Galiziarra da jaiotzez Alfil xake elkarteko lehendakari Manuel Nuñez (Ourense, 1953), baina Beasainen bizi da 1976tik. Azken urteak beste hiru bazkiderekin batera sortu zuen galdaragintza tailer batean lan egin eta gero, jubilatuta dago gaur. Loinatz jaietan xakearekin dauden hiru hitzorduez jardun du.
Noiztik jokatzen duzu xakean?
Ez dakit xakean jokatzen. Alfilek 43 bazkide ditu orain, eta laurdenak edo jokatzen du xakean. Ni lehendakaria naiz, baina xakearen atala beste talde batek darama.
Nola funtzionatzen du Alfilek?
Elkartea 1959an sortu zen. Elkarte gastronomiko bat da, baina xakea sustatzea du helburu, ez bakarrik Beasainen, Goierri osoan baizik. Eskola kirolaren barruan klaseak ematen ditugu ikastetxetan, elkartean ere bai larunbat goizetan, eta torneoak antolatzen ditugu. Gainera, Gipuzkoa mailako ligan jokatzen duten bi talde ditugu.
Jaietan hiru hitzordu dituzue.
Bai, hilaren 11n aldi bereko partidak jokatzen dira udaletxe azpiko arkupeetan; hilaren 13an nazioarte mailako txapelketa jokatuko da Gernika pasealekuko pilotalekuan, maila handiko jokalarirekin. Eta 19an gazte mailako txapelketa dago.
Eta zuei lan egitea egokitzen zaizue egun horietan.
Bai. Aurretik baimenak eskatu eta horrelako gestioak egiten ditugu, eta ekintzak dauden egun horietan gelditu gabe ibiltzen gara, batez ere nazioarteko txapelketan, guk jartzen ditugulako mahaiak, jokalarientzako edatekoa eta jatekoa prestatu behar dugulako, elkartean egiten den bazkaria prestatu behar dugulako…
Festetan parte hartzen al duzu?
Kuadrillarekin irtetea gustatzen zait, kalean ibiltzea. Festak disfrutatzeko dira.
Zein da gehien gustatzen zaizun ekitaldia?
Mozorren eguna gustatzen zait, eta kuadrillen eguna ere bai, gainera, bazkaria egiten dugu lagunok.
Nolakoak dira zure herri galiziarreko festak?
Desberdinak dira, hemengoak parte hartzaileagoak dira, gehiago disfrutatzen du jendeak, dibertigarriagoak dira. Hemengoak gehiago gustatzen zaizkit.
Gogoratzen dituzu txikia zineneko zure herriko festak?
Bai. Gogoan dut hemengo tokaren antzeko kirol bat, baita plater tiraketa ere.
Eta hemengoak, lehenagokoak?
Dandorrada batez ere. Lehen askoz ere jende gehiago ateratzen zen, gaur elkarte batzuetan arazoak dituzte taldea osatzeko. Mozorro egunean ere kuadrilla ugari ateratzen zen mozorrotuta, ezin zen kaletik ibili. Eta gaur…
Zerbait falta zaie Loinatz jaiei?
Nire ustez ez.
Eta zer dute soberan?
Ezer ere ez. Zerbait izatekotan, zarata.