Egun batetik bestera okinaren etxez etxeko banaketarik gabe geratu ziren Zerainen. Arazoa aukeratzat hartu eta Zerainlabek proiektu aitzindaria jarri du martxan. Momentuz, ogia, egunkaria, esnea eta jogurtak banatzen ari dira.
Otsailaren 19an berriz ere martxan jarri zuten Zerainen ogiaren eta egunkariaren etxez etxeko banaketa zerbitzua; Zerainlab elkarteak sustatu du proiektua. Goierriko Hitza eta GoiBerri ere banatzen die harpideei. Zerainlabeko Loli Gonzalezen esanetan, «egun batetik bestera okinaren etxez etxeko zerbitzurik gabe geratu ginen eta, batez ere, herrigunetik aparte zeuden baserriei eragiten zien». Hainbat okinekin harremanetan jarri ziren zeraindarrak zerbitzua eskaintzen hasteko, baina ez zuten emaitzarik lortu.
Beraz, arazoa zena «aukera» bezala ikusi zuen Zerainlabek eta «irtenbidea bilatu nahian lanean hasi» ziren. Iñaki Intxausti herriko baserritar gaztearengana jo zuten: «Herriko ekoizle asko daude, aukera bat ikusi zen ogiaz eta egunkariaz gain, beraien produktuak banatzeko». Etxez etxeko banaketa egingo zuen laguna ere aurkitu zuten,?Maite Intxausti idiazabaldarra. «Gure baserrira egunero joaten da okina eta badakit nolako garrantzia daukan. Eskertzen da goizero ogia jasotzea etxean. Probatzea pentsatu dut», azpimarratu du Maite Intxaustik. Gonzalezen arabera, «oraingoz, Maite bere autoarekin dabil, baina diru laguntza eskatuta daukagu autoarentzako. Renting bidez edo alokatzeko edo…».
Banaketa guztia antolatzeko ere norbait behar zuten. «Egunero ogia labean egin, egunkariak prestatu, kontuak eraman… Aldabek egiten du hori, Mandio dendaren bidez». Errotaundiko ogia Mandioko labean egiten dute goizero; «larunbatetan baserriko ogia eskaintzen dugu, igandeetan banake- tarik ez dagoenez, gehiago irauten duelako. Dena den, igan-deetan herritar batzuek Mandioan bertan jasotzen dute», dio Aitziber Makatzagak.
Otsailaren 4a, santa eske eguna, aprobetxatu zuten Zerainlabekoek Zeraingo etxeetan etxez etxeko banaketa zerbitzuaren berri emateko, eta santa eskean lortutako diruaren erdia proiektua martxan jartzeko erabili zuten.
«Ia 40 etxetan uzten dugu ogia, herri kaskotik
kanpo dauden etxe gehienak dira»
Loli Gonzalez, Zerainlab elkartea.«Bideak erakutsiko digu zer behar sortzen diren»
Iñaki Intxausti, baserritarra.«Gure baserrira egunero joaten da okina
eta badakit nolako garrantzia daukan»
Maite Intxausti, banatzailea.
Erantzun ona izan du zerbitzuak eta otsailaren 19an etxean ogia eta egunkaria jasotzen hasi ziren egunero –igandean izan ezik– horrela eskatu duten zeraindarrek. «Ia 40 etxetan uzten dugu, herri kaskotik kanpo dauden gehienak dira. Jendea pixkanaka hasi da izena ematen». Interesatuek Mandiora dei dezakete: 943 80 17 05. Martxoaren 2an, berriz, esne pasteurizatua eta jogurtak banatzen hasi ziren. Iñaki Intxaustiren esanetan, «astearteetan eta ostiraletan banatuko ditugu Olaberritik ekarritako esnea eta jogurtak, aurrez eskaria eginda».
Proiektua garatzen
Proiektua, dena den, hasi besterik ez da egin, pixkanaka produktu gehiago eskaintzen hasiko baitira, proiektua bideragarria izan dadin. «Aurrera begira, beste produktu batzuk sartzen joango gara, ahal dela, bertakoak eta modu jasangarrian eta ekologikoan ekoitzita-koak». Eta era berean, zerbitzua esparru edo herri gehiagotara zabaltzeko aukera ere ez dute baztertzen: «Zerainen hasi gara, eta aurrera begira Mutiloa eta beste herri batzuetara zabaltzeko aukera aztertuko dugu, bideragarria izateko pausoak emango ditugu», nabarmendu dute.
Proiektu aitzindaria
Zerainen martxan jarri duten «proiektu aitzindariarekin» Zerainlab elkartearen hiru ardatz betetzen dituela zehaztu du Gonzalezek. «Batetik, elkarbizitza. Etxe askotan etxean izaten den bisita bakarra izango da banatzailearena». Eta bigarrena, ekonomia: «Batetik, denborarekin lanpostu oso bat sortzea da gure asmoa; eta bestetik, herriko eta inguruko ekoizleen produktuei irteera ematea». Iñaki Intxaustik gaineratu duenez, «orokorrean jende heldua bizi da eta baserrian bizitzea nahi badugu, zerbitzu hau nahitaezkoa da, isolatuta ez egoteko. Aurre hartuko diogu urte batzuk barru sor daitekeen egoerari. Autorik gabe gelditzen direnei zerbitzua eskaintzea alegia. Bideak erakutsiko digu zer behar sortuko diren».