Beasaingo Irene Lasa Lopez Malaysiako Kuala Lumpur hiriburuko britainiar eskolako gaztelerako irakaslea da. Bi urte daramatza bertan 2 eta 8 urteko haurrekin lanean, eta Malaysiako aniztasunak harritu du gehien.
Etxetik urrun du lantokia Irene Lasa beasaindarrak, Asiako kontinente urrunean dagoen Malaysian. Kuala Lumpur hiriburuko The British International Schooleko irakaslea da. Duela bi urte iritsi zen bertara, eta lanbidea eta zaletasuna uztartzea lortu du Lasak: «Betidanik gustatu izan zait bidaiatzea eta kultura desberdinak ezagutzea».
Nafarroako Unibertsitatean egin zituen irakasle ikasketak, eta Indian praktikak egiteko aukera izan zuen. Beasaindarraren esanetan, «asko gustatu zitzaidan nazioarte mailako ikastetxe batean lan egiteko esperientzia». Beraz, unibertsitateko azken hilabetean, ikasketa amaierako proiektua egiten ari zela, Nafarroako The British School ikastetxean lan egiteko aukera izan zuen hiru astez, irakasle laguntzaile bezala. Abuztua eta amatasun baja bat tarteko, zazpi hilabetez aritu zen bertan. Bukatutakoan Dublinera [Irlanda] joatea erabaki zuen ingelesa hobetzera: «Hiru hilabeteko ikastaro trinkoa egin nuen bertan Advanced azterketa gainditu arte».
Dublindik Malaysiara
Baina Dublinen zegoen bitar-tean, atzerrian lan aukerak bilatzen jarraitu zuen: «Oso pozik egon nintzen British School Foundation enpresan lanean eta horregatik mundu mailan dauzkaten ikastetxe guztietara [55] curriculuma bidaltzea erabaki nuen». Malaysiako hiriburuko ikastetxeko webgunearekin topo egin zuen orduan: «Haur eta Lehen Hezkuntzan gaztelera hizkuntzako irakaslea behar zutela irakurri nuen». Curriculuma bidali eta aste batzuk beranduago Lasarekin harremanetan jarri, bi elkarrizketa egin eta aukeratua izan zen. Bi urte daramatza bertan eta beste bi urte gehiago egiteko aukera ere badauka: «Beste bi urteko kontratua sinatu nuen otsailean. Hala ere, urte betez bakarrik egoteko aukera ere badaukat abenduaren 3a baino lehen eskolan jakinarazten badut».
Bi eta zortzi urte bitarteko haurrei gaztelera erakusten die. Aukerako ikasgaia da, Mandarin hizkuntzarekin batera. Beasaindarraren esanetan, «bata edo bestea aukeratu behar dute, eskolan hasten diren momentutik».
Hezkuntza oso anitza
Oso anitza da Malaysiako hezkuntza sistema, publikoa, pribatua eta homeschooling-a. «Malaysia bere aniztasunagatik da ezaguna, kulturan eta erlijioan, nahiz eta herrialde musulmana izan. Eta horrek ere hezkuntzan du eragina, aukera ugari eskainiz». Hala ere, «hezkuntza publikoa Euskal Herrian kalitatekoa da, baina Malaysian, tamalez, ez. Eskola pribatuak oso onak dira hemen eta lehia handia dago hauen ar-tean». Pribatuan aukera handia daukate nazioarte mailako ikastetxeetan, «curriculum britainiarra jarraitzen dutenak, amerikarra, frantziarra, alemaniarra, australiarra eta japoniarra, besteak beste». Britainiar-nazioarteko curriculumean oinarritzen du bere izaera Lasaren eskolak.
Hizkuntzari dagokionean, «Euskal Herrian euskara derrigorrezkoa den bezala, malay-bahasa hizkuntza ere derrigorrezkoa da hemen ikastetxe guztietan. Dena den, Malaysian jaiotako umeentzat bakarrik da derrigorrezkoa, eta ikasgai bezala». Bestalde, ingelesa Malaysian denek dakite, gutxi bada ere. «Euskal Herrian, ingelesaren garrantziaz kontzientziatzen hasi arren, asko dugu hobetzeko, eta hau eskoletan lantzen hasi beharko litzateke».
Ikasteko gogoa
Eskola ordutegiari dagokionean, zortzi orduko eskola jarduna izaten dute, 07:30etik 15:30era. «Eskolan bazkaltzea derrigorrezkoa da bai ikasleentzat, bai irakasleentzat ere». Izan ere, hezkuntzak garrantzia handia du malaysiarrentzat. «Irakasle izatea hemen zoragarria da. Familiek eta ikasleek irakasleekiko ikaragarrizko errespetua dute eta baloratuak gara asko». Oro har, haurrek, ikastea gogoko dutela dio: «Eta gehiago ikasteko prest daude beti. Nire ikasleek etxeko lanak eskatzen dizkidate!». Hori bai, «gure eskolako ikasle gehienek jolasteko denbora askorik ez dute, eskola ondoren jarduera ugari egiten dituzte eta: musika tresnak jotzen ikasi, igeriketa klaseak edo bestelako kirolak, hizkuntza berri bat ikasi… Halaxe da Asiako mentalitatea».
Hizkuntzei ere garrantzia handia eman diete han. «Hizkuntza ezberdinak hitz egiten dira Malaysian, txinatar eta indiar kulturen eragina handia baita. Hala ere, Malaysiak hizkuntza propioa badu, malay-bahasa deiturikoa». Ikastetxe gehienetan eskaintzen zaie malaysiarrei bigarren edo hirugarren hizkuntza ikasteko aukera: «Malay guztiek dakite ingelesa modu batean edo bestean».
Amonaren janaria faltan
Esperientzia polita eta aberatsa bizitzen ari da beasaindarra Malaysia urrunean, asko ikasten ari da. Malaysiatik Euskal Herrira zer ekarriko lukeen galdetuta, honela erantzun du: «Zugandik ezberdina den horrengan beldurrik ez izateko sentimendua. Interesatu, ezagutu eta errespetatu desberdina dena».
Euskal Herritik eramango lukeena ere garbi dauka: «Zalantzarik gabe, familia eta lagunak. Hauek gehiago ikustea asko gustatuko litzaidake». Eta familiarekin eta lagunekin batera, amonaren janaria. «Janari hoberik ez dago eta asko sentitzen dut faltan!»
Kultur eta etnia aniztasuna
Malaysiako aniztasunak harritu du gehien Irene Lasa beasaindarra, etnia eta kulturaren nahasketak. «Malaysiar musulmanak gehiengoa badira ere, txinatarrak eta indiarrak publikoki oso ikusgai daude, Asiako bi arraza talde handienak Malaysiako demografian ere nabari dira». Hori dela eta, «erlijio desberdinak bakean elkarbizi dira eta erlijio desberdinetako tenpluak (mezkitak, elizak, hindu tenpluak…) aurkitu daitezke edonon».
Txinatarren eta indiarren eragina nabarmena da, «bai hizkuntza dela eta baita egunerokoan ere: janari eta arropa denda ezberdinak aurkitu ditzakezu edonon, adibidez». Era horretan, «zure mentalitatea erabat aldatzen da, ikuspegi sakonago bat izatera eta kultur-erlijio guztiak errespetatzera laguntzen baitu hemen bizitzeak».