Ane Azurmendi Lasa
Konturatzerako iritsiko dira Eguberriak, eta egun horiekin Olentzero. Azken urteetan, Mari Domingirekin batera leku askotan. Nik umetan ez nuen Maridomingiren berririk. Olentzero gizon mozkorti, zarpail eta bakartia zen. Baina, azken hamarkadetan Santa Klausekin fusionatu, eta eredu yankien itxura hartu du. Bide horretan, eta berdintasunaren izenean, Mari Domingi agertu zen, Olentzeroren laguntzaile gisara. Emakumea gizonaren ondoan, bigarren planoan jartzeak ez digu mesederik egiten. Olentzero bera izan daiteke emakume. Edo gizon. Edo Maialen Lujanbiok bertso txapelketan esan duen moduan ez gizon, ez emakume. Horrez gain, Olentzerori ustezko bikotekidea jartzeak Olentzeroren genero marka finkatu du, eta emakumearen bigarrentasuna eta ustezko heterosexualitatea indartu.
Sorreran Olentzero urteko aro bat zen. Eta Nafarroan zein Gipuzkoan izaki gisan agertzen zen; gizonezko nahiz emakumezko izan zitekeen. Leitzan duela 60 bat urtera arte, etxe bakoitzak bere Orantzaroa jartzen zuen balkoian, eta panpina horrek ere ez zuen genero marka finkorik.
Eta iaz Iruñeko kaleetan ohiko emakume jantziekin ikusi nuen Olentzero bat, Duguna dantza taldearena alegia. Eta horrek zer pentsa eman zidan. Benetan berdintasunaren izenean lan egin nahi badugu, eredu hetero patriarkaletik aldendu behar gara. Eta emakumeok hainbeste urtetan kendu diguten protagonismoa exijitu behar dugu. Eta zurekin erabat ados Maider, exijitzeaz gain, hartu egingo dugu.
Maider del Olmo Zubeldia
Zure hitzak irakurrita, arkatza zorroztu eta gutuna idatzi diot delako Orantzarori (gizonezko nahiz emakumezko izan zitekeen Leitzako izakiari). Honelaxe dio: «Kaixo, Orantzaro. Jakingo duzunez, emakumeok, aspaldidanik, nazka-nazka eginda gaude jasaten dugun zapalkuntzaz. Ane eta biok baino zaharragoa zara zu, eta mendeetan luzatu den egoera dela ikusi duzu, bukaerarik gabea. Hamaika aurpegi eta mozorro dituela eredu hetero patriarkalak, eta zuregan ere eragina izan duela azken hamarkadetan. Konturatu al zara zertan bilakatu zaituzten? Bai, eredu yankeen itxura eman dizute, ondoan Mari Domingi izeneko laguntzaile atsegina jarrita. Mozorro bat gehiago. Zuk ikusi zer egin. Mozorroa gustukoa ez baduzu, zuk kendu beharko duzu; izan ere, Leitzan, jada, gero eta gutxiago akordatzen dira zutaz. Nik ez dizut ezer eskatuko, ez zuri, ez Olentzerori, ezta Mari Domingiri ere. Eskean aritzea ez zait oso gustagarria, Gabonetan gurean ohitura izan arren. Aneri ere ez diot bere testua aldatzeko eskatuko, noski; nahiz eta, gauza batean berarekin erabat ados ez egon. Dioenez, emakumeok exijitu egin behar dugu hainbeste urtetan kendu diguten protagonismoa. Bestela esango nuke nik: hartu egin behar dugu nahi dugun lekua, zain egon gabe. Eman, ez baitigute emango. Logika erraza baliatuko dut aurretik esandakoa indartzeko: Orain arte ez badigute eman, zergatik emango digute aurrerantzean?».