Munduan barrena errealitate desberdinak dauden bezala, bizimodu desberdinak ere badaude. Batzuetan, bizi garen errealitate horretara egokitzen dugu gure bizitza, gehienetan esan daiteke. Beste batzuk ordea, beste bizimodu klase bat aukeratzen dute, gertuko edota urrutiko beste herrialde batzuetan bizi dituzten errealitate bortitzekin bereziki sentsibilizatuta agian.Eta hori da, hain zuzen ere, Markel Urretabizkaiaren (Legorreta, 1982) kasua.
Garapen bidean dauden herrialdeetan bizi dituzten errealitatateak hobetze aldera lan egiteko erabakia hartu zuen orain dela urte batzuk Urretabizkaiak. Momentu hartan zuen bizitza erosoari eta edozeinek nahi lituzkeen lan baldintzei ezetza eman, eta Legorretatik Mundura elkartea sortu zuen, bere anaiarekin batera. Hondurasen egin zuen bere lehenengo kooperazio lana eta elkarteak «goitik behera aldatu» duela aitortu du legorretarrak.
Urretabizkaiak berak adierazi bezala, «unibertsitateko ikasketak amaitu eta denbora gutxira, Afrikara kooperante gisa joateko ideia» zebilkion buruan bueltaka. Aspalditik, beraz, bazuen zerbait piztuta barru-barruan. Orain dela bi urte izango zen ordea, pausoa eman zuen unea eta gertuko pertsona baten bidez Acoes gobernuz kanpoko erakundearekin jarri zen harremanetan.
Hondurasen, hango umeei eta orokorrean gizarteari laguntza eskaintzen dion erakundea da Acoes. Gizarte guztiak hezkuntzarako duen eskubidea bultzatzeko lanean ari dira, hain zuzen ere.
Izan ere, Urretabizkaiak berak argitu bezala, Honduras «munduko herrialde txiroenetako bat da, korrupzioa da nagusi eta delikuentzia datuak oso altuak dira». Honduras norako bezala sekula imaginatu ez bazuen ere, Acoes erakundeak egiten duen lanarekin bat egitea erabaki zuen.
La Norako proiektua
Acoes erakundeak hainbat proiektu ditu Honduras osoan sakabanatuta. Urretabizkaiaren lehenengo kooperazio esperientzia Teguzigalpan izan zen, La Nora kolonian hain zuzen. Kontatu duenez, «koloniatan antolatzen dira herritarrak, eta hezkuntza publikorik ez da iristen horietara».
«Hondurasen egin nuen nire lehenego kooperazio lana eta goitik behera aldatu ninduen»
«Beste herrialde batzuetan bizi dutena ezagutzera eman nahi dugu gure elkartetik»
«Legorretak elkartasuna erakutsiko du larunbateko azokan»
Acoesek, haur guztiek hezkuntza jasotzea ziurtatu nahian, ume txikientzako zentroak sortu zituen. Zentro horietan urte batzuk eman ondoren, handik hezkuntza publikora salto egin ahal izango zuten bertatik pasatako ikasleek. Proiektu hori ,ordea, harago joan da urte hauetan, eta nerabeak ere hartzen dituzte orain, Urretabizkaiak esan bezala. Hortaz, Honduras hain herrialde arriskutsua izanik, eskola orduetatik kanpo, haurrak kaleetatik ateratzeko helburuarekin, eskola errefortzua jasotzen dute nerabeek baita ere.
Legorretarra kolaboratzen ari den La Nora kolonia, erreka baten bazterrean ilegalki asentatutako kolonia bat da eta eurite garaian, arazo handiak dituzte uholdeekin. Horregatik, gobernuak ez du kolonia horren existentzia onartzen eta horrek hango biztanleen bizi kalitatean eragin zuzena du.
Hori dela eta, babesgabetasun egoera horri aurre egin nahain lanean ari da legorretarra: «2008an altxatu zuen La Norako eskola Acoesek», kontatu du Urretabizkaiak eta eskola horrek urte osoan zehar dituen gastuak bere gain hartzeko konpromisoa hartu dute Legorretatik Mundura elkartetik.
Horrez gain, beste hainbat proiektu ere aurrera eraman nahi dituzte; «hezkuntza bereziko proiektu bat ere abian jarri nahi» dutela azaldu du Urretabizkaiak. Horrela, behar bereziak dituzten haurren beharrak asetu ahal izango dituzte.
Bestalde, haurrek elikadura egokia eta nahikoa izan dezaten lortu nahi dute. Eskolara doazen haurrek, «eskolan bertan jaten» dutela adierazi du Legorretakoak eta urte osorako otorduak ziurtatuta izatea lortu nahi dute.
Sentsibilizazioa eskolan
Legorretatik Mundura elkar-teak bi helburu nagusi zituen sortu zutenean; «hirugarren munduko hainbat proiektutan laguntzea, bai materialekin, bai boluntariokin, bai diruz». Baina hori bezain garrantzitsua iruditzen zaie «sentsibilizazio lana egitea». Eta bigarren helburu hori betetzeko, Legorretako eskolara jo zuten Urretabizkaia anaiek.
Legorreta eta inguruko herrietan, «munduko beste herrialdeetan bizi dituzten errealitateak ezagutzera eman» nahi dituztela nabarmendu du Urretabizkaiak eta bide horretan «herri eskola toki aproposa iruditu» zitzaiela gehitu du, «herritarren zati garrantzitsu batengana iristeko toki onena» iruditu baitzitzaien. Guraso kopuru handi batengana iristeko aukera zabaltzen zien horrek, baita «eskolako haurrekin lan egiteko modua ere». Izan ere, «kontzientzia txiki-txikitatik eraikitzea hobe» dela uste baitu.
Hori horrela, Legorretako herri eskolari gai honen lanketa egiteko proposamena egin zioten eta lehenengo unetik elkarlanerako asmoa agertu zutenez, halaxe ari dira.
Urretabizkaiak azaldu moduan, «hiru adin tartekin» ari dira lanean eta bakoitzak proiektu bat lantzen du. Egin duten gauzetako bat «La Norako ikasleei gutunak idaztea izan da eta haiek, bueltan, bideo bat egin zuten, hemengo ikasleentzat». Horrekin guztiarekin, bi eskoletako haurren artean harremana sustatzen ari dira.
Elkartasun azoka
Badira urte batzuk Legorretan Elkartasun azoka antolatzen dutela, eta aurtengoa, bihar larunbata egingo dute. Herritarrek etxean dituzten eta behar ez dituzten materialak luzatzen dituzte azokan saltzeko, eta haien salmentarekin eskuratutako diru guztia hirugarren munduko garapen proiektu bati bideratzen diote. Legorretatik Mundura elkarteak La Nora kolonian duen proiektua babesteko bideratuko dute aurtengoa.
Bestalde, azaroaren erdialdean egindako gaztaina festan lortutako 770 euro ere proiektu horrentzako izango da.
Legorreta, «herri parte hartzailea da eta beste behin ere, munduko herrialde txiroenekin elkartasuna erakutsiko» duela uste du Urretabizkaiak. Horregatik, elkartasun azokan parte hartzera dei egiten die herritar guztiei.