Gaur dugu Espainiako Estatuko Gabonetako Loteriaren sariketa. Gaur banatuko dituzte 2.310 milioi euro, eta horietatik mordoxka bat poltsikoratuko ditu hango Altxortegi Publikoak. Askotan aldarrikatu izan dira «ez erosi loteriarik», «ez eman dirua espainiarrei» eta pareko ideiak, baina bestelako irtenbiderik ez dugu izan euskaldunok aurten arte.
Aitzitik, Gabon hauetarako, Tripontzia Urteberriko Saria sortu dute Gure Esku Dagok eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. 5 euroren truke erosi ahal izango dira txartelak Euskal Herriko hainbat herritako saltokietan, eta 2018ko urtarrilaren 15ean egingo da zozketa. Sari nagusia 60.000 eurokoa izango da, eta txartelak salduta lortutako dirua aipatutako bi erakundeak finantzatzeko erabiliko da; alegia, erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak eta Euskal Herrian euskararen normalizazioa bideratu zein bizkortzeko egitasmoak laguntzeko. Pixka bat kostako zaigu agian, baina joango gara ohiturak aldatzen, eta geuretik geuretzat gehiago egiten ikasten. Tripontzia da horretarako hemen eta orain dugun aukera. Hel diezaiogun!
Eta tripontziez ari garela… etzi etorriko da gure etxeetara Euskal Herriko haurren artean ezagunena den tripontzia, ikazkinik maiteena, haurren ametsak egia bihurtzen ahalegintzen den fikziozko pertsonaiarik egiazkoena. Tira… norbaiti egun batzuk lehenago etorri zitzaion; aurreko igan-dean, hain zuzen. Zorionak, Maialen! BEC-eko finala egundokoa izan zen, eta ondo merezita jaso zuen txapeldunak txapela, tripontzia ez izanagatik Olentzeroren tankeratxoa baduen gizonaren eskutik. Esan beharrik ez dago lau urtean behingo lehia jendetsuak ere egiten diola bere ekarpena euskararen normalizazioari, eta izugarri laguntzen duela gure hizkuntzan eta harekin jolasean, kantuan, joskintzan eta eraikuntzan aritzeko dohaina ezagutarazten eta mundu osora zabaltzen. Aurreko igandean hitz errimatuen sokak elkartu gintuen 15.000 bertsozale inguru, eta horrenbestez, 15.000 euskaltzale inguru. Oso kontuan hartzeko datua, zalantzarik gabe. Pentsa zenbat egin genezakeen guztiok tripontzizale bihurtuko bagina, pentsa zenbat proiektu gauzatu ahal izango genituzkeen, eta Olentzerok bezalaxe, zenbat amets egia bihurtu.
Dena den, abenduaren 24koa da gau magikoetan magikoena gure txikientzat. Haren gose-egarriak asetzeko ardoa eta gazta eta astoarentzat azenarioak balkoian utzita joaten dira, itzuleran edalontzi hustuaren alboan opari ederrak aurkituko dituzten itxaropenarekin. Eta, egiari zor, euren eskaerak gutxi-asko bete egiten dira. Bizikletak, panpinak, baloiak, puzzleak, ipuinak, patinak, arropak… Denetarik. Behar izan ala ez. Behar handirik gabe betetzen ditugun bezalaxe helduok geure sabelak, biharamunean jan-edanik izango ez bagenu bezala direnak eta ez direnak irentsiz. Tripontzi halakoak geu ere!
Desioak eskatzeko sasoian gaudenez, hona hemen nirea: tripontzi baten ala bestearen eraginez, baina bete daitezela berandu baino lehen euskaldun guztion ametsak; opari itxuran, maitasunez eta elkartasunez betetako kaxetan, itxaropenezko begiztarekin apainduta… eta euskaraz beti.