Pentsiodunak eta jubilatuak borrokan ari dira. Pentsioen igoera duin bat eskatzen dute. Eskaerak dimentsio zabalagoa dauka, euren borroka ez baita beraien eskubideen aldekoa soilik, baita datozen belaunaldien aldekoa ere.
Gizarteak porrot egin du bere adinekoak zaintzen ez baditu, areago zigortzen baditu. Bizitza duin baten eskubidea ezin da negoziatu eta pentsiodunak zein jubilatuak ez daude negoziatzeko prest. Hori da kalean eskatzen ari direna: duintasuna. Eskaera herrietan astero-astero deitzen dituzten elkarretaratzeetan egiten ari dira. Hirietan aldarrikapena ozenago egiten dute den-denak haietan elkartzen direnean. Baina, eskaerez harago, nola sentitzen dira?
Legazpin astelehenero elkarretaratzea deitzen dute eta 200 lagunetik gora biltzen dira udaletxearen aurrean. Oraindik ez dute pankartarik, eta taldetxoetan elkartzen dira bizi duten egoeraz nahiz borrokaz mintzatzeko. Batek ahots goran esan du akaso ez duela ezertarako balio, hala ere, dioenez, ez dute amorerik emango.
GoiBerri-k hitzordua egin du Legazpiko elkarretaratzeetan parte hartzen duten hiru pentsiodunekin. Egin dituzten adierazpenetan detaile pertsonalak zeharrean sartu direnez, nahiago dute izenik ez jartzea eta izenik ez da azalduko. Alabaina, hiru pertsona horiek edozein jubilatu zein pentsiodun izan daitezke. Haragi-hezurrezko lagina dira.
Hiruretatik bat emakumezkoa da. Ez da sekula ezkondu. Etxetik kanpo lan egindakoa da eta bere egoera ekonomikoa ez da txarra, baina gertutik ezagutzen ditu horren egoera onean ez daudenak. «Caritasen laguntzen dut eta handik ikusten dena latza da. Gosea ere zer den badakien jendea bizi da gure artean». Gosea aipatu eta beste bi kideak harriduraz begiratu diote: «Gosea?», galdetu diote. Andreak berretsi egin du baieztapena: «Bai, gosea. Elikagai Bankura doaz, baina hura ere hezurretan dago jada». Gertu ditu, baita ere, daukaten gutxia bere senideekin partekatzen dituzten adinekoak.
Beste kide baten testigantza antzeko bidetik doa. «Bizitza osoan lan egin eta gero, oso egoera kaskarrean daudenak gertutik ezagutzen ditut. Lan egiten zuten enpresak itxi ondoren, jubilatu aurreko hamabost urteak hainbat tokitan lan egin ondoren, pentsio ziztrina geratu zaie 35 urtez Gizarte Segurantzan kotizatu duten arren».
Emakumezko alargunen egoerak bereziki kezkatzen du hirugarren kidea, «senarrak kobratzen zuen pentsioaren %52 jasotzen dute». Gutxien jasotzen duten alargunentzat %3ko igoera onartu du Espainiako Gobernuak, «ez da nahikoa inondik ere». Beste datu bat ekarri du: «Gure belaunaldikoon etxe gehienetan pentsio bakarra sartzen da. Ezkondu eta gure andreek lana utzi zuten belaunaldikoak gara gu. Pentsio bakarrarekin bizi dira eta pentsio hori, gainera, ez da oso handia».
Bi aldiz borrokatu
Urteetan atzera eginda, eta kontuak ateraz gero, 1950eko hamarkadatik hurbil jaiotakoak dira orain kalean protestan ari direnak. Kontuekin jarraituz, 1960ko, 1970ko eta 1980ko hamarraldietan hainbat eskubide oinarrizkoen alde kalean borrokatu ziren pertsona berberak dira egungo pentsiodunak.
«Guk greba bidez lortu genituen eskubideak galtzen ari gara orain, eta galtzaileak ez gara gu bakarrik, gure seme-alabak ere galtzen ateratzen ari dira». 15 eta 17 urterekin hasi ziren lanean eta sindikatuetan nahiz alderdietan militatu zuten. «Garai hartako aldarrikapenak gori-goriak ziren –elkartzeko eskubidea, greba eskubidea…–. Lehen indarra egiten genuen eta kolpeak jasotzen genituen, baina zer edo zer lortzen genuen».
Lan grebak eta greba politikoak ezagutu dituzte. Gerora gertatu dena azaldu du kide batek: «Gu langile klasea ginen, eta gure egoera ekonomikoak hobera egin zuen heinean geneukan hura galtzeko beldurra sartu zitzaigun. Hala otzandu ginen».
Egun, aldarrikapenen premia ezinbestekoa dela deritzote. Zailtasunak sumatzen dituzte hala ere, emakumezkoak dioenez: «Gazte jendeak ilusioa galdu du eta adinekook dugun apurra galtzearen beldur gara». Aitzitik, borrokak luze joko duela jakin badakiten arren, ez daukate amore emateko asmorik. «Gure kezka datozen belaunaldien egoera da, etorkizuna zailagoa izango dutela uste dugu eta haiengatik ere ari gara».
Gizartearen beste sektore batzuen atxikipen faltaz mintzatu dira: «Hirietan egin ditugun manifestazioetan denetariko pertsonak biltzen zaizkigu, herrietan zailagoa da».
Ez da soilik pentsioen igoera horren txikia izatea –%0,25–, arazoa handitu egiten du, esate baterako, argindarraren prezioaren igoerak. «Poliki-poliki asko galtzen ari gara. Krisia amaitu dela esaten da, baina egoera ez da normaldu. Sindikatuak ez dira mobilizatu, oposizio politikoa ez da mobilizatu. Gu ere akaso lehenago hasi behar ginen borrokan». Lehenago edo beranduago hasi, adine-koak dira borrokaren lema hartu dutenak. Badago zer ikasia.
Zer salatzen duten pentsiodunek, eta zer eskatzen duten
Otsailean atera ziren kalera aurrenekoz. Adineko pertsonek kaleak bere egin zituzten pentsioen egoera salatzeko. Orduz geroztik gehiagotan atera dira eta Goierriko hainbat herritan astero-astero elkarretaratzeak egiten dituzte. Deialdiok bereziki jendetsuak izaten ari dira Goierri garaiko herrietan.
Zer salatzen dute? «Pentsiodunen erosteko ahalmena nabarmen doa behera». Izan ere, Espainiako egungo gobernuak, eta aurrekoek «berdin-berdin», pentsioen %0,25eko igoera gauzatu dute. Gizarte Segurantzako kaxa bakarra «hutsik dago ia». Hitzok Agijupens, Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkarteak zabaldutako manifestutik jasotakoak dira.
Pentsiodunek, askotan, familien sostengu izaten ari direla aldarrikatu dute: «Pentsio baxuak jasota ere, zuzenean edo zeharka ekonomikoki laguntzen diegu gure senideei».
Salatzen ari dira, bide batez, «gobernuak pentsioen kaxako funtsak bere onurarako erabili» dituela, «eta berehala itzul ditzatela eskatzen dugu». Alargunen egoerari bereziki erreparatzen ari dira protestetan. «Egungo egoera bidegabekeria bat da eta hainbestetan agindu bezala %70eko igoera egin dezatela exijitzen dugu».
Lan pertsonalaren etekinen gaineko zerga birritan ordaintzen ari direla ere salatu dute. Diotenez, lanean ari zirenean zerga aplikatu zitzaien eta pentsioetan berriro aplikatzea ez da zuzena inondik ere, «itzuli diezagutela berehala».
Espainiako Lan ministra Fatima Bañezek Toledoko Hitzarmenean esan zuenak asaldatu zituen pentsiodunak. Ministrak pentsiodunak «zorionekoak» direla esan zuen, «beste bizilagun asko eta asko bizi diren prekarietatetik eta zailtasunetatik libre daude». Pentsiodunek diotenez, ministrak esandakoa «gezurra izateaz gain, perbertsioa ere bada».
Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen elkar-teak 37.000 bazkide inguru ditu. Kopurua gora doa. Elkarteak adineko pertsonak gizartearen partaide aktibotzat ditu eta merezitako eskubideen jabe direla azpimarratu du.