Zientzia, teknologia, ingenieritza eta matematikaren alorrean historia egin duten 19 emakume aitzindariren biografiak biltzen ditu ‘Aitzindariak’ erakusketak. Urdaneta, Murumendi eta La Salle ikastetxeek hartu dute parte.
Goiekik, Beasaingo Murumendi eta La Salle, eta Ordiziako Urdaneta ikastetxeekin elkarlanean, proiektu aitzindaria osatu dute: emakume zientzialariak, teknologoak eta asmatzaileak ikusgai egiteko Aitzindariak erakusketa eta bideo sorta osatzea. Honela, mundu mailako garai ezberdinetako zientzia, teknologia, ingenieritza eta matematika arloko hemeretzi emakumeren lana ezagutarazi nahi izan dute, azaroaren 19ra arte, Beasaingo Igartzako jauregian ikusgai egongo den erakusketan.
Hemeretzi emakumeko zerrenda horretatik, dena den, ezezagunak dira gehienentzat, nahiz eta historian zehar egindako lana garrantzitsua izan eta beraien lanean aitzindariak izan. Hauxe da zerrenda osoa: Hipatia, Maria Sklorowska Curie, Patricia Bath, Mary Anning, Evelyn Boyd Granville, Jane Goodall, Barbara Mcklintoc, Jeanne Baret, Mileva Maric, Hedy Lamarr, Gertrude Belle Elion, Mary Anderson, Stephanie Kwolek, Maria Sibylla Merian, Whang Zhenyi, Elizabeth Blackwell, Hertha Marks Ayrton, Karen Horney eta Joan Beauchamp Procter. Lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek hartu dute parte. Erakusketak bi zati ditu: batetik, argibide panelak eta aitzindari horien biografiarekiko txosten bilatzaileak; eta bestetik, Pioneras-Aitzindariak Youtubeko kanala. Liburuxkan ere jasota gelditu da emakume horien biografia.
Bigarren helburua
Proiektu berritzaile honek ere badu bigarren helburu nagusi bat: neskak ere ingeniaritzako eta ikerketarako eremu profesionaletara erakartzea, dagoen genero etena arintzeko. Iker Galparsoro Goiekiko kudeatzaileak aurkezpenean esan zuenez, «kontuan hartu behar da diziplina horiek enplegu aukera interesgarriak dituztela Goierriko eskualdean, industriaren presentzia handia baita».