Ordiziarentzat eta ordiziarrentzat berezia den urte honetan, herriaren 750. urteurrena aitzakiatzat hartuta, Ordiziako kultur eragileek elkarlanean Udaberri fest antolatu dute larunbaterako Oiangun. Besteak beste, ondorengo helburuekin antolatu dute festa hori: batetik, herriak duen kultura aberastasuna balioan jarri eta ezagutarazteko; bestetik, kultur eragileen arteko sinergiak sortzeko; eta azkenik, etorkizunari begirako herriko kultur baliabide eta eskaintza lantzeko.
Elkarlanetik sortutako proiektu hori iaz abiatu bazen ere, urte asko daramatzate kultur eragileek herrira begira lanean, eta hori, urtean zehar herrian dagoen kultur eskaintzan, nabarmen islatzen da. «Ordiziaren 750. urteurrena den honetan, herriaren kultur agendari eskaintza berriak ekarri baino, daudenak indartzeko asmoa dugu» adierazi du Izaro Intsaustik, Amets Bideko elkarteko kideak.
Egitarau oparoa
Batetik, Ordizia elkartuz izeneko emanaldi berezi batean ari dira lanean eragileak. Urrian Ordiziarock ekintzen barruan egingo dute hori. Askorik ez dute aurreratu, baina Intsaustik berak esan duenez, «emanaldia herriko talde eta eragile askoren artean» ari dira antolatzen.
Bestetik, bihar, larunbata, «Oianguko erromeria berreskuratzeko ahaleginean», erromeria hori oinarri izango duen udaberriko festa antolatu dute, Intsaustik argitu duenez. Erromeria, Belaño talde ordiziarraren eskutik izango da eta egun honetan, 750. urteurreneko abestiaren estreinaldia egingo dute.
Bihar, arratsaldean egingo dute erromeria, 16:00etan hasita. Haurrentzako jolasak, tailerrak eta eskulanak egingo dituzte lehenik. Jarraian, mezuak idatzi eta globo banaketa egingo dute, ondoren globoak aireratzeko. Buruhandiak eta erraldoiak ere izango dira, Azen taldearen eskutik. Eta azkenik, Belaño taldearen emanaldia izango da.
Festa baino harago doan eguna izango da ordea. Izan ere, «jaiari kausa solidarioa emango» diotela esan du Amets Bideko kideak. «Pausoka taldearekin batera behar bereziak dituzten haurren alde globoak aireratuko» dituzte. Pausoka elkartea behar bereziak dituzten umeen guraso taldea da. Gaur egun 100 familik osatzen dute eta tratamenduak emateko bi zentro kudeatzen dituzte.