Jon Ander Martinez pilotu eta Iñaki Elorza kopilotu segurarrak ederki bukatu dute rallysprint denboraldia; 1 Klasean aritzen dira Citroen Saxo autoa gidatzen. Datorren denboraldia buruan dutela, Euskal Herriko rallysprint denboraldiko azkeneko bi lasterketetan lehiatu dira segurrak, Gernikan eta Malerrekan. Lehenengoa ez zuten amaitu, eta bigarrengoan, Doneztebeko (Nafarroa) lasterketa irabazi egin zuten.
Datorren igandean, Beasaingo Erauskingo Igoeran parte hartuko du Martinezek; «Igoeretako probetan kopiloturik gabe aritzen gara», zehaztu du. Dena den, martxoaren lehenengo igandean, Gabiriako rallysprintean dute burua jarrita, denboraldiko lehenengo proban. «Aurten autoa probatzeagatik hasi gara, hurrengo urterako puntuan jartzeko. Datorren urtean denboraldi osoa egiteko asmoa daukagu». Emaitzak ikusita, «ondo jarri dugu itxuraz autoa».
Bi autorekin bat
Goitibeheretan egin zituzten gurpil gaineko lehenengo lasterketak elkarrekin. «Gero Jon Ander rallyetan hasi zen, baina biok batera aritu nahi genuen. Urtebetean autoa hondatuta izan dugu eta aurten Gernikako eta Malerrekako lasterketetan bakarrik parte hartu dugu elkarrekin». Beraiek egokitu dute lasterketetarako autoa, bi autorekin bat eginda: «Iaz kotxe berdina neukan baina kolpea emanda txikitu egin genuen karrozeria. Beste karrozeria bat neukan aparte, kotxe igualarena. Beraz, bi kotxerekin bat egin genuen». Beraiek egiten dituzte konponketak, nahiz eta lanbidez mekanikoak ez izan; «bestela diru asko gastatu behar da. Gastu asko dituen zaletasuna da. Gurpilak, inskrip-zioak, gasolina, hotela…», zehaztu du Martinezek. Gurpilak, gainera, «ez dira kalekoak bezalakoak, bigunagoak dira eta berehala gastatzen dira, hiru-lau karreraro aldatu behar dira, eta garestiagoak dira, beste material batekoak dira», gaineratu du Elorzak.
Pilotua eta kopilotua
Martinez Goizuetako beste kopilutu batekin hasi zen lasterketetan, baina azken aldian Elorza lagunarekin batera dabil. «Orain dela bost urte esaten genuen egunen batean arituko ginela elkarrekin rallyetan eta lortu dugu», nabarmendu dute. «Baneukan gogoa ea Iñaki kopilotu bezala zer moduz ibiltzen zen ikusteko, eta gustura nago», zehaztu du Martinezek. «Nik ere baneukan urduritasuna. Gernikakoa izan zen lehenengo karrera; ez genuen bukatu. Gernika zailenetakoa da, kopilotu batentzat lehenengo karrera izateko, zaila. Bigarren lasterketara ere beldurrarekin joan nintzen baina ondo atera zen», gogoratu du Elorzak.
Emaitzek erakusten dutenez, gainera, komunikazio ona dute elkarren artean, «konfiantza osoa». Lasterketa baino astebete lehenago izaten dute ibilbidean bertan errepideari eta bihurguneei buruzko oharrak hartzeko aukera. Elorza kopilutuaren esanetan, «zati bakoitzetik hiru pasada egiten ditugu oharrak ondo hartzeko. Jon Ander esaten joaten da eta ni apuntatzen, ezkerrera lau, eskuinera 3… Pixkanaka xehetasun gehiago jartzen joaten gara, gustura gelditu arte». Lasterketa egunerako txukun-txukun garbira pasatzen ditu Elorzak oharrak.
Gainerakoan, entrenamendu handirik ezin dezakete egin: «Kotxe horiekin ezin da errepidean ibili, karrera egunean bakarrik ibili daiteke. Karreren aurretik, kotxea ondo dagoela ikusteko, zirkuitura joaten gara kotxea probatzera, Mirandara, Paura edo Burgosera ere bai, gertuenak horiexek daude eta».
Abiadura zaleak dira bi segurar lagunak, baina abiadurak berekin dakar arriskua. Hala ere, segurarrek nabarmendu dutenez, «autoa oso ondo» prestatuta dute. «Beldurrik sekula ez dugu eduki. Segurtasun handia dute autoek, ez da kaleko auto batekin joatea. Barrak dauzka, horretarako dago prestatuta, barketak, kaskoak, gerrikoa eskalatzeko antzeko arnesak dira… Lotu-lotu eginda joaten gara. Estintoreak eramaten ditugu, lepokoa ere bai, buzoa inufugoa da, zapatilak…».
Abiadura biziarekin gozatzen jarraitu nahi dute denbora lu-zean. Seguran auto lasterketaren bat antolatzea dute ametsa. «Baina horretarako diru asko behar da», diote.