Kultur astean murgilduta daude Olaberrian egun hauetan, eta biharko egin duten proposamenak garagardoa du protagonista. Etxean norberak egin dezakeen garagardoa, alegia. Prozesua erakusteko tailerra egingo dute 09:00etan hasita, Arkupe elkartean. Azken urteetan bezala, Joxe Bernardo?Aldasoro eta Jose Mari Sardon izango dira gidariak. Zazpi bat urte dira beren kontsumorako eta lagunekin konpartitzeko garagardoa egiten ari direla, eta ikasi dutena erakustea dute helburu.
Etxean egindakoak beti du balio erantsia, baita garagardoak ere. Osagaiak naturalak direla ziurtatuta, emaitza ere naturalagoa da eta, ondorioz, «garagardoak zapore handiagoa izaten du», Aldasororen arabera. Etxean egitea, gainera, «ez da zaila». Horixe da, hain zuzen, bihar Olaberrian transmititu nahi dutena. Merkatuan –Interneten batez ere– dauden kit bereziak eta osagaiak erosita, edonor da gai bere garagardoa egiteko.
Lager garagardoa
Lager motakoa da bihar egingo dutena, «horia, oinarrizko garagardoa», baina beltza, txigortua edo gariarena ere egin dute bi garagardozale horiek. Hauek dira behar diren osagaiak: garagarra, ura, legamia, olo malutak eta lupulua. «Garagardoari garraztasuna ematen dion belarra da lupulua» azaldu du Aldasorok; «hemen berez etortzen da, baina garai batean Olaberriko Amoskategi baserrian eta Goierriko beste toki batzuetan landatu ere egiten zen».
Prozesuak 8 ordu irauten ditu gutxi gorabehera. Lehenik, garagarra beratu egin behar da uretan, tenperatura ezberdinetan, pare bat orduz, ahalik eta azukre gehien ateratzeko. Sortzen den muztioa iragazi egiten da gero eta irakiten jarri lupulua erantsita. Ordu batzuk beharko ditu irakiten. Amaitutakoan, hozten utzi behar da eta hartzidura jarriko da martxan, legamia botata. Hartzidura bakarra edo bikoitza izan daiteke;?bihar egin behar duten garagardoa hartzidura bikoitzekoa izango da, eta astebete beharko du. Botilaratu egingo dute gero eta edateko prest egongo da hilabete eta erdi ondoren.
Dastaketa
Biharko erakustaldian hartzidura hasi aurreko prozesua erakutsiko dute. Aste batzuk barru, dastatzeko moduan izango da garagardoa. 25 litro egitea da asmoa.
Aldasorok eta Sardonek gustuko dute garagardoa egitea eta nola egiten den erakustea, baina baita lagunekin batera dastatzea ere. Bigarren zatia izango omen du biharkoak.