Maria Jesus Insausti Onda baserritarra da. Umetatik du gogoan etxeko negozioaren parte izatea. 1925az geroztik ari dira Iztueta baserrian esnearekin lanean eta garaiei dagozkien aldaketak izan badiztuzte ere, baserriko balio eta kultura galdu gabe jarraitzen dute lanean. Aspegi elkartearen (Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartea)saria jaso berria da, emakume enpresariari dagokiona. Berrikuntza, jasangarritasun, komertzializazio egoki eta izandako balioengatik saritu dute.
Betidanik ezagutu duzun zerbait da baserriko lana.
Bai, bizitza guztian ezagutu dut, gehienbat aitona-amonekin erlazionatzen dut hasiera garai hura. Aitona karro eta mandoarekin joaten zen esnea saltzera, eta gogoratzen naiz ni oso txikia nintzela. Ondoren amarekin dut oroitzapena esne munduan, baina beti salmenta zuzenarekin lotuta. Etxeko esnea ekoitzi eta kalera eramaten genuen, nahiz eta ondoren beste modu batzuk etorri ziren.
Horrelako negozio bat esku artean izanda, erabakitzeko aukerarik izan duzu edo bidea markatuta aurkitu zenuen?
Ni baserritik kanpora ere bizi izan naiz urte batzuetan, baina une egokia aurkitu nuenean baserrira itzuli nintzen, afizioz eta ofizioz, asko gustatzen baitzait baserria, bertako bizimodua eta bertan egiten dena.
Baserriko lanaz gain, sektorearen inguruko beste alor batzuk ere landu dituzu.
Gipuzkoako Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuneko lehendakaria izan nintzen sei urtez, eta kanpora ere joan nintzen ikastera. Baina ondoren baserrira itzultzea erabaki nuen.
Sektoreak, hasi zinenetik hona, aldaketa ugari jasango zituen.
Bai, azken hamarkadetan aldatzen joan da eta azken urteetan aldaketa hori gero eta nabarmenagoa izan da. Nekazaritzak aldaketak izan ditu, alde batetik gainbehera izan delako sektorean. Baita teknologia berriak sartu direlako ere.
Horrek lan egiteko modu berriak ekarri ditu eta tresneria berria ere sartu da lanbidean. Alde horretatik hobekuntza ere etorri da, azken urteetan baserriko lan egiteko moduan. Lehen modu batean lan egiten zen, eta orain beste batean.
Prozesua bera aldatu al da?
Lehen salmenta etxez etxekoa zen soilik, ondoren dendetara ere pasa ginen, eta azken urteetan makinak eta produktu berriak atera ditugu. Baina esnea lantzeko prozesua bera da: ganadua etxean jaiotzen da, elikadura bera mantentzen dugu, esnea ekoitzi eta transformatu, eta saldu. Kate bat da, guk abiatu eta guk ixten dugu. Hori da gure produktuek erakutsi behar duten konfidantza, produktua zein modua zaintzea.
Teknologia berriak plazaratzen diren unetik, erabakiak ere hartu behar dira.
Azken finean, teknologiak lagundu egiten du, erraztu. Guk, azken batean, tradizioa eta berrikuntza uztartzen jakin dugu. Artisautza eta teknologia norabide berean jarri ditugu, eta aurrera jarraitu nahi baduzu beharrezkoa da gainera. Hori onartzen ez dugu arazorik izan.
Duela hamarkada bat zalantzak eta beldurrak izango ziren ezta?
Behin aldaketak daudela onartuta, zalantzak beste mota batekoak dira. Inbertsioak egitea derrigorrezkoa da garai berrietara moldatzeko, eta horri aurre egiteko moduan agertzen dira beldurrak. Azken batean, modu ireki batean jokatu behar duzu eta ausarta izan behar zara.
«Guk, azken batean, tradizioa eta berrikuntza uztartzen jakin dugu»
«Inbertsioak egitea derrigorrezkoa da garai berrietara moldatzeko, baina beldurra hor dago»
«Emakumea da baserriak duen ardatz nagusia, eta aldi berean, euskarria»
«Ondorengoei transmititu nahi izan diegu guk, guretzat baserria izan dena»
Inbertsio horiek jasangarriak izan daitezen, emaitzak beharko dira.
Guk argi dugu zer egiten dugun eta nola egiten dugun. Esnearekin hasi, landu, poltsaratu…
Guk kalitatezko produktu bat eskaintzen dugu, balio erantsi batekin. Kontsumitzaileari ziurtasuna eman behar diogu, benetan guk egina dela eta metodo egokien bidez sortua dela. Hori da kontsumitzaileak baloratzen duena.
Horrek esfortzu gehiago eskatzen al du?
Bai, baina hori da gure identitatea. Ganadua jaiotzen denetik produktura heltzen garen arte xehetasunez jarraitzea, eta ez produktua ongi atera den soilik, harago doa. Ganaduaren ongizateaz gain, zelaiak zaintzea, inguruarekin errespetuz jokatzea, jasangarria izatea etorkizunari begira…
Gipuzkoako enpresari saria eman dizu Aspegik. Urteetako lanaren errekonozimendua al da hau zuretzat?
Noski, eta errekonozimendua ez soilik lehen sektorearentzat, baita emakumearentzat ere. Hori niretzako oso pozgarria da. Azkenean, baserrian dugun jarduera ekonomikoaz gain gauza asko ditugu. Ingurumenaren zaintzaile sentitzen gara, eta abereen zaintzaile ere bai. Azken batean, hor inguruan dagoenarekiko eta egiten dugunarekiko maitasuna biltzen dut nik lanean.
Baserriko lanean emakumeak izan duen jarduna azaleratzen ere lagunduko du sariak ezta?
Bai, nik uste dut garrantzitsua dela hori azaleratzea. Emakumea da baserriko ardatz nagusia, euskarria. Lehen horrela zen, orain hala da eta horrela izango da gerora ere. Hori askotan bigarren planoan egon den zerbait izan da, eta horrelako sariek azalarazten laguntzen dute, nahiz eta presentzia gehiago izan behar genukeen.
Emakumearen rola aldatu da?
Lan egiteko modua orokorrean aldatu da, baina emakumeok zoritxarrez baditugu oraindik esleitzen zaizkigun lan batzuk, zainketak tarteko. Baserriko eginbeharrez gain, noski, oraindik baserriko irudia gizonezkoek osatzen baitute. Bigarren planoan gaude, leku publiko eta karguetan bezala, baserrian ere berdina gertatzen da.
Iztuetan zu gidaria zara, baina familiako proiektua da.
Ondorengoei transmititu nahi diegu guk, guretzat baserria dena. Zure lana erakutsi eta ilusioa helarazteko, proiektuak berak izan behar du horren erakusle. Proiektuak berak aurrera begira proiekzioa izan behar du, baita jasangarria eta ilusioa piztuko duena izan ere.
Niretzat Iztueta baserria proiektu zirraragarria da, familia osoak egiten duguna. Nirekin lanean oso pertsona garrantzitsua dut, Ainitze. Alaba izateaz gain, lankidea, bazkidea eta kidea dut. Gurekin batera lan talde handia dago. Denok aurrera daramagun proiektua da, ezinezkoa delako pertsona bakarrak hau aurrera ateratzea.