Udaberria iritsi da negu hotz eta euritsuaren ondoren. Gure etxeetako argindarraren eta gasaren faktura begiratzea besterik ez dago gogorra izan dela jabetzeko. Edozein kasutan, ordaintzeko modua edukiz gero, gaitz erdi. Izan ere, ezingo ditugu ahaztu, etxea izan arren, zenbait fakturari aurre egiteko modurik ez duten hainbat eta hainbat herritar, erretiratu asko besteak beste, beren bizi-baldintza eskasak hobetzeko kalera protesta egitera irtetea erabaki dutenak.
Horrenbestean, otsailaren amaieran, jakin genuen Bruselako alkateak, hotz-erasoei aurre egin nahian, hiriko teilaturik gabeak gauez aterpetxeetara eramateko agindu zuela. Babesera joateari uko egin zioten hamar lagun atxilotu zituzten, Belgikan legeak ez baitu ametitzen borondatez kontra ka-lean bizi direnak aterpetxeetara eramatea, beren erabakitzeko eskubidea aintzat hartuz. Beraz, gauzak horrela, diseinatzaile talde batek eman dio irtenbidea auziari, kartoizko etxetxo batzuk asmatuz, origami izen japoniarraz izendatu dituztenak. Marka beti da funtsezkoa promozioa egiteko garaian.
Kartoizko babesleku tolesgarri hauek akordeoi forma dute, pertsona bakar edo birentzat pentsatuta daude, eta motxila baten moduan egokitu daitezke leku batetik bestera eramateko. Diseinatzaileek kalean bizitzeak dakartzan bestelako arriskuak ere hartu dituzte kontuan eta etxetxoaren alde banatan irteera batzuk egokitu dituzte, inork teilaturik gabekoei eraso egin eta ihesi irten behar badute. Datorren negurako ekimen bitxi bat jarri dute hirian abian: 30 eu-roan teilaturik gabeko bat babesean har dezake edozein hiritarrek, origamirik gabe inor gera ez dadin. Sekulako arrakasta izan du ekimenak eta guztien onerako izan da diotenez: diseinatzaileak, kartoi ekoizleak, etxetxoak egin dituzten gizarteratzeko arazoak dituzten pertsonez arduratzen diren elkarteak eta, noski, teilaturik gabeak. Aipatzekoa da Bruselako kaleetan 2.600 pertsonek egiten dutela lo, eta guztientzat behar adina aterpetxe badagoela.
Bien bitartean, iazko udaz geroztik, Bangladeshen 700.000 errefuxiatuk, Myanmarko rohingyak, eginahalak egiten dituzte bizirik irauteko banbuz eta plastikoz eraikitako babeslekuetan. Saiatu naiz exodo hau eragin duten arrazoi geopolitikoak ulertzen. Datu esanguratsu bakarra atxiki dut buruan: rohingyarren lurraldean munduko opio kantitaterik handiena sortzen da, Afganistanen ondoren. Ez dakit nahikoa arrazoi izango den halako garbiketa etnikoa arrazoitzeko.
Aipaturiko horien eta munduan zehar barreiatuta dauden beste milioika errefuxiatuen erabakitzeko eta bizitzeko eskubideak ahaztu dituzte agintariek, eta, ordainetan, babesleku bat izateko eskubidearekin zuritzen dute euren burua. Abuztuaz geroztik ACNURek Bangladeshera plastikozko 1.500 tona metro kanpadenda garraiatu ditu hegazkinez errefuxiatu eremuetara.
Ez dakit gure mundu honetan zein eskubide gailendu behar zaigun gizakioi: erabakitzeko edo bizitzeko eskubidea. Garbi dago erabakitzeko eskubidea izateko, lehenengo aterpe bat izan eta argindarraren faktura ordaintzeko modua eduki behar dela.