Elurra izaten ari da azken asteotako protagonista nagusietako bat. Gunerik garaienak zurituta daude, elurra kendu ere egin gabe; adineko pertsonek diotenez, elurraren zain dagoenaren seinalea da hori.
Goierriko mendiak eta bazterrak elurrez zurituta esnatu dira aurtengo neguan behin baino gehiagotan. Azaroan izan zen lehenengo elurtea, urtarrilaren 6an bigarrena eta otsailaren 2tik aurrera hirugarrena. Aste honetan ere elur alerta emana dago egun batzuetarako. Toki garaienetan elurra joan gabe dago eta horrelako kasuetan elurra elurraren zain dagoela esaten dute adineko pertsonek. Julian Alustiza Aztiria idazleak Euskal baserriaren inguruan liburuan ere horrela jasotzen du. «Aizkorri malkarreko elur barrak, mendiko elurra lagun eske dagoela beti». Horren harira, esaera zahar bat jasoa du frantziskotarrak: Elur luze, elur gure.
Alustizaren arabera, adine-koek urtarrilaren azken aldera jotzen zuten neguaren garairik zakarrena bezala. Aztiria au-zoan diotenaren arabera, San Bizenteko hotza (urtarrilak 22), neguaren bihotza. Dena den, «otsaila gaiztotuz gero, ez pentsa hilbeltza bera baino gozoagoa zenik batere», dio frantziskotarrak liburuan. Honela, Kandelari egunari (otsailaren 2a) arretaz begiratzen zieten, Kandelari hotz, negua joanen da motz; Kandelero bero, negua gero baitio esaera zaharrak.
Negu motza, gari urtea
Aurtengo Kandelaria egunean elurra egin zuen eta esaera zaharrak dioena betetzen bada, aurtengo negua motza izango denaren esperantza izan beharko da; motza eta oparoa. Izan ere, Elur urtea, gari urtea esaldia ere badago esaera zaharren zerrendan. Hala ere, udaberriko ekaitzari beldur handiagoarekin begiratzen zieten garai batean, «ganbarak ere hustuta izaten zirelako»
Historiari begiratuz gero, hiru elurte handi gogoangarri izan dira Euskal Herrian. 1887an 40 eguneko elurtea izan zen, otsailaren azken aldera hasi eta martxoaren amaierara arte. 1956ko otsailean, berriz, hilabete iraun zuen hotzaldia eta elurtea izan zen. Azkenik, 1985eko urtarrilean izandako elurtea aipatu behar da, urtarrilaren 6an hasi eta bi astetara luzatu zen gutxi gorabehera.