Urretxuk harreman berezia du mineralogia eta paleontologia munduarekin. Duela 30 urte sortu zen gaur Urrelur izenez ezagutzen den mineral eta fosilen museoa, eta duela 30 urte egin zen lehen mineralogia eta paleontologia astea. Biak ala biak hazi eta indartu egin dira urteen poderioz, eta osasuntsu eta etorkizunari begira aurre egingo diote urteurren horri.
Nicasio Aguadok erein zuen hazia. Ataunen jaiotakoa baina Urretxun bizi zena, berak sortutako Fundiciones Gabiria enpresa saldu zuenean hartu zuen bildumazaletasuna lantzeko denbora. Zigiluekin hasi zen, baina mineral eta fosilen aldeko apostua egin zuen Martina Goñi emaztearekin batera. Hala, gai horietan oso emankorra den Marokora egindako bidaiek eta Bilboko Plaza Berrian igande goizetan egiten diren truke azokek bilduma handi eta anitza osatzera eraman zuten. Bildumak, ordea, norberaren gozamenerako ez ezik, erakusteko ere badira, eta Aguadok bere mineral eta fosilak erakutsi ere egin zituen Urretxuko Aldaketa aretoan.
Museoaren sorrera
Harrera ona izan zuenez, garai haietan herrian kultur etxe berria egiteko mugimenduak hasita zeudela baliatu eta mineral eta fosilen erakusketa iraunkorra sortzeko proposamena egin zion familiak udalari.
Hala sortu zen Urretxuko mineralen eta fosilen museoa; Aizpurunea kultur etxeko beheko solairuan kokatu zen. Aguado Goñi familiak bildumaren lagapena egin zion udalari, zainketa bere ardurapean gordeta. Urteetara, Nicasio eta Martina zendu zirenean, Jabier eta Coro seme-alabek jaso zuten bildumaren ardura, eta salerosketa adostu zuten udalarekin. Javierrek – lanbidea ere mundu horrekin lotutakoa du– harreman estua mantentzen du museoarekin eta harekin elkartuta doan Mineralogia eta Paleontologia astearekin.
Elkarri lotutako bidea
Izan ere, biek elkarri lotuta egin dute 30 urteko ibilbidea. Urrelur museoa 1987ko otsailean ireki zen, eta mineralogiarekin eta paleontologiarekin lotutako lehen egitaraua urte bereko udazkenean gauzatu zen, Ederrena frontoi zaharrean. «Ikaragarrizko hotza pasatu genuen, eta baliabide urriak genituen», gogoratu du Javier Aguadok, «baina urtetik urtera handitzen joan den interesa sortu genuen herrian, eta gaur alorreko erreferenteetako bat da».
Hainbat eta hainbat erakusketa, salerosketa azoka, hitzaldi, irteera didaktiko… egin dituzte 30 urte hauetan. Aurten ere ez dute hutsik egingo.