Saltseroen artean saltseroenetakoa da Julen Iraola (Ordizia, 1996). Oraintxe, frente ugari ditu irekita; Segan eta Gaubela taldeetako abeslaria da, Belaino taldearentzat soinu teknikari lanak egiten ditu eta soinu teknikari ikasketak egiten ari da. Ordiziako Herri Antzokiko lan taldean ere badabil eta Ataun irratian kolaboraitzaile lanak egiten ditu. Gainera, orain dela gutxi Euskal Telebistako Bagoaz saioan agertu zen kantatzen, eta aurretik, Kantugiron ere parte hartu zuen, saioa irabaziz.
Nondik datorkizu saltsarako afizioa?
Egia esan, ez dakit, baina egia dena da betidanik gustatu izan zaidala saltsa. Gauza desberdinak probatzea dut gustuko. Umetatik kirola praktikatzeko ideia sartu digutenaren sentsazioa dut; niri, ordea, beste gauza batzuk ematen zidaten atentzioa. Kirola praktikatzea oso ongi dago, baina hortik harago ere badaude beste mila gauza. Ordizian, esaterako, kirol taldeek diru laguntza asko jasotzen dute. Kultur taldeek ere laguntza berdinak izatea ez legoke batere gaizki. Kontuan hartu beharko lituzkete kirola ez den gauzetan interesa dituzten pertsona edota taldeak.
Niri, irratiaren mundua, telebista, musika eta zinema gustatu izan zaizkit txikitatik, pasioak dira niretzat. Eta orain, guztiak uztartzea lortu dut.
Segan taldeko abeslaria zara.
Pasa den urtean jaiotako proiektua da Segan. Egan talde mitikoko Xabier Saldias taldea uzteko gogoz zegoen eta berak egin zidan proposamena. Lau urte ibili naiz plazaz plaza Egan taldearekin eta haientzat Com-munity Manager lanak egiten.
Esan daiteke Segan, Egan taldearen jarraipena dela. Segida eta Egan hitzak elkartzetik dator. Bi abeslari gaude, ni eta Izaro Markotegi legazpiarra. Dantzariak ere baditugu. Saldiasek zuen ideiari jarraipena emateko modua da. Herriko jaietan animazio lanak egiteko ikuskizuna dugu. Musika motari dagokionez, eskaintza zabala dugu. Haur, gazte eta helduentzako ikuskizuna da egiten duguna. Lau-bat orduko saioa dugu prestatuta jendea dibertzeko.
Nolatan ezagutu zenuen Saldias?
Orain dela urte dexente, Altamira auzoko jaietan izan ziren Egan taldekoak. Ni ere han izan nintzen ikusle bezala eta asko gustatu zitzaidan egiten zuten ikuskizuna. Ikusleek ikuskizunean aktiboki parte hartzen dute, eta horrela, nik ere kantatu nuen egun hartan. Hura izan zen taldearekin lehenengo kontaktua.
Hurrengo urtean ere Altamiran izan ziren eta harremanak estutzen joateko balio izan zuen. Izan ere, nire familiak Altamiran duen tabernan afaltzera ere gonbidatu genituen. Taldeko jarraitzaile sutsu egin nintzen denbora gutxian.
«Irratiaren mundua, telebista eta musika gustatu izan zaizkit txikitatik»
«Xabier Saldias Egan uzteko gogoz zegoen eta berak egin zidan proposamena»
«Segan, Egan taldearen jarraipena da, segida eta Egan hitzak elkartzetik dator izena»
«Egan taldearen ‘Mexiko’ kantuarekin irabazi nuen Kantugiro»
«Momentuz esku artean ditudan proiektuetan buru-belarri egin nahi dut lan»
Nolakoa da jarraitzaile zaren talde horretako abeslari izatera heltzea?
Gerta dakizukeen gauzen ar-tean gauzarik politena da. Saldiasek erretiratzeko gogoa zuen eta taldearekin jarraitzeko proposamena egin zidan. Nola esango nion ezetz?
Segan taldeko abeslaria ez ezik, Gaubela taldekoa ere bazara.
Gaubela proiektu oso berria da niretzat. Taldeak ibilbide luzea du, Egan taldearen garaikoa baita. Baina ni orain dela gutxi sartu naiz. Aurpegi berriak eta ukitu berri bat eman nahi zioten eta horregatik egin zidaten proposamena, eta nola ez, baiezkoa esan nien. Orain udako denboraldia prestatzen ari gara. Ea nola ateratzen den. Instrumentudun taldea da, erromeria girokoa. Ilusio handiz hasi dut ibilbide berri hau.
Soinu teknikari lanak ere egiten dituzu. Nolatan hasi zinen lan horretan?
Jakintza Ikastolan nenbilenean irratia genuen, eta hantxe eman nituen lehenengo pausoak. Urte dezente eman nituen han. Irrati hura geldituta zegoen eta ikasle talde bat biziberritzen saiatu ginen. Irratsaio bat egin genuen eta ni aritu nintzen kontrol mahaiarekin.
Ondoren, Segan taldearekin aritu nintzen soinu teknikari lanak egiten. Esperientzia pixka bat banuen, Jakintzako irratian eta Segan taldekoekin hartutakoa, baina gehiago ikasteko gogoa ere banuenez, soinu teknikari ikasketak egitea pentsatu nuen. Eta horretan ere ari naiz oraintxe.
Ataun irratia. Zer kontatu dezakezu horri dagokionean?
Lagun baten bidez jakin nuen proiektu honen inguruan eta Ioar Aizpuruarekin harremanetan jarri nintzen. Ioar Ataun irratiko sortzailea da, eta bera ezagutzean harrituta gelditu nintzen. Izan ere, 16 urte baino ez ditu eta orain dela bost urte jarri zuen abian Ataun irratia Internet bidez. Gurasoen laguntzarekin hasi zen beharrezko aparagailuak erosita. Bere izaera, mentalitatea, antolaketa… urrea balio duen mutila da.
Orain, proiektu horren parte ere banaiz beste hainbat kolaboratzailerekin batera. Irratsaio bat egiteko proposamena egin zidan Aizpuruak, baina saltsa gehiegitan nago sartuta oraintxe, eta nahiago nuen kolaboratzaile lanak egitea momentuz, eta halaxe ari naiz. Konfidantza handia sortzen didan proiektua da, ziur nago pixkana-pixkana hazten joango den irratia dela. Momentuz, bost urte bete ditu eta lanean jarraitzea da proiektu horretan sartuta gaudenon asmoa.
Kantugiro saioan ere parte hartu zenuen.
Ustekabekoa izan zen. Lagunekin kafe bat hartzen nengoela, ETBtik mezu bat jaso nuen Kantugiron parte hartu nahi ote nuen galdetzen. Une horretan ezin nuen sinetsi. Ordiziako festak ziren eta jende mordo baten aurrean kantatu behar nuen. Une hartan zer esan ez nekiela gelditu nintzen.
Hurrengo egunean baietz esan nien eta oso esperientzia polita izan zela aitortzen dut. Oso ongi pasatu nuen, eta irabazi egin nuen. Ez nuen horrelakorik espero, oso bat-batekoa izan zen. Egan taldearen Mexiko kantarekin irabazi nuen. Apropos aukeratu nuen kanta hori. Egan taldearen jarraitzaile sutsua bainaiz.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Momentuz esku artean ditudan proiektuetan buru-belarri egin nahi dut lan, guztiak aurrera segi dezan. Ilusio handia dut jarrita guztietan eta espero dut martxa onean jarraitzea.