Beasainen bizi den Pilar Mujika margolari olaberritarrak 21 koadro zintzilikatu ditu Beasaingo Igartzako jauregiko erakusketa aretoko hormetan, Garai bateko kontuak izeneko erakusketan. Azken zortzi urtean egindako lanen aukeraketa da, eta guztiek ere, garai bateko kontuak, bizimodua eta lanbideak islatzen dituzte. Hilaren 28ra arte egongo dira.
Garai bateko kontuak erakusketaren funtsa honela laburbildu du Mujikak: «Etxe honek [Igartzako jauregiak] bere barruan duen historiarekin lotuta, eta nik barruan ditudan sentimenduekin borobildutako erakusketa da».
Garai bateko zuri-beltzezko argazki zaharrak dira koadroen oinarri eta inspirazio iturri. «Asko gustatzen zaizkit argazki zaharrak. Zuri-beltzezko argazkiak oso lotuta egon dira orduko ohiturekin. Ohitura haiek zuri-beltzean agertzen dira, baina orduan ere, koloreak ere bazeuden. Kolore haiek nortzuk erabiltzen zituzten? Gehienetan, esku artean zuten aukerak egiten zuen dena. Batzuk kolore dotoreko jantziak eta beste batzuek, gehienetan, beltza».
Gozamena
Asko gozatzen du margotzen eta erabat barneratzen da argazkian. «Pintatzen ari naizen denboran argazkiaren historia zein den jakitea gustatzen zait. Behin historia jakiten duda-nean barru-barruan sartzen naiz, harik eta bukatu arte, hantxe saiatzen naiz. Koadro bakoitzean nire pelikula egin dut», gaineratu du.
Zuri-beltzezko argazkiari kolorea ematen dio, eta bere erara moldatzen ditu: «Txindoki eta dantzariak ikusten diren koadro horretan, adibidez, ikurrinaren atzetik pabilioi zahar bat zegoen, eta iruditu zitzaidan ez zuela merezi hura azaltzeak. Orduan, zer egin nuen nik? Atzean gure mendia jarri eta biei omenaldia egitea, ikurrinari eta Aralarri».
Euskal Herriko txokoak
Euskal Herriko txoko eta istorio desberdinak ditu jasota; Iparraldekoak, Bizkaikoak, Goierrikoak… Horretaz gain, lanbide desberdinak ere jaso ditu: «Jartzen zara pentsatzen: ni hemen nago, horiek beraien garaian egin zuten guztiagatik».