Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, 1968) hainbat liburu idatzi ditu, gehienak haurrentzat. Elkar argitaletxeko editorea da. Haur eta gazte literaturaz ere hitz egin du, hilaren 2a nazioarteko eguna izan zela eta.
Editorea zara. Zein da zure lana?
Editore lana ezezaguna da eta ez dago editore izateko ikasketarik. Ofizioa asko aldatu da azken urteetan. Editoreak bi gauza egin ditzake. Alde batetik, sortzaileek bidaltzen duten lana irakurri, baloratu eta bidea eman edo ez eman erabaki. Batzuetan, egilearekin batera, testuaren hobekuntzan parte hartzen du. Zeren arabera ematen zaion baiezkoa??Kalitate literarioaren, argitaletxeak duen katalogoaren eta bideragarritasun ekonomikoaren arabera. Batzuetan bideragarritasun ekonomikoa ez duten lanak argitaratzen ditugu, balio handia dutelako.
Hau dena ez dut bakarrik egiten, edizio talderekin batera baizik. Talde horretan bideragarritasun ekonomikoa neurtuko dutenak, diseinatzaileak… daude. Editorea koordinatzailea da.
Jasotako lanak baloratzeaz gain, editoreak beste lan bat egiten duela esan duzu.
Batzuetan gure katalogoan liburu zehatz batzuk faltan ditugu eta liburu horien bila joan beharra dugu. Orain arte, ez zen horrenbeste egiten, beharrik ez zegoelako.
Nola egiten da bilatze lana?
Alde batetik, itzulpenak egin daitezke. Baina normalean ez dira errentagarriak, itzultzaileari ordaindu behar baitzaio. Bestetik, proiektuak probokatu ditzakegu. Nola? Era bateko pertsonaia duen era bateko bildumak funtziona dezakeela uste badugu, argumentu posibleak sortu eta idazle eta ilustratzaile batekin harremanetan jartzen gara. Hala, egitasmoa beraiekin garatzen dugu.
Enkarguak ondo hartzen al dituzte?
Gehienek beraien proiektu propioak dituzte, baina idazleek lana eta argitaletxearekin harremana behar dituzte. Eskaintzak gustura hartzen dituzte.
Ez al da gogorra egiten sortzaile baten lana aldatzea?
Idazle batzuk ez dute aintzat hartzen editorearen lana, baina ez dira konturatzen argitale-txeak lan bat publikatzen duen bakoitzean bere baliabideak arriskuan jartzen dituela. Dena den, gehienek ondo hartzen dute editorearen lana. Guretzat ez da erraza lan batean aldaketak egitea. Bertigo handia ematen du.
Zu zeu idazlea zara, gainera. Haur eta gazteentzako liburuak idatzi dituzu batez ere. Nola ikusten duzu haurrentzako literatura?
Garai ezberdinak egon dira. Elkar 1980ko hamarkadan sortu zen. Euskara debekuetatik atera zen eta ez zegoen ezer. Gure hartzaile nagusiak ikastetxeetako haurrak ziren eta lehen idazle eta editoreak irakasleak izan ziren. Hala sortu ziren argitaletxe gehienak. Garai hartan itzulpen asko egin ziren, bertako sortzaileen lanekin ez baitzen nahikoa. Oso urte oparoak izan ziren. Eskolek ekoizten zen guztia irensten zuten.
1990eko hamarkadan Elkar argitaletxeak Ttarttalo sortu zuen. Ttarttalo produktu berriak egiten hasi zen:?pegatinak, margotzeko liburuak, denbora-pasak, albumak… Gainera, formula berezi bat sortu zen:?koedizioa. Euskal argitaletxeek askotan ez dute material zehatz bat egiteko baliabiderik. Beste argitaletxe batzuekin batera lan eginez gero, tiradak handitu egiten dira eta kostuak murriztu.
«Editore lana ezezaguna da eta ez dago editore izateko ikasketarik»
«Irakurzaletasuna kazetaritza, album, testu dibulgatibo… bidez ere landu daiteke»
«Sortzaile berriak behar ditugu eta merkatua mugitu behar dugu»
«Nire hurrengo lana helduentzako poesia liburu ilustratu bat izango da»
Zer esan dezakezu mende honetan emandako pausoez?
Lehenengo hamarkada kalitatearen, aniztasunaren eta profesionaltasunaren garaia izan zen. Bestalde, gaztelerazko haur literaturaren konpetentzia heldu zen. Gaztelerazko argitaletxeek beraien marka propioak sortu zituzten Euskal Herrirako eta gure merkatuan sartu ziren. Euskarazko liburuak argitaratzen dituzte, baina aldi berean gaztelerazko liburuak sartzen dituzte. Hala, konpetentzia oso gogorra da. Horretaz gain, sortzaile gazteak heldu dira. Estilo berri bat dute eta ez dute ikastetxeetara begira lan egiten. Bukatzeko, mende honetan ilustratzaileen figura oso garrantzitsua bihurtu da. Profesionalizatu egin dira, askok kanpoan ikasi dute eta antolatu egin dira.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Aldaketa une batean gaude. Azken urteetan literaturaren balio pedagogikoa asko landu da eta horren izenean asko argitaratu da, baina egungo parametroak beste batzuk dira. Gauza berriak sortu behar ditugu. Zergatik landu dira gramatika eta irakurzaletasuna literaturaren bitartez? Uztartze hori literaturaren kalterako izan da. Irakurzaletasuna kazetaritzaren, albumen, dibulgaziozko testuen… bidez ere landu daiteke. Jende askori ez zaio literatura gustatzen eta zilegi da. Gainera, haur askori literatura eskolako ikasgai bat dela iruditzen zaie eta literaturaren dimentsioa galdu egin da irakurzaletasunarekin bakarrik uztartu delako.
Literaturak badu balio ez praktiko bat. Ondo pasatzeko ere izan daiteke. Edo sortzeko. Edo ezertarako. Zergatik ematen dituzte Sarriren testuak EGA egiteko orduan? Azke-nean gorrotatu egiten dituzu.
Zer egin beharko litzatekeela uste duzu?
Ez dago dena sortzeko, esperientzia bat dago, gauza batzuek emaitza onak eman dituzte… baina 1980ko esperimentazioa berreskuratu behar da, literaturari dimentsio handiago bat emateko. Orain arte eskolaren bitartez txertatu dugu gizartean eta eskolatik ateratzea ona litzateke. Sortzaile berriak behar ditugu eta merkatua mugitu behar dugu. Badakigu zer egin (komikiak, albumak, ezagutza liburuak, dibulgazio liburuak…), baina merkatua oso txikia da eta ezin dugu dirua galdu.
Apirilean haurrentzako ez den liburu bat argitaratu behar duzu.
Ez nuen esan «haur literatura egingo dut». Idazten hasi nintzen eta adin jakin bateko haurrentzat erakargarria izan zitekeen ahots bat nuela konturatu nintzen. Bide bat egin dut, ofizioa ikasi dut eta beste zerbait egiteko gogoa dut. Hurrengo lana, apirilean argitaratuko dudana, helduentzako poesia liburu ilustratu bat da.