Eneritz Gorrotxategi
Orain egun gutxi jakin dugu Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek, Eudelek eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek familia eta haurren ituna sinatu dutela. Bigarren umearengatik ematen den diru laguntza 3 urtera arte luzatuko da itun honetan adostutakoaren arabera.
Ulertzekoa da jaiotza tasa handitzeko helburua izatea eta familiei haur horiek hezteko laguntzak bideratu nahi izatea. Baina, ezagutzen al duzu zuk inor ematen diren laguntzengatik familia izan duenik? Jaiotzean emandako diruaz gain ez al lirateke hainbatetan aipatzen diren kontziliazio neurri horiek benetan gauzatu beharko? Lana eta familia uztartu ahal izateko baimenak, ordutegi moldaketak… Amatasun baimena lau hilabetekoa da gurean, Europa iparraldean sei hilabetetik gorakoa denean. Aitatasun baimena, berriz, duela hiru urte hamabost egun soilekoa zen eta egun indarrean dagoena, hilabetekoa, orain gutxi sartu da indarrean.
Bestalde, gizarteak daraman garapenarekin ezin ahaztuko dugu gero eta jende nagusi gehiago dugula. Datozen urteetan gero eta gehiago izango dira adinekoak nahiz menpekotasuna duten adinekoak zaintzeko baimenak hartu beharko dituztenak edo kontziliazio horren beharrean izango direnak. Beraz, dauden baliabideak ahalik eta egokien erabiltzeak eta herri txiki zein handietako gizartearen beharretara egokitzeak, ez al luke lehentasun izan behar?
Ion Muñoa
Duela urte asko ez dela, adinean aurrera joandako irakasle lagun jakintsuari entzun nion independentziari buruzko eztabaida batean: «Euskal Herrian ez da lan handirik izango askapenerako, nazio eraikuntzarako edo herrigintzarako, euskaldunak umeak edukitzen gogoz hasten ez bagara». Algara adina harridura sortu zuen hark esandakoak ingurunean. Esateko moduaren egokitasuna epaitzen hasi gabe, ideia argia zuen hark: herri-politiken erdigunean jarri behar da gure herriaren demografia arazoa/erronka, baldin eta gizarte eta herri bezala etorkizunik edukitzeko aukerarik izango bagenu.
Azken urteotan, hainbat politika publiko ari dira martxan jartzen, gizartearen zahartzeari erantzuteko. Horien artean badira adinekoei zuzenduak, lan munduari, eta baita umeak edukitzeko adin tartean dauden gazte-helduei ere. Aitatasun edo amatasun baimenak luzatzeak, seme-alabak edukitzeagatik diru laguntzak luzatzeak… adibidetxo batzuk baino ez dira. Eta bistakoa da: ondo egon arren, ez dira nahikoa. Piramide demografikoaren formari begiratzea aski da konturatzeko; gizartearen tornua ederki ari zaio azpialdea gastatzen jada zibaren forma hartzen ari den piramide ohiari. Arazoa hor dago. Lehen mailakoa da. Baina badirudi oraindik lehentasun handiena ez dela gure artean (ez eremu politikoan, ez gizartekoan).
Etengabeko transformazio handietan murgilduta dagoen gure gizarte konplexuaren zahartzeari erantzuteko, irtenbideak eremu publikoan bakarrik bilatzen baditugu jai dugula uste dut. Kontziliaziorako, edo adinekoak hobeto zaintzeko edo haur gehiago jaiotzeko, edo etorkinak hobeto integratzeko, politika publikoetan sakontzea eta hobetzea ezinbestekoa da. Baina gure bizi ohiturei, kulturari, eta balio sistemari ere erreparatzen ez badiegu, alferrik ibiliko gara. Zahartzeak zahartze, mesedez, inork ez dezala umerik mundura ekarri, ez diruaren eta ez herriaren izenean.