Ordizia oraindik Villlafranca de Oria zen garaian azoka koloretsua erretratatu zuen Dario de Regoyos margolari inpresionista ezagunak. Koadroa 1909koa da, eta Katalunian dago ikusgai, Montserrateko abadiaren museoan.
Ordiziako azokak enbaxadorea du Kataluniako Montserrat abadiaren museoan. Ordizia oraindik Villafranca de Oria zenean, eta Plaza Nagusia estali gabe zegoenean (1925ekoa da gaur egungo egitura eta teilatua, Francisco Gurrutxagak diseinatutakoa), Dario de Regoyos y Valdes margolari inpresionista entzutetsuak feriari egindako erretratu koloretsua dago bertan ikusgai.
Koadroa 1909an margotu zuen Regoyosek. Ordiziako Plaza Nagusiaren kantoi bat dago irudikatuta. Aurre-aurrean, olana zurien azpian babestutako saltzaileen postuak ikus daitezke; atzean, zaindari gisa,koadroari kolorea eta argia ematen dioten etxeak agertzen dira:?Sujetoenea ezkerrean eta Abaria eskuinean. Mihise gainean olioz margotutako irudia da, 65×54 zentimetrokoa.
Inpresionisten aitzindari
Dario de Regoyos Valdes Ribadesellan (Asturias) jaio zen 1857an eta 21 urterekin Madrilera joan zen margolari gisa hezitzera. Madrildik Bruselara (Belgika)?egin zuen, eta Joseph Quinaux izan zuen han irakasle. Hiri hartan ezagutu zuen mugimendu inpresionista eta bere adierazle nagusiak, eta handik eraman zuen Espainiara estilo hura. Espainiako inpresionismoaren aitzindaria izan zen.
Regoyosek Espainiako paisaiak landu zituen bereziki, argiz eta kolorez irudikatutakoak, baina erlijioarekin lotutako irudi ilunak ere margotu zituen, Espainia beltzaren isla.
Euskal txoko ugari
Gipuzkoan igarotzen zituen udak, eta urte batzutan zehar Ategorrietan bizi izan zen, harik eta gaixotu eta Getxora (Bizkaia) lehenengo eta Bartzelonara gero joan arte. Bartzelonan hil zen 1913an.
Gipuzkoan igarotako tartean euskal txoko ugari margotu zituen:?Ordizia, Tolosa, Donostia, Pasai Donibane, Irun, Oñati, Errenteria, Bilbo, Durango…