Ekainaren 10ean Gure Esku Dagok Bilbo, Donostia eta Gasteiz artean egingo duen 201,9 kilometroko giza katea antolatzen buru belarri ari da Andoni Mikelarena (Beasain, 1998). 2014an Beasaingo taldean aritu zen giza katea antolatzen eta aurten, Gure Esku Dagoren komunikazio lan taldean dabil.
Nola bizi duzu aurtengo giza katea?
Aurreko giza katean herriko taldean ibili nintzen lanean, orain zortea eduki dut, komunikazio lan taldetik bizitzeko prozesua bera. Pertsonalki oso prozesu aberatsa ari da izaten, asko ari naiz ikasten, jende asko ezagutzen. Egia esan, komunikazio ikuspegitik iruditzen zait ekainaren 10a oso ondo aterako dela. Zantzu objektiboak ditugu, ekainaren 10a oso ondo aterako delako pentsatzeko. Irudi historikoak ikusiko ditugu datozen egunetan.
Ekainaren 10eko giza kateak zer garrantzia dauka?
Oso-oso garrantzitsua da, herri hau bidegurutze baten aurrean baitago: alde batean, espainiar estatuaren egoera birzentralizatzaile eta atzerakoi bat dago; eta beste aldean, demokrazian oinarritutako ziklo berri bat. Ekainaren 10ean herritarrok argi eta garbi adieraziko dugu zein bide hobesten dugun; hau da, bidegurutze horretan bide bat edo bestea aukeratzea dagokigu.
2014an Durango eta Iruñea lotu ziren eta oraingoan Bilbo, Donostia eta Gasteiz. Zergatik?
Ahalik eta jende gehien bizi den eremuetatik pasatzea jarri genuen helburu. Erabakitzeko eskubidea gauzatuko badugu, ezinbestekoa iruditzen zaigu jende multzo handiak bizi diren eremu horietara iristea. Aurtengo giza katea, aurreko giza katea pasa ez zen lekuetatik pasatzea ere nahi genuen. Azken arrazoia da, Gasteizen bukatzea nahi genuelako. Eusko Legebiltzarrean eztabaida bat ematen ari da estatus politiko berriaren inguruan, eta guk ere, herritarrok, adierazi nahi genuen, estatus politiko berri horretan erabakitzeko eskubidea egotea nahi dugula.
2014koarekin alderatuta, zein desberdintasun du 2018koak?
Gehienbat, testuinguruan ikusten dugu ezberdintasuna. Pieza ugari daude mahaiaren gainean: Katalunian ematen ari den mugimendua, Euskol Legebiltzarreko autogobernu ponentzia, nazioartean ere ari dira mugimendu batzuk ematen, Eusko Ikaskuntzak urte honetan bertan Euskal Herriaren inguruko hausnarketa prozesu bati amaiera emango dio eta proposamen bat egingo du Euskal Herria egituratzeari begira…. Pieza horiek guztiek bat egin dezaten, ezinbestekoa da ekainaren 10ean herritarrek argi eta garbi adieraztea, gure etorkizuna guk, hemen, erabaki nahi dugula. Erabakitzeko eskubidearen aldarria hor goian mantentzen badugu, aukera handiak ikusten ditugu pieza horiek elkartu eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko baldintza objektiboak sortzeko.
Herritarren babesak zerikusia izango du pieza guztiak lotze horretan.
Dudarik gabe. Eragiteko eta laguntzeko beharrezkoa da herritarren aldarria, ordezkariek ere sentitu dezaten herriaren babes bat dagoela. Iruditzen zaigu, gure estatus politiko berria oinarritu behar dela herritarren borondatearen arabera, eta ez hemendik 400 kilometrotik datozen mehatxu eta haize atzerakoi horien arabera. Eta horretarako, gure ordezkariei lagundu ahal izateko, ezinbestekoa da ekainaren 10ean giza katea oso ondo ateratzea.
Kataluniatik zer ikasi duzue?
Kataluniako prozesutik badugu zer ikasia; bi irakaspen nagusi ateratzen ditut. Batetik, bidea luzea dela, hau ez dela egun bateko kontua. Bide horretan pausoak ematen jarraitu behar dugula etengabe, ezin garela gelditu besteek zer egingo duten zain. Bestetik, bide hori elkarrekin egingo dugu, edo ez dugu egingo. Hau da, gehiengo zabalak behar ditugu erabakitzeko eskubidea gauzatzeko.
«Ekainaren 10eko giza katea oso garrantzitsua da, bidegurutze batean baitago herri hau»
«Ahalik eta jende gehien bizi den eremuetatik pasatzea jarri genuen helburu»
«5.000 goierritar behar dira. Komenigarria da giza katean eta autobusetan ahalik eta lasterren izena ematea»
«Herri galdeketetako datuak hartzen baldin baditugu, gehien mobilizatzen den adin tartea, justu gazteena da»
Zapia izango da giza kateko elementu garrantzitsu bat, bakoitzak, erabakitzeko eskubidea zergatik eta zertarako nahi duen idazteko. Arrazoiz beteriko katea izango da.
Orain arte, erabakitzeko eskubidea hiru ideien gainean eraiki izan da: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Baina GEDk aurten dimentsio berri bat gehitu dio erabakitzeko eskubideari: zergatik eta zertarako erabaki nahi dugu herritarrok? Dimentsio hori emateaz gain, azken aste eta hilabeteetan euskal gizartean ematen ari diren mugimenduekin konektatu nahi dugu. Hau da, pentsio duinak aldarrikatzea erabat lotuta dago, pentsioak non erabakitzen diren. Gaur egun, hemendik 400 kilometrora erabakitzen dute gure helduek zein pentsio izango dituzten. Aldiz, hemen erabakiko bagenitu, segurasko, hemengo errealitatearen araberakoak izango lirateke eta pentsio hobeak izango lirateke. Eta berdin gertatzen da erabaki judizialekin, edo berdin gertatzen da beste milaka eta milaka arrazoiekin. Herritarren Ituna deiturikoa jarri dugu martxan eta Herritarron Itun hori izango litzateke, euskal herritarrok ditugun erabakitzeko arrazoi horien bilketa moduko bat, edo arrazoi multzo bat.
2019 arrazoi biltzeko erronka jarri duzue.
Bai. Giza kateak ere, 201,9 kilometro ditu eta ez da kasualitatea 2019 zenbaki horri hainbeste aldiz erreferentzia egitea. Aurrez aipatu ditudan pieza horien nolabaiteko elkarketa bat eman daiteke 2019an.
GEDren ustez 2019a urte garrantzitsua izan daiteke, beraz.
Dudarik gabe. 2019an pieza horiek bat egin dezakete, eta bat egiten badute oso urte garrantzitsua izango da, baina pieza horiek bat egin dezaten ezinbestekoa da ekainaren 10a oso ondo ateratzea, eta herritarrek bultzatzea, herritarrok argi adieraztea etorkizuna guk erabaki nahi dugula.
20 urteko gaztea zara. Gazteei horrelako dinamiketan parte hartzea kosta egiten zaiela esaten da askotan.
Hor badago mito bat: batetik, gazteak gutxi gara demografikoki, baina aldi berean, gazte asko eta asko oso konprometituak gara. Herri galdeketetako datuak hartzen baldin baditugu, gehien mobilizatzen den adin tartea, justu gazteen adin tartea da. Orduan, mito hori, datu objektiboen aurrean erori egiten da. Hala ere, egia da, ezinbestekoa iruditzen zaigula gazteek parte hartzea giza katean eta erabakitzeko eskubidearen bide horretan parte izatea, azken finean, gazteak garelako etorkizunean herri hau eraikiko dugunak, herri honen parte izango garenak. Eta orain arte, dena eginda eman digute.
Ekainaren 10ean festa handia egongo da Gasteizen, selektibitatea amaituta eta azterketak bukatuta izango baitituzte gehienek.
Diasporari begira ere bazaudete. Argentinan izan berria zara.
Nik izugarrizko sorpresa positiboa hartu nuen. Munduan zehar badaukagu altxor bat banatuta, eta ez gara konsziente daukagun altxorraz. Herri honek ere bere erabakitzeko eskubidea gauzatuko badu, ezinbestekoa da munduan zehar barreiatuta daukagun euskal komunitate hori ardatz beraren bueltan jartzea. Azken finean, horiek dira gure enbaxadak. Ekainaren 10ean, giza kate txikiak egingo dituzte; Euskal Herrian elkarri eskua emango diogun bezala, euskal komunitatea dagoen munduko beste txoko guztietan ere, elkarri eskua eman diezaioten.
Goierritarrek Araban dute giza katea osatzeko lekua.
Bai, Murgia inguruan, Zuiako eskualdean, 5.000 goierritar behar dira. Antolaketarako komenigarria da giza katean eta autobusetan ahalik eta lasterren izena ematea. Autobusa izango da garraio bide bakarra, giza kateko puntuan utzi eta jasoko gaituena. Bi autobus egongo dira: egun erdikoak giza katera joateko eta egun osokoak giza katera eta Gasteizko festara joateko.