Reme Rayasek (Setenil de las Bodegas, 1954) 13 urte zituela utzi zuen Cadiz. 24 urterekin hasi zen euskara ikasten, eta bere esanetan horri esker lortu zuen lana 1984an, Ordiziako zineman. Urtarrilaren 1ean jubilatu da pozik, astebururo herritarrak hartu izan dituen irribarre zabal berarekin. Erretiroa hartu berritan, bai irakurtzen, bai ikasten, zinemako pasilloan pasatako ordu luzeak ditu gogoan. Normalean, ostiraletan ikusi ohi zituen filmak, gero, asteburuan, jendeak iritzia eskatzen baitzion sarrerak erosi aurretik. Nolanahi ere, zinemaren ardura izan dutenek, sarri, ez dute aintzat hartu bere iritzia, eta horren pena adierazi du; hala, indarrean dagoen bonu-sistema aldatuko luke berak, bonu bakarra lagun gehiagok erabiltzeko aukera zabalduta.
Film bat?
Thelma y Louise.
Liburu bat?
En el blanco, Ken Follettena.
Musika talde bat?
Abeslaria: Jose Luis Perales.
Zerk sortzen dizu irribarrea?
Umeen aurpegiek.
Oporretarako leku bat?
Andaluzia.
Amets bat?
Bete dut: jubilatzea, asteburuak gozatzeko.
Jaso duzun oparirik bereziena?
Diabolo bat oparitu zidan senarrak, ezkonduta 18 urte egin genituenean.
Maite duzuna.
Dantza.
Gorroto duzuna.
Inbidia.
Ordiziako alkate bazina.
Gauza asko egingo nituzke, baina ez lidakete utziko. Beraz, herria garbi utziko nuke.
Ordizian biziko ez bazina.
Orain ez dut neure burua beste leku batean ikusten.