Josemari Aleman margolaria Urretxun jaio zen eta hilabete gutxi zituenean Zumarragara eraman zuten. Gaztetan Donostiara joan zen eta ez zuen bere herriaren oso oroitzapen ona. Duela urte batzuk Zumarragako hainbat txoko marraztu zituen eta lan horrek herriarekin bakeak egiteko balio izan zion.
Aleman Urretxun jaio zen, 1948an. «Urretxuarra naiz jaiotzez, Mendiolatarren etxekoa, baina hilabete gutxi batzuk nituenean Kalebarrenera eraman ninduten. 14 urte bete nituen arte Kalebarrenen bizi izan nintzen eta ondoren Urdanetara joan ginen».
Ordutik, herritik kanpo eman du ia denbora guztia. «Barnetegi batera joan nintzen eta ordutik kanpoan bizi izan naiz. 1972an ezkondu egin nintzen eta Donostiara joan ginen bizitzera. Ondoren, El Salvador eta Ekuadorren bizi izan ginen. 1984an Donostiara itzuli ginen, behin betiko. Jadanik zaharrak gara beste nonbaitera joateko».
Ingeniaritza ikasten hasi zen, baina utzi egin zuen. «Aitak makina-erreminta enpresa bat zuen eta nire patua bertan lan egitea zen. Baina mundu hori ez nuen gustuko. Beste bizimodu bat nahi nuen. Nire aitak disgustu handia hartu zuen, baina azkenean Artea eta Dekorazioa ikasi nuen», azaldu du artista zumarragarrak.
Ordutik, mundu horretan lan egin du. «Dekorazioa, berritze lanak eta eszenografia egin ditut. 1972an dekorazio enpresa bat sortu nuen eta etxebizitzak, tabernak, diskotekak… berritu genituen. Ondoren Amerikara joan nintzen. Han, dekorazio enpresa batentzat lan egin nuen».
Donostiara itzuli zenean, dekorazio mundua utzi zuen. «Telebistarako eta antzerkirako eszenografiak egiten hasi nintzen. 1985ean ETBn hasi nintzen. Saio ezberdinetako dekoratuak egin genituen: Txirri, Mirri eta Txiribiton, Doctor Livingstone, Detras del sirimiri, Kaixo 88… Ordutik, horretan aritu naiz batez ere. Marrazkia eta pintura osagarriak izan dira. Diseinu grafikoa ere egin dut: egunkariak, aldizkariak, publizitatea… Egun, prentsan lan egiten jarraitzen dut. Iritzi artikuluetarako marrazkiak egiten ditut. Karikaturak ere egin izan ditut. Jendeak gustuko ditu», azaldu du.
Marrazketa eta pinturari dagokionez, serieak egitea atsegin du. Horietako bat Zumarragari eskaini zion. «Zumarragari buruzko monografikoa oso berezia izan zen. Izan ere, Urretxu eta Zumarragarekin harreman gatazkatsua nuen. Serie hori egiteko Zumarragako kaleetan zehar ibili nintzen. Nire gaztaroko tokietan egon nintzen eta terapia moduko bat izan zen», aitortu du.
Zerk eraman zuen, ordea, bere herriarekin harreman gatatazkatsua izatera? «Zumarragan haurtzaroa eta gaztaroko lehen urteak eman nituen eta garai horretan asko sufritzen da: asmo batzuk ez dira betetzen… Helduarorako prozesua gatazkatsua izan zen. Garai hartan gaizki pasa nuen eta Zumarraga txiki gelditzen zitzaidan. Zerbait hobea nahi nuen, nire nahiak aseko zituena. Ez nuen argi errua Zumarragarena zen ala nirea. Zumarragari buruzko seriea egiteko herrira itzuli nintzenean, herriko kaleek inongo errurik ez zutela ikusi nuen. Herriarekin bakeak egin nituen. Heltzea denontzat da zaila», onartu du.
Herrira, sarritan
Egun, garai batean baino sarriago etortzen da Urretxu eta Zumarragara. «Santa Isabel egunean eta Santa Lutzi egunean, urtero Zumarragara joaten naiz».
Gainera, Herri Operan parte hartu zuen. «Nire seme-alaben adina duen jendearekin lan egin nuen. Jende gaztearekin lan egiteko gai nintzela ikustea oso pozgarria izan zen. Egia esan, gazte horiek oso ondo prestatuta daude. Urretxu eta Zumarraga asko aldatu dira nire gaztarotik. Garai hartan oso gutxi ziren margotzea edo argazkiak ateratzea gustuko zutenak».
Bere herriarekin bakeak egiteko balio izan zion seriea «polita» dela dio. «Udalari eskaini nion eta hartu egin zuen, Aitor Esnal Kultura zinegotzia zen garaian. Margoetan morea eta grisa dira nagusi. Hala ikusten dut Zumarraga. Serie hori postalak egiteko erabili izan da eta erakusketa bat ere ireki zen. Lan gogorra izan zen. Tolosari eta Hondarribiari buruzko serieak ere egin ditut».
Trenbidea
Trenbideari buruzko bat ere egin zuen. Hau Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan egon zen ikusgai. «Madril-Irun trenbidearen 150. urteurrena dela eta egin nuen. Trenetik ikusten diren paisaiak margotu nituen. Garai hartan asko joan nintzen Madrilera, trenean, eta interesgarria iruditu zitzaidan serie hau egitea. Izan ere, trenetik beste tokietatik ikusi ezin daitezkeen gauzak ikusten dira».
Egun, beste serie bat du eskuartean. «Aste Santuan Jerusalemen egon nintzen eta fedeari buruzko serie bat egiten ari naiz».