Maider del Olmo Zubeldia
Neguko gau hotzetan, etxerik ezean, kalean lo egin behar izaten du hainbatek. Beste aukera aterpe bila jotzea da, norbera hotzez hilko ez bada. Hala eta guztiz ere, lasaitasun mezua bidali nahi izan digu erakunderen batek; ez kezkatzeko, kontrolpean dituztela etxegabeak. Arraioa! Hori ona al da, bada? Alegia, inor kontrol-pean izatea. Zuri, Ane, zer irudituko litzaizuke erakunderen batek zuri buruz kontrolpean zaituela esango balu? Gustatuko litzaizuke? Badakiela non lo egiten duzun, nondik nora zabiltzan egunez nahiz gauez, norekin,…Noski, ez digute horrela esaten, kasu askotan egia izanagatik ere.
Edozelan ere, hau dena oso arraroa da. Garai batean, kontrola hitza entzun eta deseroso sentitzea bat zen: matematiketako kontrola, alkoholemia kontrola, polizia kontrola,… Orain, berriz, ohitu egin garela dirudi. Edonora begiratu eta topatuko duzu Kontrola, hizki larriz.
Azkena, botikan izan da gaur bertan: Gripea kontrolpean izan leloa irakurri dut erakusleihoan. Hori ere bai?
Adibideen zerrenda luzea erotzeko modukoa da; hala nola, GPS bat daramagu gainean une oro, kalean bideo kamerek grabatu egiten gaituzte, gauez segurtasun handiagoa eskatzen dugu emakumeontzat (kontrol handiagoa?), noiznahi datu pertsonalak barreiatzen ditugu Interneten, banketxeek zein higiezinen agentziek baldintzatzen dute geure bizitza, eta abar, eta abar, eta abar, eta abar, eta abar, eta abar, eta abar, eta abar…
Zer? Zer gertatzen da? Zer da hau guztia? Kontrola nazazu!
Ane Azurmendi Lasa
Egia da, gehiegizko kontrolpean bizi gara. Zuk aipatutako bi-deez gain, bada oraindik are gehiago kontrolatzeko erabiltzen duten beste bide bat ere. Dirua. Lotuta, kontrolpean gaituzte. Daukaguna baino gehiago gastatzeko apologia egiten duen jendarte honetan, kate-motzean, kontrolatuta. Langileoi gero eta formazio handiagoa exijitzen zaigu (diru truke beti ere) eta ondoren lan baldintza kaskarrak onartzera behartuta gaude.
Gogorra da, baina onartu dezagun: erabat kontrolatuta gaude. Batzuk behintzat, zeren badira beste hainbat inongo kontrolik gabe dabiltzanak; lanbidez gu kontrolatzen gaituzten horiek, hain zuzen ere.
Euskal Memoriak argi esan zuen duela urte batzuk, askok bagenekiena, azken 50 urteetan 9.600 tortura kasu egon dira Euskal Herrian. Nork kontrolatzen ditu horiek? Baten batek bai, ziurrenik. Iñigo Cabacasekin ere bukatu zuten. Eta, zer? Ezer ez. Horiek sekulako gehiegikeriak egiten dituzte, legearen babesle deiturikoak lege guztien gainetik nahiz azpitik aritzen dira. Eta hor ez dago, ez kontu eskerik, ez azalpenik. Ez kontrolik. Edo, bestaldera, akaso gehiegizko kontrola al dute ekintza horiek? Agian horiek ere ongi kontrolatuta eta kate-motzean egindakoak dira.