Joxepa Madariaga
Aupa, Inaxio!, gaur egunez, egun bereziei buruz, ariko gaituk. Zenbat egun ditugun euskaldunok urtean zehar!: Xixili,Musikarien Eguna; San Bosko, Irakaskuntza Ertainekoen Eguna; martxoaren 8a, Emakumearen Eguna; abenduaren 3a, Euskararen Eguna … Batzuk festa giroan ospatzekoak eta erreibindikazio eta borroka egitekoak beste batzuk. Bigarren hauez aritzeko bidea emango diat.
Festa eta ospakizunetik harago doazenak, egutegian, egun bakarrean aipatzen badira ere, (martxoaren 8a eta abenduaren 3a) urte guztian, egunez egun landu beharrekoak direla iruditzen zaidak eta, nagok, horretara goazela. Gerriko Elkartean urte guztian ari gaituk euskaraz bizitzen, euskaraz bizi nahi duenari aukera eskaintzen, euskarari bere lekua ematen. Urteko egun guztiak dituk abenduaren 3a. Eta berdin, urte guztian ari gaituk emakumeari gizartean behar duen lekua ematen, errespetuan eta duintasunez ahalduntzen, parekidetasuna helburu. Urteko egun guztiak dituk, guretzat, martxoaren 8a. Aurten ere buru-belarri ari gaituk bi arlo horietan lanean.
Emakumeak eta gizonak parekide, indarkeriarik gabe bizi nahi diagu. Eta indarkeriak jarraitzen badu, autodefentsarako prestatu behar. Norberak bere burua estimatzetik ahalduntzera, horra hor bidea. Mugimendu feministak aspalditik ari dituk lanean, eta segi beharko diate/diagu, aurrera ere, eguneroko bizitzako panorama ikusita. Aspalditik eta fin ari dituk, beste mugimendu batzuentzat eredu izatera iritsi direlarik. Emagin aipatu behar diat, adibidez, dokumentazio eta ikerkuntza zentro feminista, eskola feminista, behar beharrezkoa baitiagu. Anima gaitezen bertara inguratu, haiekin jantzi eta heztera, ikuspegi feministatik. Inaxio, hik zer diok gure egunez, mugimendu feministaz nahiz Euskaraldiaz?
Inaxio Usarralde
Putzu sakonegiak eskaini dizkidan murgil egiteko, Joxepa! Hala ere, oso interesgarriak biak ala biak, nola feminismoaren bulkada hala Euskaralditik datorkeena. «Nor gara gu, zer gara gu» abesten geninan gazte garaian, «euskotarrak gara gu!» bukatzeko kokots goian. Baina, ai!, ziur al gauden zer garen eta nolako euskotarrak izan nahi dugun? Oso aldi interesgarria zetorren feminismoaren alorrean bezala euskararenean. Iruditzen zaidan biek elkarrengandik elikatzeko asko dutela eta baditun, jada, urte dezente hori nabarmen geratzen ari dena.
Hori esanda, no eta to! ideia zirikatzaile bat: alor batean zein bestean menderatua diskriminatzaile? Feministek makina bat aldiz sentitu izan diten zapalduta egon eta, kanpokoek diskriminatzaile rolean jartzen dituztela. Urrutirago joan gabe, aurki izango den Lilatoiarekin urtero sortzen dun kalapita: gizonezkoek zergatik ezin duten parte hartu, non eta nik dakidala emakumezkoen lasterketa bakarrean! Utzi, bada, bakean, bakean dagoena… Ez horregatik!
Euskararekin beste horrenbeste gertatzen dun sarriegi: hizkuntza menderakuntza bizi dugunok jartzen gaituztela/gertatzen garela diskriminatzaile… Zer dun, hizkuntza menderakuntza ez bada, gure amarekin sendagile espezialistarengana joan behar eta harekin, bai ala bai, gaztelaniaz egin behar izatea? Ez al dun menderakuntza, lantokian, 5-6 laguneko eguneroko lantaldean gaztelaniaz egin beharra, batek edo bik esaten dutelako gaztelaniaz nahiago dutela?