Eneritz Gorrotxategi
Udaberrian sartuta, negua atzean geratu zitzaigula pentsatzen genuen baina udaberria ez da makal hasi! Ez dakit eguraldia bera aldrebesten den bakoitzean politika arloa ere ez ote den gehiago korapilatzen. Udaberrian txoriak kantuan hasten diren eran, batzuk mokoka hasiak dira jada. Estatu Batuen eta Txinaren artean sortu den muga-zerga gatazkaz ari naiz. Batak altzairuari eta aluminioari jarri eta besteak, zerrenda luzearen artean, frutari, fruitu lehorrei, ardoari eta txerrikiari jarriz erantzun. Baina badirudi hori euren artekoa dela soilik eta guri ez digula eragiten. Urruti ikusten dugu.
Gertuago baditugu mokoka eta kantuan batera ari direnak. Frantzia eta Ipar Euskal Herriaren artean; presoen auzian sintonia berberean hasi dira kantuan, edo beste era batera esanda, elkar ulertzen, elkarrizketan. Baina ETAren armagabetzea gauzatu zenetik urtebetera, Baionan jarri den eskulturarekin sortu da ika-mika. Askotan ikusi izan den aizkora, lurpean sartzeko keinua eginagatik eta hortik arnas berriak eta kimu berriak bestelako zuhaitz bat sortuko dutela aldarrikatu arren, batzuentzat sekula ez da nahikoa izango.
Bestalde, ez nuke ahaztu nahi, Frantziako Hezkuntza Ministerioak Seaskari egin dion azkena: datorren ikasturterako ikasle berri gehiago badituzte, jendeak hezkuntza eredu hori maite badu, zergatik ezin ote dio onartu eta eskatutako irakasle kopurua negoziatzeari ekin? Arlo batean adostasuna lortu arren, bestean oraindik ere mokoka jarraitzea beharrezkoa ote? Ezin esparru honetan ere elkar ulertu eta sintonia berean kantuan egin? A! Baina, euskaraz bada, hobe. Ezta?
Ion Muñoa
Txantxangorria euskararen sinbolo bihurtua da azken urteotan Euskararen txantxangorria kanpainaren baitan. Ikur perfekturik ez dago (Arbolaren egia eskulturarekin sortu den ika-mika erakusle). Baina naturatik gertuen (nahiz urrun) bizi garen baserri inguruetakook badakigu txantxangorria ez dela taldean hegan ibiltzen, telebistako kanpaina hark zioen moduan, araba-zozoen irudiak erakutsiz. Txantxangorria euskal iruditerian gustuko txoria izan arren, euskararen ikur gisa ez dakit egokiena ote den.
Udaberriaren hasieran ezin dugu ahaztu kukuaren etorrera, eta kukuak txantxangorriari egiten diona. Hor ere badago sinbolismoa. Eta Frantziako estatu zentralistan, kuku handiak ez ezik astore eta zapelatz bortitzak ere ugari dira Parisen. Mokoka ibiltzea baino hobe izango da sintonia berean kantatzea; nola ez! Baina sintoniak ezin du joan kukuak txantxangorriari egiten dionaren melodian.
Sintonia bera ez edukitzea ona izan daiteke. Arazoa da, ordea, sintonia berbera ez dagoenean nola bideratu aurrera begirako elkarrekiko kantua. Botere harremanak, elkarbizitza, aniztasuna… eta ezagun ditugun kontzeptu horiek guztiak. Edozein urtarotan, naturan oreka badago, baina errespetuzko elkarbizitza justurik ez. Justiziaren kontzeptua erabat gizakiarena da; demokraziarena den bezala. Horiek sintoniaren zuzendari nahi ditugun, edo adornutarako primaberako liliak ditugun, erantzuteko garai polita da hau. Baina halako putzuetan sartu gabe ere, ez ote da hobe ika-mika antzuen zurrunbiloan ibili beharrean, esnatzen ari den naturaren edertasunari begira gozatzea?