Mahrez Djatit (Aljeria, 1999) jaiotzez aljeriarra bada ere, hilabete bat zuenetik bizi da Legazpin. Dioenez, aitak lana lortu zuen Legazpin eta horregatik utzi zuten jaioterria. Hala ere, Mahrez Arjelian jaiotzea nahi zuten gurasoek eta hura jaio zen arte itxaron zuten Legazpira etortzeko. Legazpiko Maldan Behera goitibehera taldeko kide da Mahrez, eta denboraldia «sentsazio onekin» amaitu duela dio.
Nondik datorkizu goitibeherekiko zaletasuna?
Haurra nintzenetik bizikletan ibili izan naiz beti, anaiak erakutsita. Abiadurak, bizikleta gaineko akrobaziak… beti erakarri izan nau. Gainera ondo moldatzen naiz. Skatean ere ibiltzen naiz. Goitibeherekiko nire zaletasuna nahikoa berria da. Kuadrillako lagun batek animatu ninduen Maldan Behera taldean izena ematera. Julen Agirreburualde taldeko kidearen lehengusua da, eta bizikletan nola ibiltzen nintzen ikusita, gustuko izango nuela iruditu zitzaion lagunari.
Eta asmatu al zuen?
Bai. Hasieran probatzeko asmotan jarri nintzen beraiekin harremanetan, baina segituan konturatu nintzen gustuko nuela. Lehenengo lasterketa Legazpin jokatu nuen eta hasierako postuetan sailkatu nintzen. Horrek, noski, aurrera jarraitzeko motibazioa eman zidan.
Noiz izan zen hori?
Ez du urtebete ere egingo goitibeheretan hasi nintzela. Hau izan da nire lehendabiziko denboraldia. Julenek asko irakatsi eta lagundu dit honetan.
Nolako goitibehera da zurea?
BMX bizikleta bat da oinarrian. Koadroari buelta eman genion lurretik gertuago egoteko. Horrela parte hartu nuen nire lehendabiziko lasterketan. Gerora hobekuntzak egin dizkiot bizikletari.
Teknika behar al da lasterketak irabazteko?
Bai, bakoitzak bere teknika dauka. Goitibehera bakoitzaren arabera teknika bat edo bestea izan daiteke. Azken batean, oinarrizkoena norberak bere goitibehera ondo ezagutzea eta kontrolatzea da.
Zer ematen dizu goitibeherak?
Goitibeherak adrenalina asko ematen dit, eta lasterketatan lehiakor izatea ere bai. Sentsazio onekin amaitu dut denboraldia, baina istripu handiak ere izan ditut. Dena den, datorren denboraldian berriz parte hartzeko animatuta nago.