Oltzeko Dominika txabola mendizaleen aterpetxe izateko atondu zutela bost urte igaro dira. Seigarren denboraldiari ekin dio Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak orain, eta elkargoko kide diren sei udalerrien artean txandaka erabiliko dute 2018an ere. Herri bakoitzak hamabost eguneko epea izango du, urtean lau alditan.
Aurreko urteetako baldintza eta erabilera-arau berdinekin jarraituko du Dominika txabolak. Zortzi lagunentzat lo-lekua dago. Pertsona batek, gutxienez, Partzuergoko herriren batean erroldatua behar du. Norbere udaletxean egin behar da eskaera, eta bakoitzak kudeatzen du. Kanpin-denda jartzea debekatua dago.
Txabola aterpetxe modura prestatuta dago: zortzi litera ditu, bi gelatan banatuta; ekonomika (su egurra auzolanean prestatzen dute, udazkenean), butano-sukaldea, harraska, komuna dutxarekin; ur beroa eta argindarra ere baditu.
2012ko apirilean jarri zuen Partzuergoak Dominika txabola mendizaleentzat erabilgarri.
Goierriko lau herri
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoa sei udalerrik osatzen dute, Goierriko lauk eta Arabako bik: Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerain; eta Asparrena eta Donemiliaga. 2018an, Segurak hasi du Dominika txabolaren erabilera, urteko lehenengo hamabostaldian.
Gau bat igarotzea 20 euro ordaindu behar da, eta berme gisa beste 100 euro ere utzi behar dira. Gehienez lau astegun edo asteburuko hiru egun har liteke. Ekainetik irailera egon ohi da jende gehien, astegunak barne. Basozainak ikusten du dena txukun utzi dela. Norberak jaitsi behar ditu zaborrak.
Oltzeko bazkalekuan dago Dominika txabola. Urbian emakumezko izena duen bakarra da. Dominika Arrizabalaga Azurmendi artzainak eta haren familiak erabili izan zuten, eta haren izena mantendu du.
Zegamako Asemendi Muñoa baserrian jaio zen Dominika, 1915ean. Lorentzo Etxeberria larraiztarrarekin ezkondu, eta Zalduondora joan ziren bizitzera, ardiak Arabako aldean larratzeko hango auzotasuna behar baitzen. Sei seme-alaba izan zituzten; zaharrena, Joxe, Oltzeko txabolan jaio zen. Besteak, artzain martxaren arabera, herri banatan: bi Gipuzkoan, bi Araban eta bi Bizkaian.
1991ra arte egon zen udan Oltzeko txabolan. 2015ean hil zen, Legazpin, 100 urte beteta.
2018ko txandak
- Segura. Urtarrilak 1-15, apirilak 1-15, uztailak 1-15 eta urriak 1-15.
- Donemiliaga. Urtarrilak 16-31, apirilak 16-31, uztailak 16-31 eta urriak 16-31.
- Zegama. Otsailak 1-15, maiatzak 1-15, abuztuak 1-15 eta azaroak 1-15.
- Idiazabal. Otsailak 16-28, maiatzak 16-31, abuztuak 16-31 eta azaroak 16-30.
- Asparrena. Martxoak 1-15, ekainak 1-15, irailak 1-15 eta abenduak 1-15.
- Zerain. Martxoak 16-31, ekainak 16-30, irailak 16-30 eta abenduak 16-31.