Idazten nahiko zaila den hitza aukeratu dut urtea amaitzeko. Ahoskatzeko ere ez da batere erraza transzendentzia hitza. Eta hori hala izanda ere, oraindik eta traketsagoa izan daiteke kontzeptu horri buruz go-goeta egitea. Batez ere pentsaketa horien autorea ni bezalako norbait bada, filosofian formaziorik ez duena. Pentsamenduen eta kontzeptuen garapenean kamutsa, oso.
Hitz potolo honen definizioa hiztegian begiratzerakoan erantzun hauxe jaso dut: oso larria edo oso garrantzitsua den zerbait deskribatzeko erabili ohi den hitza. Baita ere naturaren mugak gainditzen dituzten kontzeptu edo errealitateei buruz hitz egiteko.
Badugu eguneroko komeria eta arazo nimiñoak gure bizitzaren erdigunean jartzeko ohitura. Lerro hauek idazten jartzerako, esate baterako, ordenagailua izorratu zaio artikulu hau idazten ari den honi. Muturtuta pasa dut ia egun osoa. Ezagutzen dut eguraldi txarra dagoenean ekaitz gaiztoenaren pareko umorea duenik ere. Zenbat aldiz jarri ote ditugu gure bizitzaren erdigunean mugikor berria erosteko garaian dauzkagun zalantzak edo, giza harremanetaz ari garenean, zentzugabekeria batetatik abiatutako eztabaida edo haserrealdiak.
Arazo edo buru hauste txikiak gure bizitzaren lehen mailan jarri ohi ditugu askotan, benetan garrantzitsuak diren kontuak ahazteraino iritsi arte kasu batzuetan. Bigarren edo hirugarren mailan uzten dugu ingurukoekin, batez ere lagun eta senitartekoekin ongi moldatzea eta gertu egotea, lanarekin eta egiten dugun horren jabe izatea eta benetan gozatzea, burua eta ezagutza lantzea eta, noizbehinka bada ere, gure barrura begiratzea eta bizitzan egin eta izan nahi dugun horretan pentsatzea.
Hain sartuak egon ohi gara bizitzako xextra txikietan, alegia, sarritan ez garela benetan garrantzitsua den hortaz gozatzeko kapazak izaten. Eta horrela bizi gara, mundu paraleko batean, benetan gauza garrantzitsuei erreparatzeko astirik hartu gabe. Baina gaixotasun larri bat datorrenean, lagunen edo senideren bat gaizki pasatzen ikusten dugunean, eta guri edo gertuko norbaiti gaitzen batek eragiten dioenean, edota maite dugun norbait hiltzen zaigunean, orduan jabetzen gara benetan zer den garrantzitsua. Zer den transzendentala.
Eguberriak ez dira itxura batean behintzat transzendentziarako garai egokiena. Oparietan, otorduetan eta abarretan pentsatzeko aukera gehiago eskaintzen digute, azkenaldian behintzat. Dena den, normalean behintzat, maite ditugunon konpainiaz gozatzeko aukera eskaintzen digu. Inguruan ditugunokin topo egin, topa egin eta benetan elkar topatzeko. Konpartitu, elkarren berri izan eta gertu ditugun horiengana gerturatzeko. Transzendatala ezer bada, agian horixe bera da. Urte berri on!