Pazko Astean gaude, Aste Santua pasa berritan. Ez naiz ni santu eta erlijio egunak ondo gogoratzen dituen horietakoa, baina Aste Santua ez zait hain erraz itzuriko, gorri-gorri baitaude markatuta egunak egutegian, eta jakin badakigu kontu korronteetako gorriak ez bezala, zeinen gustura bereizten ditugun jaiegunak, askotan zerk bultzatutakoak diren edo oinarrian duten arrazoiari ia erreparatu ere egin gabe.
Benetan nekatuta iritsi naiz martxo bukaerara, eta gustura hartu ditut atseden egunak, ospatzeko ezertxo ere ez izanagatik. Azken batean, ordenagailua off iraunkorrean uz-teak eta ordulariari etengabe begiratu behar ez izateak ematen didan plazera deskribaezina baita. Pasa dadila denbora, tik-tak, besterik gabe.
Alabaina, bada Aste Santua modu berezian bizi duenik, eta ez naiz ari Ebroz beherako ohiturei buruz soilik. Geure herrian, esaterako, ia 40 urteren buruan, berriro kaleratu dituzte erlijio irudiak, prozesioan. Herritar talde batek, parrokoarekin elkarlanean, 12 irudi atera zituen martxoaren 25ean. Kaleetan zehar ibiltzeko asmoa zuten, baina euriagatik, elizako aterpeetara mugatu omen zuten ibilera.
Hautsak harrotu ditu egitasmoak. XXI. mendean atzerapauso hori nola eman litekeen, nola ausartzen diren haurren eta horrelakoak gustuko ez dituzten herritar ugarien aurrean irudi horiek pasieran ibiltzen, zergatik ez dituzten horrela-koak eliza barnera mugatzen… eta, tartean, Munillaren segiziokoa den apaizari buruzko hamaikatxo hitz eder.
Herri askotan bezalaxe, geurean ere badugu sare sozialetako Ez zara Legazpikoa… taldea, eta gaiari buruzko iritzi trukea su betean aritu da, asko sutan jartzeraino. Ez baitute denbora askorik behar izan prozesioaren aldekoek bekozkoa belztu, eta errespetua eskatzeko, «Gustuko ez baduzu ere, errespetatu», esanez.
Eta hortxe nire buruhaustea… Zer ote da errespetua? Non hasi eta bukatzen da? Zer errespetatu behar du zerbait egin nahi duenak, eta zer, zerbait hori egitea nahi ez duenak? Definizioaren arabera, jarrera bat da errespetua, gainerakoen eta gainerakoek egiten dutenaren balioa eta duintasuna aitortzen duena. Baina antza, ez gaude ez aitorpenak egiteko, ez aitortuak izateko. Hala, sare sozialeko talde horretatik ateratzeko erabakia ere hartu du prozesioaren aldeko bateren batek, gaiari buruz jendeak esandakoan errespeturik eza sumatu duelako, minduta nonbait.
Eta ni tripako minez, talde horretan bertan plazaratzen diren iritzien ehuneko handi bat gaztelania hutsean doalako. Pertsona batzuek ulertuko ez duten beldurrez-edo elebitan beharko zukeena elebakar kastellano bihurtuta. Begira, ba, horrexek min niri. Bakoitza bere eroak bizi baitu! Baina tira, errespetua…
Eta errespetua eskatu diogu oporraldi hauetan eguraldiari ere; arren, errespeta zitzala aire zabalean igaro genitzakeen orduak; baina itzalpean eman ditu egunik gehienak gure Lorentzo egoskorrak. Eta lerrook idaztean itzalpean jarraitzen du, tamalez, Alemaniako muga gainditu berritan atzeman zuten beste hark ere. Hori bai, seguru poliziakideek errespetu osoz atxilotu zutela, horixe baita ahots itoz eskatzen duguna. Errespetua bai, baina…