Awet Gebremedhin txirrindulari eritrearra bere herrialdeko selekzioarekin etorri zen Europara, Suediara ihes egin zuen eta iaz Euskal Herrira etorri zen. Kuwait-Cartucho.es taldean korrika egiten du, UCI Continental mailan, baina ez du soldatarik. Euskal Herriko lagunek laguntzen diote.
Gebremedhin 1992an jaio zen. Bere haurtzaroa ez zen erraza izan: ura eta janaria faltan zituzten. 12 urterekin hasi zen bizikletan ibiltzen, 15 kilometrora zegoen eskolara joateko. Lehiatzen hasi eta gutxira lasterketak irabazten hasi zen eta selekziora eraman zuten. 2013Ko Munduko Txapelketan parte hartu zuen. Profesionala izan nahi zuenez, kontzentrazioa utzi eta Suedian asilo politikoa eskatu zuen (Suedian eritrear asko daude). Ez zen erabaki ona izan, Suedian ez baitago txirrindularitza zaletasunik. Gainera bi urtetan ezin izan zuen lasterketetan parte hartu, paperik ez zuelako.
Baimenak lortu zituenean berriro lehiatzeari ekin zion, Herbehereetako Ner Group-Marco Polo Cycling taldearekin. Talde honek Euskal Herriko Txirrindulari Egitasmo Solidarioa ekimenaren laguntza eduki zuen. Eritrearrak emaitza onak lortu zituen. Kantabriako Itzulian, adibidez, seigarren sailkatu zen.
Egun, Kuwait-Cartucho.es taldeko kidea da. Ez du soldatarik, baina Euskal Herriko lagunen elkartasunari esker, bere ametsak bizirik dirau. Asier Gurrutxaga tolosarra eta Aratz Imaz idiazabaldarra dira bere aitabitxiak. Bata Txirrindulari Egitasmo Solidarioko boluntarioa zen eta bestea Ner Groupekoa.
Emaitza onak
Errefuxiatuen taldeari esker ezagutu zuten elkar. «Iaz errefuxiatuen taldekoak Idiazabalgo pisu batean egon ziren eta Awetekin oso harreman ona egin genuen. Emaitza onenak berak lortu zituen eta Madrilgo talde batera joateko aukera suertatu zitzaion. Bi entrenamenduren ondoren, afizionatu mailako taldetik profesional mailakora pasatzea erabaki zuten. Bere erronka nagusia Portugalgo Itzulia zen, baina zorte txarra izan zuen: sekulako erorketa izan zuen. Hala ere, 37. sailkatu zen. Madrilgo Itzulian 17. sailkatu zen eta Ordizian 40. postuan. Denboraldi polita osatu du, nahiz eta lasterketa gutxitan parte hartzeko aukera eduki duen».
Errefuxiatuei oztopo asko jartzen dizkiete. «Indonesian eta Iranen korritu behar zuen, baina berandu esan ziguten eta bisatua berandu iritsi zen. Errefuxiatuek bisatua eskatu behar dute. Guk pasaportearekin nahikoa dugu», azaldu dute.
Igotzailea da eta talde txikietako esprintetan ondo moldatzen da. Bere lagunek fede handia dute beragan. «Dohainak ditu eta oso diziplinatua da. Lasterketa bakarra utzi du: Indurainen omenezkoa. Davide Rebellinen zain gelditu zen eta italiarrari lagundu ondoren, lehertu egin zen».
Rebellin, urte askotan munduko txirrindulari onenetako bat izana, bere taldekidea da. «Awet-ek ez zuen ezagutzen. Izan ere, Rebellin Awet jaio zen urtean pasa zen profesional mailara. Hala ere, biak oso ondo moldatzen dira. Rebellinek, ura ematearen truke, babesa agindu zion. Aholku asko eman dizkio. Portugalgo Itzulian logela berean lo egin zuten». Eritrearrak italiarraren aholkuak zintzo jarraitzen ditu. «22:00etarako ohean dago. Oso profesionala da. Urte osoan zehar zaintzen da».
Suediako lizentzia du, bertan eskatu baitzuen asilo politikoa. Eritreako pasaportea lortu nahi du, oztopo gutxiagorekin bidaiatu ahal izateko. Egun Idiazabalen bizi da. Hasieran Aratzekin eta bere neskalagunarekin bizi zen, baina kamera hiperbariko bat alokatu zioten altueran entrenatzera joateko dirurik ez zuelako eta kamera ez zen beraien etxean sartzen. Hala, Aratzen gurasoen etxera joan zen. Emilio Imaz eta Gurutze Baztarrika oso gustura daude berarekin. «Pertsona zoragarria da. Utziko bagenio, etxeko lanak berak egingo lituzke».
Laguntzaileak
Laguntzaile gehiago ere baditu: Ander Altuna entrenatzailea eta Oskarbi, Cartucho.es, Spiuk, Mustang eta Begiristain Optika enpresak. «Anderrek sekulako laguntza eskaini dio. Gauero mezu bat bidaltzen dio, hurrengo egunean egin behar duen lanarekin. Hobekuntza nabaria egin du».
Ez dakite oraindik hurrengo denboraldian zein taldetan arituko den. Bere lagunak Europako ate guztiak jotzen ari dira. «Ea talderen batek fitxatzen duen. Euskal taldeek errefuxiatu bati ateak irekitzea oso polita litzateke. Gainera, bera ere dagoeneko euskalduna da. Eta maila ona du. Gure poltsikotik dirua jarri behar izan dugu, baina esperientzia hau ez dago diruarekin ordaintzerik. Anaia bat irabazi dugu».
Awet-ek eskerrak eman nahi dizkie aipatutako guztiei. Baita Ner Group-Marco Polo taldean parte hartu zuten Arkaitz, Javier, Xabier eta Mikeli ere.