beste hainbat ezaugarri behin eta berriro entzuten ditugu gure artean. Ez dira ez, gainetik pasatzeko moduko kontuak!Nire ustez, alabaina, badugu ispiluaren lilurakerietan erortzeko arriskua. Kiloz sobera xamar gabiltzanok norbait lerden, sasoiko eta gihartsua ikustean, haren antzera egoteko gutxi falta zaigula pentsatuz, gure burua engainatzearen antzeko zerbait gertatzeko arriskua sumatzen dut. Kataluniatik ikusgarrien diren kontuak guretzat egin ditugu, baina ez dakit ikasgarri direnei buruz nahikoa hausnarketa, eztabaida eta lanketa egiten ari garen. Hor daude gerra ekonomikoari aurre egiteko estrategia, komunikazio espazioen estrategiak, nazioarteratzeko estrategia, intelektualen papera, eztabaida demokratikorako argudiaketak, etab. Tamalez, horiei buruz, nire gusturako, gutxitxo dihardugu. Ispiluaren aurrean zintzoak izan behar dugu, gure azal-zimurtzeak ondo identifikatzeko eta giza-katea alaia bezain eraginkorra egiteko.