Pazienteen, lankideen eta lagunen gertukoa da Jose Luis Elosegi Agirrezabala medikua (Gabiria, 1965). Baserriko lanaren eskolakoa, herri txikietako harremanen estilokoa. Eta Gipuzkoako medikuntzan kideek asko baloratua. Top Doctors direktorioak Espainiako 50 mediku onenen artean izendatu izanari ez dio batere baliorik eman, «klinika pribatuen kontuak» direla eta. Kontsultako lanaldia bete, familiarekin bazkaldu, eta biharamunera arteko guardia hastera iritsi da Donostia Ospitalera, adeitsu eta gertuko.
Zergatik medikuntza?
Batxilerrean zientzia aldetik joan nintzen, biologia oso gustuko nuen. Bi asmo nituen buruan: albaitaritza, herrian bizi nintzelako; edo hegazkin pilotu izatearen ilusioa, albo batera utzi nuen arren. Oraindik beti buruan edukitzen dut hori. Gero, ikasgaiei begira hasi, eta medikuntza eta albaitaritza berdinak zirela ikusi nuen. Animaliekin partez pertsonekin aritzea interesgarriagoa izango zela, eta hala sartu nintzen.
Karrera gogorra zen?
Ikasle bezala ‘notable’-etakoa nintzen. Medikuntzan, ikasten baduzu, ateratzen duzu; ez dago besterik. Ez da ingeniaritza bezala, burua eta kalkulu gaitasuna behar direna. Karrera erdian soldadutza sartu zen. Milizia egin nuen osasungintza militarrean, armadako aginte-eskaletan; haiengandik pixka bat aprobetxatzeko [barreak]. Akademia Zaragozan, eta praktikak eta lana Madrilgo ospitale militar batean. Horregatik armadako ofiziala naiz, mediku alfereza erreserban.
Mediku tradiziorik ba al zenuen familian? Nolatan bide hori?
Nire aita eta ama baserritarrak dira; frutarekin negozio bat eduki dute, baina lana eginda atera dute dena. Gure etxean denok hori ikasi dugu: lana. Medikuntzan aurretik ez nuen inor. Gustukoena albaitaria nuen, baserrira etorritakoan hizkuntza bera hitz egiten genuena. Andres Goia dentista gabiriar zenak lagundu zidan hasieran. Figura garrantzitsua izan zen niretzat, asko zor diot. Hil zenean ere berarekin egon nintzen.
Medikuntza karrera luzea da.
Karrera 1989an bukatu nuen, eta MIR dator gero, espezialitatea aukeratzea. Lehen urtean ez nintzen sartu. 1996an bukatu nuen erresidentzia.
Barne medikuntza eta zirujia aukeratu zenuen.
Karrerako bigarren kurtsoan nengoela zabaldu zuten Zumarragako Ospitalea. Udan etxean egon ordez, praktikak egiteko aukera ona ikusi nuen, eta Goiak lagundu zidan. Bi uda zirujian egon nintzen. Aspertu egin nintzen, eskualdeko ospital batean errepikakorra delako. Gero, Barne Medikuntzan sartu, eta mundua zabaldu zitzaidan. Medikuntzako liburu irekia da barnekoa, dena ikusten da hor. Zumarragan ikusi nuen zirujia gustatzen zitzaidala; eskuekin abilidadea ere baneukan, txikitatik. Baserrikoa izateagatik izan liteke hori, erremintak maneiatzen badakizulako. Barne medikuntzakoak medizinaren jakintsuak dira, eta zirujauak medizinaren artistak gara.
Herri txikietan ere kontsulta pasatua zara. Zer moduz?
Goierrin herri asko pasatu nituen, ordezkapenak egiten: Arama, Itsasondo, Ataun San Martin, Gabiria noski, Azpeitia aldean Errezil… Ni alde guztietan egoten naiz eroso. Herrietara ez du inork joan nahi mediku, denek ospitalean nahi dute. Desberdinak dira, eta jakin behar da denetan ibiltzen. Gainera, herrietako jendea mila aldiz eskertuagoa da gutako bat, herri txikikoa, bilatzen dutenean; berak ulertzen duen erakoa. Eta horretan ez daukagu arazorik.
«Batxillerrean, bi asmo nituen buruan: albaitari izatea, edo hegazkin pilotu»
«Herri asko pasatu nituen, ordezkapenak egiten: Arama, Itsasondo, Ataun, Gabiria…»
«Medizinan, barne medikuntzakoak jakintsuak dira, eta zirujauak artistak gara»
«Alemanian lana eskaini arren, ez nuen hartu; gure umeak ez ziren euskaldun izango»
Lanean hastea zaila izan zen?
Titulua lortu nuenean, hemen ez zegoen lanik zirujautzan. Beka batekin Alemaniara joan nintzen. Koloproktologiara dedikatutako zentro bat zen: kolona, ondestea eta uzkia. Egunero hiru kirofanotan aritzen ziren, orain egiten dudanean operatzen. Metodika bat hartu nuen. Lana eskaini zidaten, baina ez: gerora, BMWarekin goitik behera etorriko ginen, baina gure hurrengoak jada ez ziren euskaldunak izango. Hona itzuli nintzen, 1997ko udan.
Donostia Ospitale publikoan lanaldi erdian, eta Poliklinikan orain dela sei urtetik ari zara. Zein arazo dira sarrienak?
Arazo arruntenak herniak dira. Aparatu digestibotik kanpora daude, baina beste inork ez ditu tratatzen. Gero, behazuneko arazoak, harriak: ondo jaten dugunoi harriak garatzen zaizkigu. Hurrena heste lodi edo koloneko minbizia, eta ipurdiko patologiak (hausturak, fistulak, zorne poltsak…).
Minbizia, zer kopurutan?
Emakumeetan ohikoena bularrekoa da, gizonetan prostata eta birikakoa, paretsu. Sexuak batuta, ordea, ohikoena kolonekoa da gehiena, heste lodiko minbizia. Asko ikusten da. Nik arlo horretan lan egiten dut. Erresidentzian, ipurtesteko edo ondestekoak urtean 80 bat kasu pasatzen dira komitetik; kolonekoak, 250etik gora. Denak ez dira operatzeko baina.
Gora doa heste lodiko arazoa?
Goraka doanik ez dut uste. Esaten dute urdailekoa jaitsi egin dela. Baina bata bestearekin ikusi behar da. Gertatzen dena da, detekzioa handitu dela, eginkariko odol ezkutuarekin.
Mediku batentzat, zein da benetan sari onena?
Egiten duzun operazioa ondo ateratzea. Estatistikek esaten dute portzentaia bat konplikatuko dela. Gaztetan oso gaizki pasatzen da. Operatu ere beti ez da operatu behar, kontuz. Indikazioa (operatzeko egokia den) oso garrantzitsua da zirujauontzat. Hori ere adinarekin ikasten da. Jendeak uste du operatu eta dena konpontzen dela. Gauza asko bai, baina beste batzuk okertu litezke. Tripa bat birjin dago, eta behin zabaldu duzunean, handik aurrera hasten dira askotan komeriak. Gure belaunaldiko aurrerapen handiena laparoskopia da, zirujia ahalik eta ez-inbasiboena izatea.