Joxean Artze poetak lagun asko utzi zituen. Baita Goierrin ere. Horietako batzuk omenaldia antolatu dute larunbaterako. Ekitaldiaren izenburua Joxean: Artze eta emate da. Beasaingo Ttiklik gunean egingo dute, 10:30ean.
Omenaldia 1994an Artzeren Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat ikuskizunean parte hartu zutenetako batzuk antolatu dute. Ikuskizun hartan Urretxu eta Zumarragako Hits&Fits taldeko kideek Artzeren poema batzuk errezitatu zituzten. Ines Elortza legazpiarrak, berriz, ehule lana egin zuen.
Emanaldi hartan parte hartu zutenetako bat Iñaki Bastarrika idazle eta itzultzaile urretxuarra da. Biharko omenaldiaren abiapuntua Hits&Fitseko beste kide batek, Pello Biainek, bere blogean idatzi zuen artikulu bat dela esan du. «Artze hil zenean testu bat idatzi zuen eta hortik tiraka omenaldia antolatu dugu».
Parte hartzaileak
Mahaian Biain, Elortza, Miriam Luki eta Andoni Salamero (azken bi hauek ere 1994ko ikuskizunean parte hartu zuten) eseriko dira. Lauek Artzeri buruz hitz egingo dute. Olerkari batzuk ere parte hartuko dute. Gabriel Kortak, Agustin Zamorak, Garazi Solorzanok eta Koldo Zubeldiak, besteak beste. «Ekitaldi xume bat izango da. Lagunartekoa», azaldu du Bastarrikak.
Artze artista handi bat izan zela dio. «Olerkari handi bat izan da. Guretzat, baita maisua ere. Guk 20 urte pasatxo genituen eta gure zaletasun horretan maisua den pertsona bat etorri zitzaigun. Topaketa zoriontsu bat izan zen. Bere ikuskizunean gauza txiki bat egiten lagundu genion: bere olerki batzuk errezitatu genituen, abesbatza bat izango bazina bezala. Neskak eta mutilak behar zituen olerki batzuk taldean errezitatzeko eta guregana jo zuen».
Berarekin oso harreman ona izan zutela dio. «Lagunarteko giroa eskaini zigun. Lagun bezala hartu gintuen. Bera ezagutzea oso polita izan zen. Gainera, bere bitartez, bere anaia, bere emanaldietan lan egiten zuen jendea… ezagutu genuen».
Solasaldi luzeak izaten zituztela gogoratzen du. «Behin afari bat egin genuen Santa Barbaran eta goizeko lauetan bukatu genuen. Gai guztiei buruz hitz egiten genuen. Bere ikas-leak ginen, baina ez zuen eskola bat muntatu».
Oso esperientzia aberasgarria izan zela dio. «Oso interesgarria izan zen eta esker one-koak izan beharra dugu. Artze mendi bat bezala ikusten dut: mendi horretara joan den bakoitzak esperientzia bat bizi izan du. Ez naiz bera definitzera ausartzen. Hor dago bere obra. Lan asko egin zuen, nahiz eta jendeak oso gutxi ezagutzen duen. Azken 30 urteetan egin zuen lana ez da batere ezaguna. Baina hori ez da Artzerekin bakarrik gertatzen, baita Leterekin eta belaunaldi horretako beste batzuekin ere. Gizartean bigarren maila batean gelditu dira».
Hori bai, historiara pasako direla uste du. «Artze klasikoen artean aipatuko dute 100 urte barru. Antologia bat egiten denean, XX. mendekoen artean azalduko da. Artzeren arazoa ez da kalitatea izan, gizarteak beste gauza batzuk lehenetsi dituela baizik. Euskal rock erradikalak gauza onak ekarri zituen, baina baita jende hau bigarren mailara igarotzea ere. Hori ez zen rockaren errua izan. Zergatik ez zen bientzako tokirik izan? Gaztetxe batean rocka edo heavya bakarrik sartzen badituzu, tendentzia bat markatzen ari zara».
Ez Dok Amairuko kideek erakusketa iraunkor bat merezi dutela uste du. «Artze eta Lete garrantzitsuak direla esaten du-gu, baina Letek ez dauka museo txiki bat ere Oiartzunen. Eta Mariasun Landaz zer esan… Hiltzen denean aitortuko zaio egin duena. Haurrentzako bere liburuak hizkuntza askotara itzuli dituzte, baina gure gizarteak ez ditu bere artistak dion bezainbeste estimatzen. Artze onetsia eta txalotua izan da, baina ez lagundua eta aintzat hartua. Hori hala izan balitz, bere olerkiak atarietan egongo lirateke. Euskal poesiak arazo handi bat du: ez badira kantu bihurtzen, ez dira ezagun egiten».
Poeta musikatuena
Artzeren poema asko musikatu dira, baina askok ez dakite bereak direnik. Mikel Laboak Gernika, Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak, Ama hil zaigu, Baztan, Geure bazterrak, Txoria txori, Martxa baten lehen notak eta Zaude lasai musikatu zituen, besteak beste. Benito Lertxundik Zure askatasunagatik borrokatzen banaiz eta Txori ttikia, Antton Valverdek Pisako dorrea, Urkok Usurbilgo eliza, Gontzal Mendibilek Ez zara aske, Erramun Martikorenak Hegoak, Negu Gorriak taldeak Arrano beltza, Txomin Artolak Iragana eta geroan, Oskorrik Iturri zaharretik, Etsaiak tal-deak Txoria txori…
Artze poeta musikatuena da eta Txoria txori gehien musikatu den olerkia. Euskaldunon olerki kuttuna.