Asier Iriondo
Goazen telesaileko gidoigilea zara eta ukitu batzuk egiteko agindua jaso duzu. Unai Agirreri eta Aitor Sarriegiri gai hori jarri zien Ane Belokik Legazpiko saioan. Ederra egin zuten, alegia, saio ederra egin zutela. Bertsoa.eus webgunean daukazu. Merezi du.
Eta zuk? Zer aldaketa egingo zenituzke? Kanten instrumentazioa aldatuko zenuke? Originalekiko fidelagoa izango zinateke? Elkarrizketak aldatuko zenituzke? Lokalizazioak? Harremanak aldatu edo irauli? Apaizak kenduko zenituzke, baina Ramon Agirre ez? Edo Ramon Agirre kendu eta apaizak ez? Irakasle eta ikasle arteko haserre gehiago sartuko zenituzke? Euskal gatazkari toki egingo zenioke? Esaterako, txio bategatik ikasle bat atxiloarazi? Eta irakasle zorrotzaren autoari su emango baliote? Koreografiak arindu edo zaildu egingo zenituzke? Pertsonaia umeagoak hartuko zenituzke edo heldu gehiago sartu? Gazte gizen gehiago sartuko zenituzke? Euskalkiak sartuko zenituzke?
Unai Agirrek eta Aitor Sarriegik ederra egin zuten, baina telesaila gehiegi ezagutu gabe. Xabier Zabaleta, Alvaro Carmona, Pedro Fuentes eta Jabi Elortegi aritu izan omen dira gidoigintza lanetan. Ez dute lan samurra. Zuk irakaskuntza ezagutzen duzu, umeen zaletasunak ere bai, eta euskal kantagintza ere seguru samar baietz. Nik uste, ni baino askoz egokiagoa zarela Goazeni buruz hitz egiteko.
Aitor Calvillo
Usteak erdia ustel askotan, Axier! Orojakilez beteta omen dago mundua, baina ez dut nik neure burua horrela ikusten. Hori bai, zuk esan bezala irakaskuntza munduaz ezer badakigu, 11 urteko seme bat ere badugu, eta kantagintza? Tira, kantuan gutxitan aritutakoa baina ezer jakin bai, hala uste dut nik behintzat.
Lehenengo galdera Manex semeari (zinez, nik baino zerbait gehiago badakiela Goazen telesaioari buruz). Zer nolakoa iruditzen zaizu apaizaren papera Goazenen? «Graziosoa eta desastrea», Manexen hitzak. «Baina beharrezkoa». Ramon Agirreren alde 15 puxtarri. Apaizaren alde zenbat? Hor utziko dut. Saioan entzundako abestiak kantatzen al dituzue gero aisialdian? «Bai», Manexek. Erreferente dituzte, gainera, bertan agertzen diren aktoreak. Aitana eta Paula Etxeberria lekuko. Ordiziarrak izaki, makina bat aldiz joanak dira euren etxe aldera ahizpa bikiak leiho inguruan ikusteko itxaropenaz, autografo bat eskuratuko ote duten edo… Baina aurrekoan azaldu nizun bezala, Goazen oasi modukoa ikusten dut nik oraindik ere euskararen normalizazio bidean. Aktore askoren sare sozialetako jarraipen txiki bat eginez gero (Instagram, Facebook…) segituan jabetuko gara euskara ez beste hizkuntzak direla nagusi.
Euskal kantagintzan hutsune bat betetzen ari direla gaztetxoen artean Goazeneko bertsio berrituak? Egiari zor, ezin uka hori horrela ez denik. Iruñea, Gasteiz eta bestelako lekuetan, orain arte ez bezala, gaztetxoak euskaraz kantuan jartzea lortu du telesailak. Erdal mundura inguratzeko amua ote euskal kantagintza? Hezkuntza arautuko arduradunek har dezatela nota!