Inaxio Usarralde
Aste berezia dinagu oraingoa, Joxepa: Aste Santua, edo nik izendatzea nahiago dudan moduan, Udaberriko oporrak ditinagu. Eguberriak Neguko oporrak eta udakoak izen berekoak izan beharko luketen gisa berean, nire uste apalean. Naturari eta solstizioei so jartzea besterik ez dun, ala? Aurten adinekoen zaintza lanak egokitu zaizkidala eta, harritu adina asaldatu naun hedabideen oporren tratamendua ikusita. Zer dun, bada, oporretarako sukarra txoko guztietara zabaldu beharra? Albistegi guztiak, hiru egun lehenago hasita, oporren gaiarekin zabaldu behar al dira? Munduan ez al zegon aurreragoko lanik? Bere garrantzia gutxietsi gabe, gure inguruan populazioaren zein proportzio bizi da turismoari esker? Jakina, gero, jendea demaseko kopuruan gerturatzen bada, sarrera kobratzen hasiko gaitun, Gaztelugatxe aldean zenbaitek proposatu duen moduan… Altzon ere, Handia filmaren tiradizoari segiz, zabaldu diten interpretazio gune berria eta gustura ditun… Bejondeiela, zinez! Hala ere, berehala zabaldu diten oharra: ez luketela nahiko gertakizun honek herriko bizimodua neurritik gora aztoratzea. Baina, zein dun turismoaren gainkarga kontuetan oreka jarri dezakeen maistra-maisua? Aizan, burutazioak burutazio, Joxemiel Iztueta, Lazkao Txiki betsolaria, zendu zela hogeita bost urte bete ditun joan den apirilaren 3an. Irudikatzen al dun, Lazkaomendiko Abalin ikusi nahian, aldapa osoa jende (auto) ilaraz josita?
Joxepa Madariaga
Putzu Aupa!, Inaxio, luze hitz egiteko gaia aukeratu duk eta to! nire alea, labur. Oporrak, kanpora irten beharra, turismoa, turistak, lekuak gainezka, betekadak, diru sarrerak… Neurria hartu nahi, baina nola? Altzotarrek aurreikusi ditek herrian sor litekeen arazoa eta ondo hasi direla uste diat, poliki, kontrolatuz. Herri euskalduna ez ahal duk espainol bihurtuko Handia dela eta ez dela…! Zorte ona opa zieat.
Altzotik Lazkaomendira salto. Gain zoragarria duk gurea ere, arnasgunea, mundua ikusten duk bertatik. Baserriak, etxeak, tabernak, elkartea, iturriak, oinezko ibilbideak, lolekuak, zalditegia … eta Abalin baserria, Joxemiel Iztueta, Lazkao Txiki bertsolari handiaren sorlekua. Baduk zer ikusia, baduk non gozatua. Oinezkoen eta autoen prozesiorik ez diat espero, ezta nahi ere!, baina arratsalde-pasa polita antolatu diagu maiatzaren 19rako: arratsaldeko 3retan Lazkaoko plazan elkartu eta aspaldian sasiak hartuta zegoen bide txukundu berritik, PRGI03tik, hain zuzen, oinez, patxadan, igoko gaituk Abalin baserrira. Han Joxemielen gela ikusiko diagu, beraren argazkiak, berak irabazitako garaikurrak, beraren liburu kuttunak eta … sehaska!; jaio zenean, amaren altzoan ez zenean, egoten zen ahabia. Bertso dotoreak ere jarri zizkioan sehaskari, eta Joxemielen arima eta bihotza sentituko dizkiagu bisitan. Hitzordua hor zagok, beraz, animatu eta etorri, nahi duzuenok.