Aramarrek gaztaina-jan erraldoia egiten dute urtero San Martin jaietan. 300 kilo inguru erretzen dituzte. Horretarako, lau danbolin erraldoi eta kaxa bat egin zituzten. Xebero Zubeldiak festa honi buruz hitz egin du.
Alboko argazkiko tramankulua ez da futbolin erraldoi bat, aramarrek gaztainak erretzeko prestatu duten tramankulua baizik. Gaztaina-jana jaietako ekitaldi nagusietako bat da. San Martin bezperan, 20:30etik aurrera, 300 kilo inguru erreko dituzte. Biztanleko kilo bat baino gehiago.
Prestaketan herritar askok parte hartzen dute. «Ni gaztainak erosteaz arduratzen naiz. Ondoren, pikatu egiten ditugu eta lehortzen uzten ditugu. Bukatzeko, San Martin bezperan gaztaina-jana egiten dugu», azaldu du Xebero Zubeldia aramarrak.
Galiziako gaztainak erosten dituzte. «Hemengo gaztainak ez dira oso fidagarriak, beti sail txarren bat ateratzen baita. Galiziakoek berme handiagoa eskaintzen dute».
Gaztainak azaro hasieran erosten dituzte eta handik egun batzuetara pikatzeko gelditzen dira. Pikatze ekitaldi hau ere festa bat da dagoeneko. «Egun horretan ere gaztainak erretzen ditugu eta jende asko etortzen da lan egitera», aipatu du. «Bizilagun batzuk urte asko daramatzate pikatze ekitaldi honetan parte hartzen».
Argazkiko lau danbolin erraldoiak eta kaxa egin arte, herritik kanpo erretzen zituzten gaztainak. «Beasaingo Esnaola eta Olano okindegietan erre genituen urte luzetan. Ondoren, Pagosan. Egun, guk erretzen ditugu».
Horretarako, lau danbolin erraldoi eta kutxa bat egin zituzten. «Guk geuk erretzea politagoa dela iruditu zitzaigun eta Legorretako eta Olaberriko gaztaina-janetara joan ginen, nola lan egiten zuten ikustera», gehitu du.
300 kilo erretzea ez da broma. «Batzuetan besteetan baino hezeagoak egoten dira eta probatu egin behar da neurria hartzeko. Pagosan denak batera erretzen ziren eta okerrago ateratzen zen».
Jaietako egitaraua
Azaroak 10, ostirala:
17:00: Haur jolasak.
20:00: Txupinazoa.
20:30: Gaztaina jana.
21:00: Iratzar taldearekin berbena.
Azaroak 11, larunbata:
11:00: Meza Nagusia.
12:00: Hamaiketakoa elkartean.
13:00: Toka txapelketa herrikoia.
15:00-20:00: Puzgarriak frontoian.
16:30: Mus txapelketa.
17:00: Seiko urre txapelketa.
20:00: Bide Batez taldearekin mozorro dantzaldia.
21:30: Bokadillo jana Aramako ostatuan.
23:30: Bide Batez taldearekin dantzaldia.
Azaroak 12, igandea:
11:00: Meza Nagusia.
12:00: Buruhandiak.
12:30: Txakolin dastatzea.
17:00: Gorritiren bigantxak.
19:00: Patata tortilla lehiaketa.
20:00: Festa amaierako suziriak.