Gaur zortzi, abenduaren 1ean ari naiz idatzi hau orrazten, ordurako zirriborratua nuena txukundu eta behin betikoa bihurtu nahian. Bertsolariek bertsoaren bukaera bezala, nik idatzi behar dudanaren hasiera, izenburua, pentsatu behar izaten dut idazten jarriko banaiz. Hori bai, normalean, idatzia bukatzerako izenburua aldatu egiten diot ia-ia beti, oraingoan gertatu zaidan bezala.
Baina ez izenburua bakarrik. Zaila da gero, azkenean zertaz aritu erabakitzea ere!! Aurrena oso seguru nuen oraingoan Ataungo Don Juan Txiki apaizari buruz aritu behar nuela. Berataz dakidan gutxia Izaskun Egiguren Imaz ataundarrak egindako liburu zoragarriaz dakidala aitortu nuke, hori bai: D. Juan Arin Dorronsoro (1892-1972). Ataundar bat bere herriaren iragana arakatzen.
IX. Ataun Aztergai bekaren bidez argitaratu zuen liburua Izaskunek, 2009an. Datorren astean egingo zaion omenaldian, ordea, Don Juan Txikiri buruz gehiago jakiteko aukera dudanez…
Bestalde, lagun batek bota zidan, «bazekiat zertaz arituko haizen», abenduaren 8an nuela leiho honetarako txanda, esan nionean: Bertsolari Txapelketaz!! Beno, idea eman zidan behintzat. Erraza zitzaidan; zutabea aise osatzeko aukera, egia esan. Baina ez dut busti nahi izan zuek guztion aurrean, nire iritzian aurten zeinek behar lukeen txapela buruan esanez. Artikulu hau entregatzerako Barakaldoko zortzikotea osatu dutenak zein diren jakingo dut eta ordura arterako xarma bera izan dezala beste astebetez, zer gertatuko den ezjakinean izateak!
Euskaraldia egitasmoa izango nuela hizpide jo nuen seguru segituan. Oraindik ere noizbehinka begiratzen diot, datorren urteko garai honetarako ekimena babesten dutenen zerrendari: guztiok gaude!! Euskal Herri osoko politika-agintea duten erakundeen ordezkariak eta euskararen biziraupena ziurtatzen duten era guztietako gizarte eragileak elkarrekin, euskararen erabilera suspertzeko ahalegin zintzoan.
Horretan nenbilela, Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiriak Beasaingo CAFekook non kokatu gaituen jakin berri dugu. Euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketan ebaluatzaileek antzeman diguten aurrerabideaz jardun nintekeen. Hori hala gertatzen ari bada, batik bat Euskara Batzordekideen lan eskerga (topikoa irudi balezake ere bi hitz hauen hurrenkerak) nola aitortu ezin asmaturik arituko banintzen ere. Baina gai honek nire iritzi artikulua baino zabalkunde handiagoa merezi duela iruditzen zait, Bikain Ziurtagiria dugun Goierriko erakunde guztien lana ezagutarazteko.
Horiek eta beste hiruzpalau kontu ere banituen erreserban, baina azkenean, leihoz kanpo elurra gozo-gozo nola ari duen begira antzeman dudanean neure burua, «elurra ari du» esalditik «gezurra ari du» hartaz gogoratu eta hortik etorri zait gaurkoaren izenburua.
Durango, gehienontzat ez da salgaiak erosteko azoka bat soilik. Durango, euskaldunon arteko giza harremana da. Munduan –eta Euskal Herrian bertan ere bai– gutxiengoa garen euskaldunok, izan bagarela sentitzeko aukera ere bada. Tribu-aren topaleku nahi bada; bai. Elurraren maiztasun urri samar berarekin bada ere, atsegina zait Durango ari duela antzematea.
Eta aurten, gaurko nire idatzi hau soinean dudala bisitatuko dut gainera: Durangora bidean herriko dendan Goiberri hau jaso eta gainontzeko liburu eta bestelakoen artean, harro-harro etxeratuko dudalako gure aldizkaria. Aurten hala tokatu delako, ze arraio!