Ion Muñoa
Dena dakienik ez dela askotan esan eta entzun izan dugu. Baina onar dezagun: denok daramagu barnean orojakituntxo bat. Komunikabideetako tertuliakideen jakintza-bertute infinituei eta familiako ospakizunetan koinatuengan irudikatzen den jarrera horri buruz dihartut. Beti besteengan proiektatzen dugun horretaz, bakoitzak berak dakienaz bakarrik jarduten duela uste izan ohi dugulako (gutako bakoitzaren barnean dagoen orojakitun txikiak bahiturik baitu autokritikaren ispilua).
Baina zintzoki begiratuz, nork ez darama mediku txiki bat bere baitan? Nork ez darama metereologo txiki bat barruan? Nork ez pedagogo txiki bat? Eta zer esanik ez futbol-entrenatzaile txiki bat, enologo txiki bat edo estratega politiko handi bat. Gure gizarteko eremu gutxi libratzen dira gure baitango orojakitun txiki horien irizpide sendoetatik. Eta bestela ezin zitekeen gisan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ere ez da salbuespena: zein bertsozalek ez darama epailetxo bat edo gai-jartzailetxo bat bere barnean?
Eta ziurrenik horrela izan behar du. Ziurrenik gizakiaren izatearen parte da orojakituntxoa. Hortaz, utziko diozue nire barneko bertsozaleari gauza pare bat esaten: epai irizpideak irakurri mesedez (webgunean erraz aurkitzeko moduan daude) eta gora Aitor Sarriegik Txapelketari egin dion ekarpena!
Eneritz Gorrotxategi
Gizakiaren izatearen parte jotzen duzun orojakituntxo horri nik akaso izena aldatuko nioke: iritzi-emailea deituko nioke. Izan ere gure etxean, auzoan, herrian, gizartean gertatzen den oroz, denok dugu iritzi bat edo beste: osatuagoa edo sinpleagoa, arrazoitua edo hausnartua, baina iritzia. Gertatzen denaz iritzirik ez izatea, ez ote da neurri batean errealitateari ezikusia egin edo ezkutatzen saiatzea?
«Zenbait buru hainbat aburu» dioen esaera zaharra ere nonbaitetik dator eta, beraz, tertuliakideen zein koinatuen arteko iritzi-talka hori nola bideratu jakin behar da: Batzuetan ezkerreko eskuz, besteetan entzuten ikasiz… Ziur nago Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan ere epaileen artean iritzi ezberdinak izango zirela. Hain bapatekoa eta hain momentukoa izaki gainera, iruditzen zait ezin zaizkiola puntuaketa bati zortzi buelta eman.
Parte hartzaile bakoitzak eman dio noski bere kolorea, bere ukitua aurtengoari, Aitor Sarriegik doinu berria plazaratuz kasu. Haize freskoa eramango du finalera, umore puntua beste era batera esanda, baina unea-unean behar den talantea erakutsiz. Edozein errezeta bikain ateratzeko ere, osagaien arteko oreka behar izaten da, eta nik uste dut abenduaren 17an bertsolari bakoitzak emango diola bere ukitua finalari. Baina-ren bat jartzekotan ordea, aukeran jartzen badidazu, nik nahiago nukeen finaleko zortzikotean emakume gehiago baleude.