Imanol Gonzalez Gurrutxagak (Lazkao, 1997) Batxilergoko ikasketak amaitu eta Kataluniara egin zuen jauzi. Bertan Zinema eta Ikus-entzunezko ikasketak egiten ari da. Pasioa eta lanbidea uztartu nahi ditu lazkaotarrak. Gauzatu dituen azken bi lanak dira horren adibide, Iker Laurobaren Berriro eta Ile urdinak abestien bideoklipak zuzendu baititu.
Lazkaon Batxilergoa amaitu ondoren, kanpora ikastera joatea erabaki zenuen.
Hori da, Terrassan ari naiz, zinemagintza ikasketetan buru-belarri. ESCAC (Goi Mailako Zinema eta Ikus-entzunezko Eskola) izeneko eskolan nago, Katalunian. Gradu bikoitz baten modukoa da egiten ari naizena, baina gehienbat zinemagintza lantzen da hemen.
Nolako ikasketak dira? Zer lantzen duzue bertan?
Gradu gehienetan bezala, lehen bi ikasturteetan gai orokorrak lantzen ditugu. Kamera fisikoki lantzen dugu alde batetik, objektiboan argia nondik sartzen den ikasi, zein kalitaterekin esportatu behar den… Baina alde artistikoa ere lantzen dugu, filmak analizatzen ikastetik gidoia baloratzen jakiteraino.
Hirugarren urtean, berriz, espezializazio bat hautatu behar dugu. Alor asko dauzkagu aukeratzeko, baina notaren arabera banatzen dituzte dauden 12 plazak. Nik zuzendaritzako espezialitatea hartu nahiko nuke, baina eskari gehien duenetakoa da; beraz, beste eremu batzuk ere aztertzen ari naiz.
Lehen bi urte hauetan lan praktikorik izaten duzue?
Bai, gehienbat, hirugarren urterako bidean notaren erdia egin ditugun lanetan oinarritzen delako. Nahiz eta produkzio baten barruan kafeak ekartzen jardun, barruan izaten gara. Hor filmatze prozesuan egoten eta ikasten egoten gara, aurrera nola eramaten den ikusiz. Horrez gain, grabaketak ere gauzatzen ditugu noski, gidoia eginez, ondoren gelakideen au-rrean aurkeztuz eta baloratuz…
Nolatan erabaki zenuen zinemaren munduan murgiltzea?
Aspalditik nekien zinemagintza ikasi nahi nuela, baina buruan hasiera batean Euskal Herrian komunikazioko graduren bat egin, eta ondoren ikasketa horietan espezializatzea nuen helburu.
Begiratzen hasi, eta hemendik kanpokoak gehiago gustatu zitzaizkidan. Ikasketa planaren aldetik, eta bertatik atera diren zuzendariengatik. Ondo saltzen dakite, duten materiala erakutsi eta izugarri harritzen zaituzte kamerek zein ekipamenduek.
Aurrez zinema munduan hastapenik ba al zenuen?
Ikasketa hauen aurretik, film labur bat egitea nuen buruan, dantzan elkarrekin aritutako lagun batekin. Grabatzen hasi ginen eta lan erdietan geundela, bertan behera utzi behar izan genuen, eta amaitu gabe gelditu zen. Argia ikusi ez duen arren, oroitzapen onak dakarzkidan lana da.
Nondik datorkizu zinemarako zaletasuna?
Beti kontatzen dudan oroitzapena da, nahiz eta ondoren lotsa apur bat eman. Zinemara joan nintzen Piratas del Caribe ikustera, eta hortik ateratakoan jakin nuen mundu honetan jardun nahi nuela.
Orduan esan nien lagunei: ‘nik pelikularen bat egin nahi dut’. Ingurukoek diru kontuak aipatzen zizkidaten, baina ilusio handia sortu zidan filma izan zen. Hortik aurrera zaletasuna areagotzen joan zait, filmak izan, dokumentalak zein making off-ak izan.
«‘Piratas del Caribe’ ikustean jakin nuen mundu honetan jardun nahi nuela»
«Etxean gidoia idazten ari zarela, ez zara ohartzen aktore batek eman dezakeenaz»
«Gaia oso zehatza eta pertsonala bada, hobe da ama hizkuntza erabiltzea»
Beste alor guztietan bezala, hasi aurretik gauzak ez direla errazak esango zizuten.
Batzuek betikoa esaten dizute: hor ez dago lanik, oso behetik hasi beharko duzu… Baina gaur egun gizartea nola dagoen ikusita, garbi ikusten da lana aurkitu egin behar dela. Askotan ez da lana non dagoen, baizik eta non bilatzen duzun. Guk horren alde ona ere ikus dezakegu, sorkuntzako pausua guk ematen dugulako.
Bestalde, zinemagintza asetzen gaituen zerbait da, zu zeu sortzen ari zaren proiektu baten emaitza ikusten duzulako. Baina askotan, buruhauste ugari ere izaten ditugu ordu asko sartuz, eta ez gara ohartzen egiten ditugun proiektu askok ez dutela argia ikusten. Urte betez eta asko sakrifikatu ondoren, hamar proiektutik bi soilik ikusten dira. Hori da jendeak ikusten ez duena.
Zuk orain artekoan bide ona aurkitu ahal izan duzu, Iker Laurobaren bi abestiren bideoklipak egin dituzulako.
Ni gustura nago, ondo egiten ditudan edo ez ziur izan gabe. Bi urte hauetan bi bideoklip egin ditut Iker Laurobarentzat. Egia esan, betidanik izan dut begiko Lauroba taldea, eta azken ur-teetako talde gustukoenetako bat da. Bere bi azken bideoak gidatuta, lan polita egin dudala uste dut, eta kanpotik esan didatenez ere, harrera txukuna izaten ari da.
Grabaketa hauetan dena prest eramaten da edo inprobisaziorako tartea izaten duzue?
Orain arte egin ditudan proiektuetan, aurretiko lana oso garrantzitsua izan da. Teaser edo aurrerapen modukoak egin izan ditut lana nola doan, edo zein norabide hartu behar duen jakiteko. Muga batzuk ditugula hartu behar dugu kontuan: tokia, denbora…
Baina grabaketetan, inprobisazio momenturen bat edo beste ere izaten dugu. Askotan, etxean gidoia idazten ari zarela ez zara ohartzen leku edo aktore batek eman dezakeenaz. Aurrez aurre, aktorea zein gunea ikusi arte, ez dakizu lehendik pentsatu duzun plano batek balioko duen ala ez.
Esku artean baduzu beste proiektu bat ezta?
Hori da, duela gutxi berrabiatu dugu Ezusteko talka proiektua, parte hartuko duten aktoreak nahiko lanpetuta egon direlako. Baina bai, labur bat gauzatzen ari naiz Aitziber Garmendia eta Jose Ramon Soroiz aktoreekin. Bere buruaz beste egin behar duen gizon bat ikusiko dugu bertan, auto batetik irteten den emakume batek eragozten dion arte.
Noizko espero duzue lana prest izatea?
Hasiera batean, hemendik hilabete ingurura ekingo diogu grabaketari. Aste Santuan grabatu eta ondoren muntai eta postprodukzio lanek hartuko diote lekukoa. Orotara, hemendik pare bat hilabete barru izango genuke laburra prest.
Iker Lauroba lehenengo, orain Aitziber Garmendia eta Jose Ramon Soroiz. Gaizki ez duzu hasi ibilbidea.
Bai, egia esan behin proiektu bat buruan izanda lotsa galtzen dut. Jendaurrean hitz egitea gehiago kostatzen zaidan arren, norbanakoekin hitz egiterakoan irekiagoa naiz.
Orain arte emaitza onak eman dizkit horrek. Adibidez, azken labur hau gauzatzeko gidoia idatzi eta Aitziber Garmendiari bidali nion. Berak gustuko zuela adierazi zidan, eta hortik hasi zen guztia.
Etorkizunari begira, zer egitea gustatuko litzaizuke?
Handia filmak egin duena egitea gustatuko litzaidake. 13 izendapenekin Goya Sarietara joan, eta horietatik 10 irabaztea. Euskal zinemari izugarrizko aberastasuna ematen dio horrek. Gidoiak idazterakoan euskararen mugak gogorarazten dizkizute normalean, eta lan hauekin muga horiek hautsi dituzte. Eskertzekoa da, nik erreferente bezala ditut.
Zuk argi al duzu euskara dela erabiliko duzun hizkuntza?
Hasierako lanak gaztelaniaz idatzi nituen, ikasketa inguruko lagunek irakurri eta laguntzeko errazagoa zelako. Baina hurrengo lana euskaraz idatziko dut.
Azken finean asko aldatzen da. Gaia oso zehatza eta pertsonala bada, hobe da ama hizkuntza erabiltzea, errazago adieraziko duzulako esan nahi duzun hori.