Goierri garaiko artisauek eta artistek Made in Urola azoka egingo dute igandean Zumarragako plazako arkupeetan. Feria bana egiten dute ekainean eta abenduan. 45 bat postu jarriko dituzte, tartean, Ametsa harategiaren saltokia.
Made in Urola kolektiboak izen bereko azoka egingo du etzi Zumarragako plazako arkupeetan. Dagoeneko seigarren feria da. Ekainean Santa Isabel jaien atarian egiten dute urteko lehena eta abenduan, bigarrena, Gabonen aurretik egiten dute. Bigarrena azoka «handiena» dela dio Maider Uli larruarekin lan egiten duen artisau zumarragarrak.
Feria egiteko ideia nola sortu zen galdetuta, artisau zein artista gutxi batzuk elkartu zirenean sortu zela dio. «Feria berera biltzeko aukeraz jardun ginen, izan ere, artisauok eta artistek ez dugu halakoetan bat egiten». Bat egiteko xede horrek Zumarragako kultur etxera eraman zituen eta Goierri garaiko herritarrentzat bailaran sortzen denaren erakusleihoa sortzeko asmoa gorpuzten joan zen. Hala jaio ziren Made in Urola kolektiboa eta feria ere.
Arteak, artisautzak, literaturak eta musikak bat egitea lortu zuten, eta lorpen horren isla da etzi, beste behin, egingo duten feria. «Inguruan lanean ari den jendeari bere lanak erakusteko bultzada eman nahi genion. Azoka hauetan dabilen energia oso berezia da denok elkar ezagutzen dugulako». Uli beste feria askotan ibiltzen da eta halakorik ez dela gertatzen azaldu du: «Gurea ekonomia jasangarriaren isla ere bada, kilometro zeroko sormen lanen erakusleihoa da».
Etzikoa seigarren ekitaldia izango da eta oraindik ere sorpresak bere tokia baduela adierazi du: «Saltokia jarri, eta zertan ari zinen ez zekien jendea etortzen zaizu, artisautzan ari ginenik ez dakitenak».
Made in Urolak Goierri garaiko sortzaileei lehenengo deialdia egin zienean harrituta jaso zuten artisauen zein artisten erantzuna. «Ez genuen horrenbeste jende espero, ezta hainbeste alorretan lanean zegoen jenderik ere».
Ohiko artisauaren soslaia apurtu du kolektiboak, «profesional gisa aritzen den jendea dago eta zaletasun moduan artisautzak egiten dituztenak. Azken hauen lanak kalera atera zein ezagutzera ematea ez da horren erraza eta feria plataforma ona izaten ari da».
Artistak ere bai
Deialdi berean artistak ukitu zituzten. «Hasieran ez zuten uste halako feria batean beraientzat tokirik egon ahal zenik. Guk ere deitu ditugu gerora animatu daitezen. Made in Urola feria espazio ireki bat da».
Hasi zirenetik, gero eta gehiago dira parte hartzen dutenek, «urrunago iristen ari da». Larrua, xaboiak, pitxiak, abanikoak, pintura lanak, ilustrazioa, bitxigintza, arropa, ogia eta galletak, gazta, danbolinak… Eta Ametsa harategiko produktuak ere bai. Ez da batere ohikoa harategi batek artisau eta artelan feria batean parte hartzea, baina Zumarragako harategi horretako Joseba Arratibelek eta Jon Telleriak saltokia jartzea erabaki zuten orain hiru urte eta pozik daude egindako aukerarekin. «Herritarrei egiten ditugun produktuak ezagutzera eman nahi genizkien, guk geuk egindakoak, harategian egiten ditugunak», azaldu du Arratibelek.
Etziko azokara txorizoa, txistorra eta pizzak eramango dituzte. Arratibelek produktu gehiago egiten dituztela dio, «baina hozkailurik ez dugu han eta ezin ditugu eraman». Pintxoak banatzen dituzte eta ferian «oso gustura» parte hartzen dute: «Zalantzarik ez dugu izan eta ferian hasi ginenetik errepikatu egin dugu».
Maider Uliren ustez, feriaren bitartez «sare bat» osatzen ari da: «Badago kanpoan ikasten ari den jendea eta azokan egiten duen hori erakusten duena. Azokak artisau edo artista kideak zertan ari diren jakiteko aukera ematen digu».
Etziko ferian 45 bat saltoki jarriko dituzte: «Oraingoan ez da partaide berririk egongo eta pena hori daukagu, bailarako artisauak eta artistak parte hartzera animatu nahi ditugu».
Musika emanaldiren bat egongo dela aurreikusi du Ulik, «ahal dela zuzenekoa». Oier Fernandez diseinatzaile gaz-teak kartela egin du eta Ramon Sanchez margolariak tailerra egingo du haurrekin aurreko urteetan egin duen antzera.
Feria goizetik eguerdira arte egingo dute plazan. Artisauek nola artistek eskuekin egiten duten lana erakutsiko dute eta salgai ere jarriko dute. Artisautzak eta sormen lanak, denetarik aukeran. Baldintza bakarra bertakoek egindakoak izatea da. Izan ere, feria Goierri garaiko sormenaren erakusleihoa da.